Joseba Fernandez. San Juan arraun taldeko entrenatzailea

«Erabaki zaila zen, baina kasu honetan bihotzak erabaki du»

Aurreko denboraldian, igoeraren atarian geratu zen Lapurdirekin; orain, etxeko taldearekin saiatuko da. Joseba Fernandez San Juanera itzuli da, garai bateko maila berreskuratzeko.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
pettan uralde
2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Lapurdik bere kirol arrakastarik handienak lortu zituen joan den udan, eta denboraldiko ustekabe bihurtu zen. Iparraldeko ontzi horrek bigarren postua lortu zuen KAE1 ligan, eta, ondorioz, maila gorenera igotzeko kanporaketa jokatu zuen. Hori dena, Joseba Fernandezen gidaritzapean (Pasai Donibane, Gipuzkoa 1974). Orain, entrenatzaile pasaitarrak etxerako bidea hartu du. Endika Zalduaren lekukoa hartuko du, eta 2012tik 2016ra maila gorenean zuzendu zuen taldera itzuli da. Metodoa argi dauka, baita helburua ere.

Argi zenuen etxera buelta egin behar zenuela?

Ez pentsa. Harreman estua daukat klubeko hainbat kiderekin, eta espero nuen Endikak [Zaldua] jarraitzea. Oso lan ona egin du, baina hura izan da beste toki bat hartu nahi zuena klub barruan, eta hutsune hori geratu zen. Ni ederki nengoen Lapurdin; bi eskaintzari uko egin nien, eta han geratzeko asmoa nuen. Baina etxeko taldeak deitu zidan, lagunak hemen ditut, nire herria da... Azkenean, trainerua ez duzu oso ondo ikusten, eta aldatzeko gai ikusten duzu zeure burua. Erabaki zaila zen, baina kasu honetan bihotzak erabaki du, eta etxera itzuli naiz.

Presioa sentitu duzu erabakia hartzeko orduan?

Ez da presio kontua izan. Egia da gogo handia ikusi dudala ni itzultzeko, baina ez dut behar hori sentitu. Ni Lapurdin nengoen, burua igoerako kanporaketetan, eta denbora utzi zidaten erabakia hartzeko.

Itzuli zara, baina taldeak badu zerikusirik zure aurreko etapakoarekin alderatuta?

Egoera aldetik ez du zerikusirik. Goi mailan ginen, onenekin borrokan ohorezko txandan. Gaur egun, Bigarren Mailan gaude, eta horri egin behar zaio aurre. Taldea oso gaztea da, baina potentziala igartzen zaio. San Juanekarraunlariak ateratzeko ahalmena dauka, eta horretan gabiltza. Endikak lan bikaina egin du azken urteetan, eta nik jasoko ditudan arraunlarien ehuneko handi bat hark gazte mailan hartutakoak izan dira. Espero dut lan horri etekina ateratzea oraingo etapan.

Orduan, baduzu aurrerapausoak emateko gaia.

Noski, eta konbentzituta nago daukagun taldearekin pauso bat emateko gaitasuna daukagula. Horretarako lanean hasi gara dagoeneko, 2024ko denboraldiari aurre egiteko.

Gainera, erakutsi duzu talde apalekin gauza asko egiteko gai zarela. Espektatibak dituzu aurtengo denboraldirako?

Ilusio handia sortu dugu herrian. Talde gaztea ikusita, beren ibilbidea ere egin dute, eta lan asko jada eginda dago. Koska bat igotzea tokatzen zaigu, eta aukerak ikusten ditut hori egiteko.

Lau urterako sinatu duzu. Agian, epe motzera baino gehiago, epe luzera nabarituko dira aldaketak?

Oso lehiakorra naiz, eta hasieratik sartuko diet izaeran dudan hori. Espero dut lehen urtetik lehiakorra izatea; gero jarriko gaitu emaitzak gure tokian. Baina sanjuandarren izaera edozein lehiaketatan azaltzea nahi dut, eta horren bitartez emaitzak iritsiko dira.

Izaera eta identitate hitzak behin baino gehiagotan erabili dituzu. Hori berreskuratzea duzu helburu?

Ez da bat-batean lortuko herri honek betidanik izan duen lehiakortasun izaera hori. Beharbada talde honi falta izan zaiona, aurreko belaunaldikoekin kontaktua izatea. Hori berreskuratzen saiatuko naiz.

Aurreko denboraldian Lapurdirekin egin zenuena adibide ona izan daiteke San Juanen egiteko?

Freskoen dugun irudia hori da, baina hemen bertan aurretik egindakoak errepikatzea dut buruan; edo, behintzat, hortik gertu ibiltzea. Bost urtez izan nintzen lehen etapa hartan, eta oso emaitza onak lortu genituen. Ez bakarrik nik zuzendutako gizonen traineruan, baizik eta klub guztiko ontziek. Horretara nahiko nuke gerturatzea gaur egungo egoera. Lapurdirekin egin duguna polita izan da, eta asko gozatu dut. Baina hemen historiak pisu handia du, eta ez da gauza bera eskatuko. Horren altueran egotea tokatuko zaigu.

Erronka horretarako prest ikusten duzu zeure burua? Arraunean egiteko gai?

Ikusi dudanarekin, ilusioz eta gogoz gainezka nago. Entrenatuko naiz, urtero egiten dudan moduan, baina nire adinarekin ezinezkoa iruditzen zait ziurtatzea arraun egingo dudan edo ez. 36 urte dira arraunean, eta higadura handia dago. Denborak esango du, baina prest ikusten dut neure burua, eta arraunlari gazteentzat eredu izaten saiatuko naiz.

Nola ikusten duzu arraunaren egoera?

Momentu kritikoan gaudela iruditzen zait. Nahiz eta Eusko Label ligako hasierako urteetan bultzada nabaritu zen, denborak aurrera egin ahala eragin hori desagertu egin da. Ez dakit ereduaren eraginez den, baina talde asko ahuldu egin dira. Batez ere, oso indartsuak ez diren taldeak. Lehen, egitura gutxiagorekin gehiago egiterik zegoen, baina gaur egun nekez lortzen da hori.

Zerbait aldatu beharrean gabiltzala iruditzen zait. Orain badakit proposamen edo ideia batzuk sortu direla harrobiak indartzeko, eta irtenbidea ez dakit hor egongo den, baina zerbait aldatu behar da. Arraunlari berrien kopuruari begiratzea besterik ez dago arazoaren berri izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.