Arrauna. Kontxako Bandera

Orio izan da azkarrena Kontxan, baina Donostiarra gertu du

'San Nikolas' ontzia zen faborito, eta ez du huts egin, baina Donostiarra harengandik hiru segundo eskasera helmugaratu da. Zierbenak egin du hirugarren, hamaika segundora. Estropada irekia geratu da datorren iganderako.

Orioko trainerua gaurko estropadan. JON URBE / FOKU
Orioko trainerua gaurko estropadan. JON URBE / FOKU
2026ko irailaren 6a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ligan nagusi, eta Kontxan ere bai. Oriok lortu du denborarik onena gizonezkoen Kontxako Banderako lehen jardunaldian. Hala ere, San Nikolas-en nagusitasuna uste baino txikiagoa izan da; izan ere, Donostiarrak bigarren egin du, eta hiru segundo eskasera geratu da. Zierbena izan da hirugarren. Bizkaitarren ontziak hamaika segundo gehiago behar izan ditu lanak amaitzeko, eta ohorezko txandan sartu bai, baina urrun geratu da bandera eskuratzeko lehiatik.

Orio eta Donostiarra parean izan dira une oro. Iker Zabalarenak branka aurretik zutela ibili dira, baina Torrekua ontziko arraunlarien arnasa garondoan izan dute estropada osoan. Denboraldia ez da nahi bezalakoa izan Igor Makazagaren taldearentzat, baina etxeko estropadan bikain aritu dira, eta bandera irabazteko lehian bete-betean sartu. Pare-parean egotearen ondorioz, epaileak esku hartu behar izan du; izan ere, Orio Donostiarraren kalean sartu baita tarte batez. Epaileak bandera zuria atera die oriotarrei, eta Gorka Aranberri patroiak ababorrera jo behar izan du. Aitzol Elu Orioko arraunlariak gertatutakoaren inguruan hitz egin du: «Estropadan gure jardunean kontzentratu gara. Gero jakin dugu epaileak bandera atera duela, baina garaiz erreakzionatu dugu». 

Bigarren txandan, berriz, Zierbena izan da nagusi. Hasieratik amaierara arte, estropada ona osatu du Dani Perezek prestatutako taldeak, eta aurkariak xehatu. Hasieran, lehia bizia izan du Hondarribiarekin, baina berehala ihes egin du Zierbenak. Hortik aurrera, erakustaldia egin du, eta itzuleran haizea alde zuela ibili da amaiera arte.

Hondarribiaren eta Urdaibairen ika-mika

Zierbena nagusi izan bada ere, Hondarribiak eta Urdaibaik lehia bizia izan dute bigarren txandako bigarren postua eskuratzeko. Bukaera-bukaeran, Urdaibai Hondarribiko ontziarekin gurutzatu da, eta epaileek zigorra ezarri diote Bou Bizkaia ontziari. Horren ondorioz, Hondarribia sailkatu da aurretik, eta, beraz, igandean ohorezko txandan ariko da Mikel Orbañanosek zuzendutako taldea.

Horrenbestez, erabakita geratu dira datorren iganderako txandak. Lehen txandan, Urdaibai, Getaria, Isuntza eta Ondarroa ariko dira; bigarrenean, berriz, Orio, Donostiarra, Zierbena eta Hondarribia.

Sailkapena:

1. Orio: 19.51,60

2. Donostiarra: 3,10era

3. Zierbena: 11,10era

4. Hondarribia: 23,34ra

5. Urdaibai: 24,02ra

6. Lekittarra: 43,32ra

7. Getaria: 49,38ra

8. Ondarroa: 1.02,44ra

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA