Amaitu da udako fitxaketen merkatua, eta Erik Bretos, Realeko futbol zuzendaria, «oso pozik» dago osatu duten multzoarekin. Merkatura zer helbururekin jo duten azaldu du: «Genuenari eustea eta gazteei aukera ematea izan da helburua. Azken hori da ondoen egiten duguna, eta horretan datza klubaren eredua». Nabarmendu du fitxatu dituzten bi jokalariak —Mamadou Sarr eta Hector Fort, alegia— «talentu handiko jokalariak» direla, eta Pellegrino Matarazzo «oso gustura» dagoela dituen jokalariekin.
Bestalde, kontatu du taldeko jokalari garrantzitsuek ez dietela biderik eman eskaintzei. «Balioa eman behar diogu horri». Horri lotuta, hauxe esan du Mikel Oiartzabalen inguruan: «Mikelek hemen egon nahi du, eta hor amaitzen da dena».
Denboraldi honetako helburuak hizpide hartuta, hauxe esan du: «Europara itzuli nahi dugu. Hori da helburua. Baina horregatik ez dugu zertan klubaren eredua aldatu. Horretan datza klub honen magia».
Merkatuaren balorazioa
«Uda aurretik izan genuen bilkuran esan nizuen fitxaketak egingo genituela, baina oraingo multzoan dugun ustea oinarri hartuta, beharrik eta larritasunik gabe. Hala egin dugu. Ikusten genuen talde txapeldun bat genuela, Kopa irabazi berria. Beraz, pentsatzen hasi ginen zer egin behar genuen hobetzen eta irabazten jarraitzeko. Lan egin dugu tokia egiteko bigarren taldetik lehenengorako pausoa emateko prest zeuden jokalarientzat». Bretos «oso pozik» dago emaitzarekin. «Talentu eta gose handia dauka, eta esperientzia eta gaztetasuna uztartzen ditu. Uste dut denboraldi oso ona egin dezakegula Rinorekin».
Azkenerako, bi fitxaketa egin dituzte: Mamadou Sarr erdiko atzelaria eta Hector Fort eskuin hegalekoa. Matarazzok hiru ezaugarriko jokalarien inguruan hitz egin zuen, baina Bretosek nabarmendu du prestatzailea «oso pozik» dagoela egindako fitxaketekin eta duen jokalari multzoarekin: «Kontua ez da batek zer eskatzen duen eta besteak zer eman. Elkarrekin zintzo hitz egin, eta talde moduan egiten dugu lan». Berretsi du erdiko atzelari bat fitxatzea izan dela lehentasun nagusia merkatuan.
Aurreko bi denboraldietan bezala, bi fitxaketak merkatua ixtear zela egin dituzte. Zergatia azaldu du Bretosek: «Argi dago garaiz iristea abantaila dela. Baina gure lehentasuna nahi ditugun jokalari horiek ekartzea da».
Sarr eta Fort
Joan den denboraldian, eskarmentua zuten jokalariak fitxatu zituen Realak: Guedes, Yangel Herrera eta Soler. Oraingo honetan, guztiz kontrakoa gertatu da, Sarrek 21 urte baititu, eta Fortek 20. «Fitxaketa bat egiteko orduan, talentuari erreparatzen diogu adinari baino gehiago, eta uste dugu bi jokalariek hori erakutsiko dutela. Gainera, gazteak izan arren, bai batak eta bai besteak badute eskarmentua».
Honela argudiatu du Fort fitxatu izana: «Aramburu bete-betean dago, baina Odriozola osatzen ari da oraindik, eta Ruperezi dagokionez, joan den denboraldian jokatu ezinik egon zenez gero, pentsatu genuen lehentasuna jokatzea zela, eta horregatik itzuli da bigarren taldera. Hala, eskuin hegalerako Fort bezalako jokalari bat iruditu zitzaigun egokiena».
Sarr ekarri aurretik erdiko beste hainbat atzelariren izenak aipatu ziren. Jokin Aperribai presidenteak astelehenean esan zuen zazpi jokalariko zerrenda bat eman ziela Bretosek. Futbol zuzendariak biren inguruan hitz egin du; bata, Ladislav Krejci: «Kalitate eta maila handiko jokalaria da, baina bere klubak ez zuen saldu nahi; beraz, ez da aukeren artean egon». Nayef Aguerd, berriz, duela bi denboraldi egon zen talde txuri-urdinean, utzita. «Eskura izan genuen, Reala ondo ezagutzen du, eta esperientzia du. Jokalaria ondo dago, baina lesio luze bat izan du, eta berehalako errendimendua nahi genuen. Alde horretatik, ez genuen ziurtasunik. Beraz, azkenean erabaki genuen ez ekartzea».
Mikel Rodriguez, Karrikaburu, Pacheco eta Zakharian
Mikel Rodriguez da udan taldea utzi duten jokalarietako bat. Alavesera joan da. «Mikelen kasua oso berezia da. Azken bi aldietan kostatu egin zaigu haren kontratua berritzea. Realaren oso zalea da, baina, aldi berean, presa zuen Lehen Mailan jokatzeko. Gure asmoa lehen taldean egotea zen, baina udan Alavesen aukera iritsi zitzaion, eta onartzea erabaki zuen. Aukera bat dugu hura berreskuratzeko. Egindakoa alde guztientzat izan da ona».
Karrikaburu ere Burgosera joan da. «Ez dugu lortu hark lehen taldean tokia egitea. Elkarri aukera eman diogu, batez ere Racingetik bueltatu zenetik. Baina ez da posible izan. Gaztea da, eta ziur nago gol asko sartuko dituela beste toki batean. Orain, Karrerak eta Mariezkurrenak izango dute aukera, besteak beste».
Pacheco ere joatear egon da: «Jonek badaki guk hemen geratzea nahi dugula. Azken egunetan eskaintzak izan ditu, eta pentsatzen aritu da. Aukeratzeko modua eman diogu, eta geratzea erabaki du. Pozik nago. Utzita egon da, eta, orain ,Realean tokia egiteko lanean aritzea dagokio, eta, aukera iristen zaionean, hura baliatzea».
Zakharian joan ez den arren, hari buruz ere galdetu diote. «Harekin hitz egin nuen. Lehen denboraldian ondo aritu zen, gero arazoak izan zituen lesioekin, baina aurreko denboraldian ez zen espero bezala aritu. Badu garaia bere maila ematen hasteko. Ondo ari da entrenatzen, denboraldiaurre ona egin du, eta lanean jarraitu behar du, aukera iristen zaionerako prest egoteko».
Aihen Muñoz eta Remiro
Denboraldi amaieran bukatuko zaie kontratua Alex Remirori eta Aihen Muñozi. Atezainaren inguruan asko hitz egin da udan. Baina Bretosek nabarmendu du ez dutela buruan izan hura taldetik joatea. «Bi atezainak sekulakoak ditugu, eta oso pozik gaude. Jarraitzea nahi dugu, eta harekin hitz egiteko asmoa dugu. Eskarmentu handia du, eta taldearen bizkarrezurra osatzen duten jokalarietako bat da».
Aihen Muñoz oso jokalari «berezia» dela adierazi du. «Balio handikotzat daukagu egunerokoan ematen diguna. Inork baino hobeto transmititzen du Reala zer den. Ez gara haren etorkizunaren inguruan pentsatzen hasi, baina oso harreman gertukoa dugu harekin».
Jokalariei iritsitako eskaintzak
Eskaintza zehatzik ez omen da izan. Baina Bretosek azaldu du hainbat klubek adierazi dutela interesa Realeko jokalari garrantzitsuren bat eskuratzeko: «Oso pozik gaude horiei eutsi ahal izan diegulako; balioa eman behar diogu horri. Ez dugu eskaintzak izateko aukerarik eman». Aperribaik adierazi zuen berari zuzenean deitu ziotela jokalari bati buruz galdezka. Ez zuen zehaztu norengatik galdetu zioten. Oiartzabalengatik? «Mikelek hemen egon nahi du; beraz, hor amaitzen da dena».
Arturo Ruiz joan, Gorka Alvarez etorri
Emakumeen taldean ere izan da berririk azken astean, Arturo Ruiz entrenatzaileak etete klausula ordaindu baitzuen Brighton taldera joateko. Bi egun baino ez ziren falta liga hasteko, eta Txapeldunen Ligaren atariko kanporaketaren erdian hartu zuen erabakia. «Ez genuen espero. Penatuta eta desengainatuta gaude, asko eman baitzigun, eta jarraitzea nahi genuen. Baina aurrera begira ari gara jada». Klub txuri-urdinak atzo jakinarazi zuen Gorka Alvarez izango dela haren ordezkoa aulkian: «Ondo ezagutzen du etxea, eta uste dugu jokalari multzo honek halako entrenatzaile bat behar duela orain».