Harri jasotzailea

Lierni Osa: «Emakumezko harri jasotzaileen maila nabarmen hobetzen ari da, baita kopurua ugaritzen ere»

Erretiroa hartzea burutik pasatu bazaio ere, Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketara aurkeztu bakarrik ez, irabazi ere egin du Osak, estreinako aldiz. Finalean izen handi batzuk falta baziren ere finalisten artean maila bikaina izan dela nabarmendu du.

Lierni Osa harri jasotzailea. GORKA RUBIO / FOKU
GORKA RUBIO / FOKU
jon eskudero
2026ko urriaren 29a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Harria sorbaldara, eta txapela burura. Kirol arloan inoiz bizi izandako egunik «zoriontsuena» izan du Lierni Osak (Zarautz, Gipuzkoa, 1995). Ez da gutxiagorako, estreinako aldiz irabazi baitu Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa. Lehia ikusgarriaren ondoren, azken proban aurrea hartu zion Ane Zestauri, eta aurreko urteetako arantza atera ahal izan zuen. Guztira 5.163 kilo jaso zituen garaileak, eta aspaldian motibazioa apur bat galduta ibili eta gero, txapela «energia iturri» izan da, haren arabera.

Txapela jantzi berritan, lortutakoa sinetsi ezinda azaldu zinen. Barneratu al duzu jada?

Kostatu zait ederki, baina bai, sinetsi dut azkenean. Espektatiba askorik gabe joan nintzen txapelketara. Postu ona lortu nahi nuen, baina banekien oso zaila zela irabaztea. Egun biribila tokatu zitzaidan, indartsu eta txinpartatsu sentitu nintzen, eta izugarri pozik nago. Dagoeneko etxean tokia egin diot txapelari.

Inoiz lortu duzun balentriarik handiena izan al da?

Bai, bai. Lehendik txapel bat baneukan, Gipuzkoako txapelketakoa. Horrez gain, apirilean marka ezarri nuen 62,5 kiloko bolarekin: 70 jasoaldi egin nituen. Egun hori ere oso berezia izan zen. Pentsa, entrenatzen hasi nintzenean soilik 53 aldiz altxatzen nuen harria. Dena den, txapela janztea berezia da, eta orain arteko garaipen bereziena hauxe dela esango nuke. Euskadiko txapelketa gerturatu ahala urtero egon izan naiz zalantzan, izena eman edo ez. Bistan da asmatu nuela erabakiarekin.

Iaz bigarren egin zenuen, Ainize Zumetaren atzetik. Arantza atera duzula esan daiteke?

Bai. Iaz ez nintzen gai izan nahi bezain ondo entrenatzeko, eta halere bigarren sailkatu nintzen. Horrek aurrera jarraitzeko animoa eman zidan. Euskadiko txapelketa gorriz markatuta izan ohi dugu egutegian, eta garaileen zerrendan agertzea ohore handia da.

Finalari erreparatuta, hiru probetan lehenengoa 75 kiloko zilindroarekin egin zenuten, eta ez zinen nahi bezain fin aritu.

Harri hori egiten zait zailena. Gipuzkoako txapelketan 63 kiloko zilindroa erabili ohi dugu, eta hamabi kilo gehiagokoarekin aritu beharra gogorra da. Jasoaldi bakoitzean asko nekatzen naiz, eta gero arrastaka ibiltzea tokatzen zait. Finaleko egunean nahiko eroso sentitu nintzen halere, eta Zestauk baino jasoaldi bat gutxiago bakarrik egin nuen. Azterketa gainditu nuela ikusi ondoren, lasaitu egin nintzen.

lierni osa
GORKA RUBIO / FOKU
Zilindroaren ondotik kubikoa etorri zen, eta azken ehunenekoan egin zenuen 22. altxaldia. Jasoaldi hori denbora barruan egin izana izan zen gakoa?

Bai, bestela Zestauk ihes egingo baitzidan. Hark ere 22 jasoaldi egin zituen kubikoarekin. Lehen, oso gaizki moldatzen nintzen harri horrekin. Hiru minutuan lau jasoaldi soilik egin nituen behin Gipuzkoako txapelketan, eta erabaki nuen hobetu beharra neukala. Horregatik, harri hori erakustaldi denetara eramaten hasi nintzen, eta nabarmen hobetu nuen teknika aldetik. Finalean ezin hobeki etorri zitzaidan gogor entrenatu izana.

Bukatzeko, bolarekin distiratsu aritu zinen. Sufrimendua gorabehera gozatzera iritsi al zinen?

Bai, bolarekin oso gustura jardun nuen. Proba batetik bestera soilik hamabost minutuko tartea izan genuen atseden hartzeko, eta niri mesede egin zidan, azkar errekuperatu bainintzen. Bolarekin bete-betean aritzea izan zen nire arma, eta ondotik erritmoa jaisteko esaten bazidaten ere, aurrera egin nuen itsu-itsuan. Gozatuz bukatu nuen finala. Aurreko urteetan baino kilo gehiago altxatu nituela ikusita, oso gustura geratu nintzen.

«Bolarekin itsu-itsuan egin nuen aurrera. Gozatuz bukatu nuen finala. Aurreko urteetan baino kilo gehiago altxatu nituela ikusita, oso gustura geratu nintzen»

Izen handi batzuk falta izan ziren finalean. Horrek bidea erraztu zizun?

Baliteke, bai. Orain arte, gehienetan Zumeta izaten nuen aurretik, eta bera ez egoteak lagundu zidan txapela irabazteko bidean. Gainera, banekien Patricia Martin iazko garailea ere ez zegoela sasoi onean. Estefi Etxebeste eta Malen Morandeira ere falta ziren, azken hori lesio baten ondorioz. Dena den, denek esan zidaten sekulako maila egon zela finalean.

Urtez urte gero eta maila hobea dagoen irudipena duzu?

Emakumezko harri jasotzaileen maila nabarmen hobetzen ari da, baita kopurua ugaritzen ere. Urte batzuetan inork ez du izenik eman izan, eta asko lagundu du probak aldatu izanak. Horren harira, aurten lehenengo aldiz egingo da Harri Handien Txapelketa. Horri esker, harri txikietan erraztasun handiagoak jarri dituzte, lehen baino kilo gutxiagoko harriak altxatzen baititugu, eta gero eta neska gehiagok izena ematea lortu dute hala. Euskal Herri osoko emakumeak ari gara, gainera. Podiuma oso polita geratu zen finalean. Gipuzkoar batek irabazi zuen, nik neuk; Zestau nafarra geratu zen bigarren, eta Leire Olea bizkaitarrak egin zuen hirugarren.

Esan izan duzu harri jasotzeak maitemindurik zauzkala. Egia al da?

Bai, guztiz. Harri jasotzaile askok familiatik jaso dute zaletasuna, baina ez da izan nire kasua. Nik ez nekien ezer kirol honi buruz. Izetatarren eskutik sartu nintzen harriaren munduan, eta guztiz harrapatuta nauka. Indarra behar da, noski, baina batez ere teknika eta hauspoa dira garrantzitsuenak. Horrek erakartzen nau.

Euskal Herriko txapeldun izateak zertan aldatuko du zure kirol jarduna?

Ingurukoek esaten zidaten orain toki gehiagotatik deituko didatela, baina ez dakit halakorik komeni ote zaidan. Udaran zehar astean lau egunez izan ditut erakustaldiak, eta gehiago izateak kalte egingo lidakete. Oso pozik nago izaten ari naizen jardunarekin. Aspaldian motibazio faltan nenbilen, erretiratzea ere pasatu zitzaidan burutik, baina txapel honek indarra emango dit aurrera egiteko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA