Arrauna. Kontxako Bandera

Arraun Lagunak-ek lehen kolpea eman du Kontxan

'Lugañene' ontziak bederatzi segundo atera dizkio bigarren sailkatuari, Tolosaldeari. Astillerok eta San Juanek osatuko dute ohorezko txanda datorren igandean.

Arraun Lagunak gaurko estropadan. JON URBE / FOKU
Arraun Lagunak gaurko estropadan. JON URBE / FOKU
2026ko irailaren 6a
11:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da ezustekorik izan emakumezkoen Kontxako Banderako lehen jardunaldian. Arraun Lagunak-ek irabazi du estropada, eta bandera eskuratzea bideratuta utzi. Bederatzi segundo atera dizkio bigarren sailkatuari, Tolosaldeari alegia. Bigarren txandan, Astillerok eta San Juanek lehia estua izan dute, eta, hogei ehunenen aldearekin, Batelerak ontziak eskuratu du hirugarren postua. Astillerok ere estropada bikaina osatu du, eta ohorezko txandan sartzea lortu.

Arraun Lagunak-ek hasieratik atera die aldea aurkariei. Ligan erakutsitako nagusitasuna Kontxan berretsi, eta ontzi baten aldea atera die aurkariei lanean hasi bezain pronto. Orio atzean geratu da hasiera-hasieratik, eta, beraz, ez du lortu ohorezko txandan sartzea. Xubane Uribarrena Arraun Lagunak-eko arraunlariak honela kontatu du, estropada hizpide hartuta: «Hasieratik atera nahi izan dugu aldea. Kontxako Bandera, ahal dela, lehen igandean utzi behar da erabakita».

Tolosaldeak ere estropada ona egin du, eta lehen txandako garailea izan da. Hasieran, Hibaika branka aurretik zuela ibili da: txalotzeko moduko estropada egin du Errenteriako (Gipuzkoa) ontziak. Tolosaldeak, baina, ez du erreferentzia galdu, eta itzulikoan aritu da ligan erakutsitako mailan. Lau traineruak zortzi segundoren bueltan ibili dira, eta estropada erdira arte zirraragarria izan da jarduna. Zarautzek ere lan ona egin du; Tolosaldeak zortzi segundo soilik atera dizkio, eta garaipen txiki bat eskuratu du: zazpigarren sailkatu da, Oriok baino denbora hobea eginda.

Festa nagusi

Donostiako estropada hainbat ezaugarrik egiten dute eder, eta estropada ondoren kaiko arrapalan sortzen den giroa da horietako bat. Tolosaldeako trainerua hara heldu denean, zain zituzten zaleak, txaranga eta guzti. Arraunlariek ingurukoekin ospatzeko abagunea izan dute, eta, umore onean, zaleek berotasuna helarazi diete handik irten diren traineru guztiei.

Horrenbestez, erabakita geratu dira hurrengo igandeko txandak. Lehen txandan, Hibaika, Donostiarra, Zarautz eta Orio ariko dira. Bigarrenean, berriz, Arraun Lagunak, Tolosaldea, San Juan eta Astillero.

Sailkapena:

1. Arraun Lagunak: 10.49,68

2. Tolosaldea: 9,18ra

3. San Juan: 10,54ra

4. Astillero: 10,74ra

5. Hibaika: 12,72ra

6. Donostiarra: 13,26ra

7. Zarautz: 17,08ra

8. Orio: 18,46ra

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA