NEGUKO TRIATLOIA

Emaitzak dena azaltzen ez duenean

Iosu Mujika asteasuarra azken postuan iritsi zen helmugara joan den Munduko Neguko Triatloi Txapelketan, baina espero baino hobeto egin zuen lasterketa. Elur faltagatik, gutxi eskiatu du negu honetan, eta nabaritu egin du txapelketan.

IOSU MUJIKA
Iosu Mujika asteasuarra, mendiko bizikletarekin Munduko Neguko Triatloi Txapelketan. WORLD TRIATHLON
inaut matauko rada
2024ko martxoaren 12a
05:10
Entzun

Maila gorenean hasi du kategoria berriko ibilbidea Iosu Mujika triatletak (Asteasu, 2004). Junior mailan aritzen zen iaz, eta 23 urtez azpikoen aurka hasi berri da, Munduko Neguko Triatloi Txapelketan parte hartuta. Txapelketa Italiako Alpeetako Pragelato herrian jokatu zen.

Azken postuan geratu bazen ere, espero baino hobe joan zen lasterketa Mujikarentzat. Neguko triatloian hiru kirol batzen dituzte: korrika, txirrindularitza eta eskia, hirurak mendian eta elurretan. Korrikalditik hasten dira, bizikletari heltzen diote ondoren, eta, gero, eskiatu egiten dute, hiru horiek bi aldiz. Bada, Mujikak uste zuen bigarren korrikaldira oso nekatuta iritsiko zela, baina «oso gustura» sentitu zen bere buruarekin: «Ez dakit zer izan zen zehazki, suplementazioa agian, baina on egin zidan», azaldu du.

Hein handi batean, berak ere bazekien azkena geratuko zela, esperientzia gutxiago duelako, baina gustura amaitu zuen: «Banekien gainerakoak oso ondo arituko zirela, eta espero nuen azkena amaitzea. Hala ere, espero baino hobeto joan zen proba, sentipen oso onak izan bainituen lasterketa guztian».

Trantsizioak, kirol batetik bestera aldatzeko uneak, entrenatu egiten dira, eta hala egin du Mujikak. Etxean entrenatzeaz gain, lasterketaren aurreko egunean zirkuituan «bueltak ematen» aritu zen, eta trantsizioak egiten entrenatu zen. Korrikalditik bizikletara pasatzekoak azkar egin zituen oro har, zapatila berak erabiltzea erabaki baitzuen. Iltze txiki batzuk dituzten zapatilekin egin zuen korrika, elurrari oina hobe eusteko, eta bizikletari kaleko ohiko pedalak jarri zizkion, ez automatikoak. Horri esker, ez zuen zapatilarik aldatu behar izan, nahiz eta indar transferentzia pixka bat galdu bizikletan.

«Banekien gainerakoak oso ondo arituko zirela, eta espero nuen azkena amaitzea. Hala ere, espero baino hobeto joan zen proba, sentipen oso onak izan bainituen lasterketa guztian».

IOSU MUJIKATriatleta

Eskiak jartzeko unea da zailena, katramilatsuagoa baita dena. Gainera, hotzarekin eta eskularruekin zaildu egiten da, eta «tentsioa» ere bazuen Mujikak, baina ondo joan zitzaiola uste du. Horrez gain, eguraldia ere alde izan zuten, eguzkia egin baitzuen, eta, zero gradu egiten bazituen ere, haizerik ez zegoenez ez zuten hotz handia pasatu.

Eskiatzeko zatiak izan ziren asteasuarrarentzat okerrenak. Izan ere, elur gutxi egin du aurtengo neguan, nahiz eta orain botatzen ari duen. Hori dela eta, sei aldiz soilik eskiatu ahal izan du Mujikak aurten txapelketaren aurretik: «Jakan [Espainia] familia dut, eta normalean hara joaten naiz eskiatzera, baina aurten lagun batzuekin elkartu naiz pare bat asteburutan, eta sei egunetan bakarrik eskiatu dut, Pirinioetan ere ez baitzegoen elurrik».

Uste du horrek baldintzatu duela hein handi batean haren emaitza, aurkari gehienek ia egunero eskiatu ahal izan dutelako. Urtero, elur kopurua behera egiten ari da, eta uste du horregatik parte hartzen duela jende gutxiagok, baita diziplinaren zailtasunengatik ere: «Zaila da, geroz eta elur gutxiago dagoelako, eta, horrez gain, materialaren aldetik zailtasunak egoten dira. Mendiko bizikletaz gain, eskiak ere behar dira, eta txapelketako lekura eraman. Neguko triatloien logistika zailagoa da atletismoko lasterketa batena baino».

Kategoria aldaketa

Lehen urtea du Mujikak junior kategoriatik kanpo. Ez du ezberdintasun handirik nabaritu, junior mailan ere 23 urtez azpikoekin eta senior mailakoekin batera aritzen zirelako. Aldaketarik handiena sailkapenean dago, esperientzia handiagoa eta entrenamendu karga handiagoa dutenen aurka lehiatzen baita: «Zirkuitua bera zen, eta batera atera ginen, baina nagusiekiko aldea handia da».

23 urtez azpiko bost gizonezko lehiatu ziren, eta, kontuan hartuta Carlos Andres Mejiak ez zuela lasterketa amaitu, azkena geratu zen. Casper Ronning norvegiarrak irabazi zuen txapelketa, eta hamalau minutura sartu zen Mujika.

«Jakan familia dut, eta normalean hara joaten naiz eskiatzera, baina aurten lagun batzuekin elkartu naiz pare bat asteburutan, eta sei egunetan bakarrik eskiatu dut, Pirinioetan ere ez baitzegoen elurrik».

IOSU MUJIKATriatleta

Senior mailakoak ere kontuan hartuta, hamahirugarren izan zen. Pello Osoro eibartarrak ere izena emanda zuen senior mailan, baina ez zuen ateratzerik izan, aurreko eguneko duatloi txapelketan lesionatu egin baitzen. Lehen korrikaldia ondo egin zuen; hamar lehiakide ziren, eta zazpigarren iritsi zen, baina eskiatzen erori egin zen, eta hurrengo egunean ezin izan zen irteera lerroan egon.

Hala ere, Mujikari espero baino hobeto joan zitzaion txapelketa, korrika eta bizikleta gainean beste batzuk baino hobeto aritu baitzen baitzen une batzuetan; eskiatzen galdu zuen denbora gehien. Orain, eskiak armairuan gordetzeko garaia du Mujikak, udako duatloiak eta triatloiak baitatoz.

Ez du helburu zehatzik jarrita, denboraldiko helburu nagusia Italiakoa baitzen. Orain atseden hartzeko eta ondo entrenatzeko garaia dela uste du, eta lasterketen datak iritsi moduan ikusiko du zeinetan parte hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.