Futbola

Erik Bretos: iazko eskarmentuarekin, eta asmatu beharrean

Realeko kirol zuzendariak lan ugari izango du aurtengo udan: Remiroren eta Braisen etorkizuna, erdiko atzelari baten eta aurrelari baten fitxaketa, utzita egon direnen geroa... Horren guztiaren inguruan erabaki behar dute Bretosek eta haren lantaldeak.

Erik Bretos Realeko kirol zuzendaria Pellegrino Matarazzoren aurkezpen egunean, urtarrilean. GORKA RUBIO/ FOKU
Erik Bretos Realeko kirol zuzendaria Pellegrino Matarazzoren aurkezpen egunean, urtarrilean. GORKA RUBIO/ FOKU
2026ko maiatzaren 28a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldi zaila bezain polita izan du Realak. Batetik, Gipuzkoako taldeak Espainiako Kopa irabazi du, baina ligan ezinean aritu da bolada batean baino gehiagotan. Ligako azken zazpi partidetan, adibidez, ez du bakar bat ere irabazi, eta azken aldiz Lehen Mailara igo zenetik —2010-2011ko denboralditik— bildutako puntu kopuru eskasenetan bigarrena du aurtengoa. 45 lortu zituzten orduan, eta 46 orain. Gainera, Levanterekin batera, aurkarien gol gehien jaso duen taldea izan da: 61. Azken sailkatuak, hau da, Oviedok baino bat gehiago. Horrek guztiak zalantzak sortu ditu, eta behin baino gehiagotan izan dituen gabeziak agerian utzi. Horiek konpontzeko garaia dute orain bulegoetan, Erik Bretos futbol zuzendaria buru dela. Roberto Olaberen aroa amaitu ostean, Bretosek iaz hartu zuen lehen aldiz taldea egituratzeko ardura. Hainbat erabakitan asmatu egin zuen: Gonçalo Guedes eta Carlos Soler, adibidez, bikain aritu dira. Bestelakoa izan da, ordea, Duje Caleta-Carren eta Wesley Gassovaren kasua. Sergio Franciscoren alde egin zuen apustua ere ez zen ondo atera. Gainera, kosta egin zitzaion hainbat jokalari saltzea edo beste taldeei uztea. Fitxaketak ere berandu iritsi ziren, bigarren denboraldiz jarraian. Iazko eskarmentuarekin, bestelako lan batzuk izango ditu Bretosek uda honetan. Ezinbestean asmatu beharko du, denboraldia, ilusioa pizteko modukoa ez ezik, bete-betea izango baita talde txuri-urdinarentzat. Izan ere, ligaz eta Espainiako Kopaz gain, Europa liga eta Espainiako Superkopa jokatuko ditu. Hortxe du erronka. 

Remiro, Brais eta Kubo

Azken denboraldietan Realaren hamaikakoan funtsezkoak izan dira Alex Remiro, Brais Mendez eta Take Kubo. Baina ikusteko dago talde txuri-urdinean jarraituko duten. Remirori datorren urtean amaituko zaio kontratua, baina aurtengo denboraldia ez da erraza izan harentzat. Ligan 61 gol sartu dizkiote Realari, eta haren jardunak zalantzak piztu ditu. Unai Marrero, gainera, ikaragarri ondo aritu da jokatu duenean. Realak dirua atera dezake Remiro salduta, eta baliteke Bartzelonak hura fitxatzeko interesa izatea. Herenegun hauxe adierazi zuen atezainak bere etorkizunaren inguruan: «Lasai noa oporretara. Bizitzan, argi hitz egin behar da, eta ezin zaizkio ateak ezeri itxi». Brais ere itzaliz joan da pixkanaka. Joan den denboraldian Saudi Arabiara joatear egon zen, baina, azkenean, fitxaketak ez zuen aurrera egin. Denboraldi honetan ez da ondo aritu. Gainera, ez dirudi Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak gustuko duenik. Partidarik garrantzitsuenetan ez da hasieratik zelairatu, eta denborak aurrera egin ahala, gero eta gutxiago jokatu du. Kubok, berriz, 2029 arteko kontratua du. Ordezkaria aldatu zuen duela urtebete, eta bazirudien haren asmoa Ingalaterrara joatea zela. Baina Realean geratu zen azkenean. Japoniako jokalaria arazo fisikoekin ibili da denboraldi honetan. Guztira 27 norgehiagoka jokatu ditu, eta soilik bi gol sartu. Beraz, Munduko Kopan nabarmendu ezean, litekeena da uda honetan hainbeste eskaintza ez izatea. 

Atzelari bat

Kontrarioek Realari 61 gol sartu izana ez da kasualitatea. Aurtengo denboraldian donostiarrak bigun aritu dira atzealdean, eta aurkariak horretaz baliatu dira. Jon Martin lehen taldean finkatu da, baina Bretos derrigortuta dago erdiko beste atzelari bat bilatzera, are gehiago kontuan hartuta taldeak egutegi bete-betea izango duela, eta balitekeela Matarazzok bost atzelarirekin jokatzearen alde egitea —hori zen Realera etorri aurretik erabiltzen zuen joko sistema—. Aritz Elustondori ez diote kontratua berritu, eta Caleta-Carrek ez du jarraituko, denboraldi honetan utzita egon ondoren. Zubeldia ere gorabeheratsu ibili da. Bretosek aukera bat baino gehiago ditu. Batetik, Jon Pacheco itzuli egingo da Alavesen utzita egon eta gero. Baina orkatilako ebakuntza egin berri diote, eta, Quique Sanchez Flores Gasteizera iritsi zenetik, ia ez du jokatu. Bestalde, Matarazzok hainbatetan sartu du deialdian Luken Beitia Reala B-ko kapitaina, eta jokatu ere egin du. Etorkizun handia du erdiko atzelari moduan, baina ziurrenik, ikusita Jon Martin zein gaztea den, eskarmentu handiagoa duen atzelari baten alde egingo du Realak. Diogo Leiterena da aipatu den lehen izena. Portugalgo erdiko atzelariak Union Berlinen jokatu du sasoi honetan. 

Eta aurrelaria?

Realak lau aurrelari zituen joan den sasoia hastean: Oskarsson, Sadiq, Karrikaburu eta Oiartzabal. Sadiq neguko merkatuan joan zen, eta Karrikaburuk ia ez du jokatu. Hala, ezustea litzateke taldea ez uztea. Oskarssonek, denboraldia txukun amaitu, eta hamar gol sartu ditu azkenerako. Baina denboraldi honetan ere denbora asko eman du min hartuta, eta, esan bezala, taldeak egutegi betea izango du datorren sasoian. Gainera, Matarazzok Oiartzabal atzerago jarri du azken partidetan. Beraz, ezusterik ezean, Realak beste aurrelari bat fitxatu beharko du, edo Gorka Karreraren alde egin. Liga amaitzeko jardunaldi bat falta den honetan, hamabost gol sartu ditu Reala B-rekin. 

Reala B-ren aukera

Lorpen galanta egin du Reala B-k Bigarren Mailan. Anoetan Mirandesen aurka berdindu ondoren, mailari eutsiko diote Realeko gazteek. Hala, baliteke horrek nolabait baldintzatzea Bretosen lantaldeak Reala B-ko hainbat jokalariren inguruan hartu beharreko erabakiak. Karrerak ez ezin, beste hainbat jokalarik ere lan bikaina egin dute: Baldak, Mikel Rodriguezek, Ochiengek, Kitak, Beitiak, Ibai Agirrek... Gehienei berritu diete kontratua; epe luzerako, gainera. Bigarren Mailan garatzen segitzeko moduan dira, baina, Lehen Mailara igoarazten badituzte, kontuan hartu beharko dute haien adina, 23 urte edo gehiago dituztenak ezingo baitira bigarren mailara itzuli lehen taldearekin jokatuz gero. 

Utzitakoen afera

Lau jokalari eduki ditu utzita Realak denboraldi honetan: Pacheco, Javi Lopez, Carlos Fernandez eta Mikel Goti. Pachecori ebakuntza egin zioten joan den astean, eta nekez iritsiko da denboraldiaurrera. Carlos Fernandezek hamasei gol sartu ditu Mirandesen, eta Matarazzori buruhausteak sortzen saiatuko da uztailean, Zubietara itzultzean. Mikel Goti Kordoban aritu da, eta, gol bat sartzeaz gain, jokatu egin du. Javi Lopezek, berriz, ez du lortu mailari eustea Oviedorekin, eta, 26 norgehiagoka jokatu baditu ere, ez du espero bezain ondo jardun. Bretosek ahaleginak egingo ditu ez dadin iazko gauza bera gertatu utzitako jokalariekin. Bestalde, kontuan izan behar da sasoi honetan hainbat jokalari suspertu egin direla Matarazzoren gidaritzapean: Turrientes, Sucic eta Odriozola, adibidez. Gainera, udan fitxatu zituztenetako bat, Yangel Herrera, min hartuta egon da sasoi ia osoa, eta hurrengo sasoian rol garrantzitsua izatea espero da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA