Joan den larunbata. Hernaniko Galarreta frontoia (Gipuzkoa). BERRIA Txapelketako finala. Lau erremontista gizonezko ari dira txapela irabazteko lehian. Laurak epaileek agintzen dietena betetzen ari dira. Emakumezkoak dira bi epaileak: Miriam Arrillaga (Usurbil, Gipuzkoa, 2000) eta Nora Mendizabal (Andoain, Gipuzkoa, 2000) esku huskako pilotariak. Haiek dira arduradun nagusiak kantxan. Haiek dute aginte makila. Haiek dira lehen emakumezko epaileak erremontean. Hirugarrenez ari dira elkarrekin epaile Galarretan, baina aurrenekoz final batean. Irudi indartsua da, esanahi handikoa: emakumezkoek beste plaza bat hartu dute.
«Gauza polita da bi emakume aritzea elkarrekin epaile, eta are gehiago final batean. Ez dakit inoiz aritu den emakume bat pilotari edo epaile erremontean, baina aspaldian, behintzat, ez. Ea balio duen bide bat irekitzeko, eta emakume gehiago animatzeko», esan du Mendizabalek.
«Polita» izan zen irudia, baita eguna ere. «Final bat, telebista kamerak, ohi baino ikusle gehiago... aurreko aldietan baino tentsio handiagoa sumatu genuen. Baina oso ongi atera zen. Pilotariek asko lagundu ziguten. Oso ondo hartu gaituzte, eta edozertan laguntzen gaituzte. Gustura joan ginen etxera», azaldu du Arrillagak.
Kontatu dutenez, «nahi gabe» hasi ziren biak epaile erremontean. «Nora eta biok aspaldi gabiltza epaile esku pilotako gazte mailetan. Urte hasieran esan zidaten epaile faltan zeudela erremontean, eta ea animatuko nintzen. Ideia polita iruditu zitzaidan, etxetik gertu baitut Galarreta eta ikusteko modalitate oso polita baita erremontea. Hala ere, kosta egin zitzaidan erabakia hartzea: batetik, erremontea oso mutilen mundua da; eta, bestetik, erremonteak ez du antzik esku pilotarekin; adibidez, pilotaren abiadura askoz handiagoa da. Baina aurrera egin nuen, eta, gaur egun, oso gustura nabil».
Mendizabalek, ordea, ez zuen bitan pentsatu. «Miriamek galdetu zidan ea berarekin batera aritu nahi nuen, eta baiezkoa eman nion berehala. Frontoian egotea gustatzen zait, baita erremontea ikustea ere. Hasieran, oso urduri nengoen, pilota oso azkar baitoa, eta min hartzeko arriskua baitago. Baina gero eta lasaiago nabil».
«Polita da bi emakume aritzea elkarrekin epaile, eta are gehiago final batean. Ea balio duen bide bat irekitzeko»
NORA MENDIZABAL Erremonte epailea
«Hasierako nerbioak» aipatu dituzte biek. Ez batak ez besteak ez du ahaztu erremontean epaile aritu ziren lehen aldia. «Kaka eginda nengoen. Zazpigarren koadroan nengoen, eta hara pilota abiadura bizi-bizian ez badator ere, gerturatzen zen aldiro bihotza izugarri azkartzen zitzaidan. Zorionez, dena ondo joan zen», kontatu du Arrillagak. Antzeko ibili zen Mendizabal. «Oso-oso urduri nengoen: pultsometro bat jarri izan banu, lehertzear egongo zen. Lehen aldia zen, eta adi-adi egon behar nuen, oraindik ez bainekien zehatz-mehatz zer egingo zuen pilotak pareta jo eta gero. Lehen aldi hura tentsio handikoa izan zen, baina gero eta lasaiago nabil».
Abiadura askoz handiagoa
Esku pilotan eta erremontean epaile aritzearen arteko ezberdintasunez galdetuta, erremontean pilota «izugarri azkar» doala azpimarratu dute biek. «Esku pilotan, zorte txarra izan dezakezu, eta bipareta batetik datorren pilota batek jo zaitzake. Baina, normalean, ez duzu hartzen kolpe handia. Erremontean, ordea, pilota oso azkar doa, eta dezenteko mina har dezakezu», azaldu du Mendizabalek. «Kaskoa, sarea... edozer gauza eskertzen da», bota du Arrillagak, barrez.
Berehala barneratu zuten erremontearen araudia. «Endikarekin bildu nintzen [Endika Barrenetxea Oriamendi 2010 enpresako erremontista eta ordezkaria], eta hark zenbait azalpen eman zizkidan: nondik sakatzen duten eta nola antolatzen dituzten atsedenaldiak, besteak beste», esan du Arrillagak. «Esku pilotan bezala, marrak eta txapa txarrak dira», zehaztu du Mendizabalek.
Arrillagaren ustez, epaile onak «oso adi» egon behar du, eta erabakiren bat hartzen badu, «aurrera» egin behar du. «Epaile batek seguru hartu behar du erabakia; seguru ez badago, pilotariek antzeman egiten diote, eta gauzak okertu egin daitezke». Ez dago erabat ados epailerik onena nabarmentzen ez dena dela diotenekin. «Bai eta ez. Batzuetan erabaki zailak hartu behar dira, eta epaileak nabarmendu egin behar du. Epaileak horretarako daude». Diotenez, oraindik ez dute erabaki eztabaidagarririk hartu. «Normalean, erabakiak argiak izaten dira: pilotak txapa jotzen duenean soinua entzuten da, eta pilota kontrakantxara joaten denean ez du bote egiten. Oraingoz, etxeratu naizenean ez diot bueltarik eman hartutako erabakiren bati», gaineratu du. «Oraindik ez dugu inoren purrustadarik jaso. Hobe», zehaztu du Mendizabalek. Horren harira, biek azpimarratu dute epaile dabiltzanetik sarritan jarri direla epaileen buruan pilotan jokatzen dabiltzanean. Arrillaga: «Guk badakigu nolakoa den haien lana. Pilotari izateak mesede egiten du epaile izateko, baina baita alderantziz ere».
«Lehen egunean, harrerakoari esan nion epailea nintzela, eta erantzun zidan uste zuela gizon bat izango nintzela»
MIRIAM ARRILLAGA Erremonte epailea
Galarretan «oso ondo» hartu dituztela nabarmendu dute. «Aspalditik joaten direnak apur bat harritu ziren bi emakume epaile ikusi zituztenean», azaldu du Mendizabalek. Arrillagak lehen aldian gertatu zitzaiona kontatu du. «Harrerakoari esan nion epailea nintzela, eta hark erantzun zidan uste zuela gizonezko bat izango nintzela. Bitxikeria bat da. Frontoian dabiltzan guztiak oso atseginak dira gurekin».
Arrillagaren senitartekoak Galarretara joaten dira hura ikustera. «Hori bai, lehen aldian ez etortzeko esan nion», esan du, barrez. «Gurasoak frontoira joaten dira, baina oraindik ez dira etorri ni epaile aritu naizenean», kontatu du, irribarretsu, Mendizabalek.
Horren gustura dabiltza, jarraitzeko asmoa baitute. Arrillaga: «Jada esan digute Erremontari saioan epaile ariko garela. Oso pozik gaude. Frontoian gaude ia egun osoan, baina oso gustuko tokia dugu. Oso gustura gabiltza elkarrekin».