Ampo Ordizia errugbi taldeko jokalaria

Alain Araña: «Entrenatzaile berria herri txikietako kluben grina bizia bultzatzen dabil»

Ampo Ordiziak itxuraldatuta ekingo dio ligari, igandean. Entrenatzailea aldatu du, eta jokalari garrantzitsuek taldea utzi dute. Alain Arañak argi du helburua: «Mailari eustea».

Alain Araña. IDOIA ZABALETA / FOKU
Alain Araña. IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko irailaren 25a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ampo Ordiziako kapitaina da Alain Araña (Ordizia, Gipuzkoa, 2000), eta taldeko jokalari zailduenetako bat ere bai: bederatzigarren denboraldiari ekingo dio. Igandean jokatuko dute Espainiako Ohorezko Mailako lehen partida, Madrilen, Liceo Francesen aurka, 12:30ean. «Gogotsu» dago Araña, baina «apur bat urduri» ere bai. 

Ligari ekitear, nola zaude?

Beti nago pixka bat urduri garai honetan, baina, aurten, urdurixeago nago, aldaketa asko egon baitira taldean: entrenatzailea aldatu dugu, eta jokalari berri ugari etorri dira. Ez dakit taldea nola ariko den.   

Simone Ragusi dabil entrenatzaile Suso Romeroren ordez. Zer moduz zabiltzate haren esanetara?

Gustura gabiltza. Simone Irlandan eta Italiako zenbait taldetan aritu da entrenatzaile, eta ikusi du Ordizia herri txiki bateko klub bat dela. Gogotsu hasi zen lanean, eta gogotsu dabil. Argi du taldeak nola jokatu behar duen eta zein jarrera izan behar duen. Gogor gabiltza lanean: bost aste daramatzagu lehen partida prestatzen.

Entrenatzaile berriak Ordizia «herri txiki bateko klub bat» dela ikusi duela diozu. Kapitaina izanik, zuk azaldu diozu hori?

Ez. Hona etorri aurretik bazuen Espainiako Ligaren berri, eta bazekien zer-nolako taldea den Ordizia. Ondo egokitu da, eta herri txiki bateko kluba izatearen sentipena zabaldu nahian ari da, eta herri txikietako kluben grina bizia bultzatzen ere bai. Badakigu herri txiki bateko klub bat garela, eta ez ditugula beste talde batzuek dituzten aurrekontu handiak eta jokalari multzo indartsu eta zabalak, baina Ordizia zerbait bada, familia baten itxura duen taldea da. Oso talde batu eta borrokalaria gara. Beti borrokatzen gara irabazteko.

Horri esker egin zenuten aurrera aurreko denboraldian? Kinka larrian egon zineten, azken postuan, baina, gero, final-laurdenak jokatu zenituzten.

Azken urteetan sailkapeneko beheko postuetan ibili gara, eta, mailari eutsi badiogu, taldearen batasunari eta anaitasunari esker eutsi diogu. Sufritzen zabiltzanean eta ikusten duzunean talde guztiak barruan duen guztia ematen dutela, indartu egiten zara, eta elkartu, denok elkarrekin helburua lortzeko.

Entrenatzaile berriak nola jokatu nahi du?

Entrenatzaile batzuek oso argi dute zer sistemarekin jokatu nahi duten, eta jokalari bakoitzak zehazki non aritu behar duen. Simoni, ordea, ahalik eta gehien errugbian jokatzea gustatzen zaio. Ez du nahi jokalariok roboten moduan aritzea, beti toki jakin batean eta lan bera egiten. Askatasuna ematen digu ikusten dugunaren arabera gure abileziak erabiltzeko.   

Jokalariok eskertzen duzue askeago aritzea?

Bai, baina ezin dugu ahaztu taldera eta taldekideei egokitu behar dugula.

«Entrenatzaileak ez du nahi gu roboten moduan aritzea; askatasuna ematen digu gure abileziak erabiltzeko»

Jokalari asko joan eta etorri dira. Zer moduz zabiltzate elkarri egokitzeko lan horretan?

Zenbait jokalari garrantzitsuk utzi dute taldea: Mikel Perezek, Manu Morak eta Antxon Iriondok. Urte asko zeramatzaten taldean jokatzen, eta esperientzia handia zuten. Baina etorri direnak oso gogotsu dabiltza lehen egunetik: gazteak dira, eta ingurukoak, Donostiakoak, Baztangoak eta Iruñekoak. Ikusteko dago nola egokituko diren taldera, baina guztiek sekulako jarrera dute.

Zer itxura du taldeak?

Aurreko denboraldiko taldeekin alderatuta, talde honek beste jokamolde bat izango du: aurrean jende arinagoa eta azkarragoa dugunez, biziago joka dezakegu. Ari gara entrenatzaileak nahi duena barneratzen, eta horretan asko ari gara eskertzen Manu Mora egiten ari den lana. Bigarren entrenatzaile dabil, aurreko eta atzeko jokoa zuzentzen. Aurreko denboraldian ere lan hori egin zuen; beraz, lan egiteko modu bati eutsi diogu, dena berria izan ez dadin.

Zertan izan zaitezkete indartsu?

Aurreko urteetan ondo aritu gara uztartzeetan eta mauletan, baina, aurten, jokalari arinagoak ditugunez, agian koska bat egingo dugu behera bi alor horietan. Kontrara, defentsan aurrerapausoa eman dezakegu, baloia berreskuratzeko orduan. Erasoan, berriz, joko dinamikoagoa eta bizixeagoa egin dezakegu, aurkaria ezustean harrapatzeko asmoz.      

Zer helburu duzue?

Mailari eustea. Partidak jokatu ahala ikusiko dugu non gauden. Kopa ere hor dago.

Beste helburu bat gorabeheratsu ez aritzea da?

Bai. Azken urteetan boladaka aritu gara. Bolada on bat hartu eta horri eutsi nahi diogu, gora eta behera ez ibiltzeko. 

Lehiaketa sistema aldatu dute. Hamar talde ariko zarete, iaz baino bat gutxiago, eta joan-etorriko liga jokatuko duzue. Lehen lau sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte, eta azkena mailaz jaitsiko da. Gustatzen zaizue lehiaketa sistema hori?

Bai, aurreko urteetakoa arraroa baitzen: lehenbizi, liga bat jokatzen genuen; gero, bi multzotan aritzen ginen; eta, azkenik, kanporaketak jokatzen genituen. Sistema hori aldatzea eskatu genuen, eta kasu egin digute, eta, behingoz, ohiko liga jokatuko dugu: denok denon aurka, etxean eta etxetik kanpo. Talde bat gutxiago ariko denez, dena estutuko da, goitik eta behetik.

«Defentsan, aurrerapausoa eman dezakegu, eta erasoan joko dinamikoagoa eta bizixeagoa egin»

Etxekoen babesa ez zaizue faltako.

Kanpoan jokatu eta aurkariek duten babesa ikusten dugunean ohartzen gara zein zortekoak garen horrelako zale fidelak izateagatik. Altamiran jokatzen dugun aldiro ez dute huts egiten, eta asko eta asko etortzen dira. Izugarri eskertzen dugu hori. Aurreko denboraldiaren amaieran, etxean jokatzen genuen aldiro sekulako babesa sentitu genuen. Seguru nago sasoi honetan ere haien babesa izango dugula, eta horri esker partidak aurrera aterako ditugula. Etor daitezela, baliteke aurten zerbait ezberdina ikustea.

Lehen taldea zuzentzeaz gain, harrobian lan egiteko fitxatu du klubak entrenatzaile berria. Ari da horretan?

35 jokalari gabiltza, eta horien artean 23 urtez azpiko batzuk daude. Entrenatzaileak jokatzeko aukera eman die denboraldiaurrean, baina ikusteko dago denboraldian txandakatze asko egingo dituen edo hamabost finko baten alde egingo duen.

Etxeko jokalaria zara. Badabiltza herriko gazteak errugbian?

Denbora daramat klubean gazteekin lanean, eta gero eta gutxiago dabiltza. Gizartea aldatu egin da, eta jendeak nahiago du bere kasa ibili talde batekin konpromisoa izan baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA