World Tourrean ez dabiltzan taldeentzat berezia izaten da Donostiako Klasikoa korritzea. Hori da Euskaltel Euskadiren kasua, eta taldearen parte da Txomin Juaristi (Markina-Xemein, Bizkaia, 1995). Hilabete baino gehiago geldirik egon ostean, berriro itzuliko da errepideko lehiara. Taldeak lasterketan dituen helburuez eta Euskaltelen egoeraz mintzatu da.
Iritsi da Donostiako Klasikoa. Nola zaude?
Orain hilabete Espainiako Txapelketan parte hartu nuenetik ez naiz lehiatu. Fisikoki nahiko erreta nengoen, baina uste dut ongi hartu dudala atseden; gainera, iruditzen zait ongi ari naizela entrenatzen. Baina ikusteko dago lehian zer moduz moldatzen naizen, entrenamenduak eta lasterketak oso gauza ezberdinak baitira. World Tourreko lasterketetan asko igo ohi da maila, eta, txirrindulari ugari Frantziako Tourra lehiatzetik etorriko direla kontuan izanik, beste helburu batzuk izango dituzte. Gogotsu nago errepidean lehiatzeko, eta zer hobe etxeko lasterketa batean lehiatzea baino.
Euskaltelen, nola hartzen dituzue World Tourreko lasterketa hauek?
Gure lehenengo helburua ihesaldietan sartzea izango da, eta horietan sartzen ez denak lasterketa ahalik eta ondoen amaitzea nahi dugu. Erlaitzeko zatia aurretik pasatu nahiko genuke; hala ere, jakitun gara aurrekoekin joatea oso zaila izango dela. Horregatik, sailkapenean postu on bat lortu nahiko genuke.
Ibilbidean ba al daukazu bereziki gustuko duzun zatiren bat?
Gogokoen dudan mendatea Erlaitz da. Jaizkibelen ostean igo ohi dugu, eta txirrindulariak ordurako nekatuta iritsi ohi gara. Gustuko dudan beste mendatea, berriz, Murgil da; goraipatzekoa da zaleek zati horretan ematen diguten babesa, eta asko eskertzen dugu. Bi malda horiek dira nire gustukoenak, baina baita gogorrenak ere.
Joan den urtean Pilotegiko aldapa igo behar izan zenuten, aurten berriro Murgiletik pasatu beharko duzue. Nola hartu duzu aldaketa?
Biak ala biak zati oso gogorrak dira. Horra lasterketa oso banatuta iristen da, eta igoera laburrak baina lehertzeko errazak dira biak.
Aurten lasterketa laburragoa izango da joan den urtekoarekin alderatuta, eta gainera mendate bat gutxiago igo beharko duzue. Zuretzat eta taldearentzat, oro har, hobea dela esango zenuke?
Nik neuk nahiago dut laburragoa izatea, batez ere Frantziako Tourretik etorriko diren txirrindulariak erritmoa hartuta iritsiko direlako. Horrelako lasterketa luze bat egin ostean, nekatuta iritsiko dira, eta, horrenbestez, lasterketa luze bat haien onurarako izango litzateke, erresistentzia dute eta. Mendateei dagokienez, ikusteko dago nolako erritmoa izango den lasterketan, eta horregatik oso zaila da antzematea mendate bat gutxiago igo behar izateak mesede edo kalte egingo ote digun.
Zertaz gozatu nahiko zenuke lasterketan?
Lehenik eta behin, eguraldiak laguntzea nahiko nuke. Azken bolada honetan giro petrala dugu hemen inguruan, goizetan batez ere. Lasterketan gozatu egin nahiko nuke, eta, gozatzen badut, horrek sasoiko nagoela esan nahiko luke. Ihesaldian sartzen banaiz, ahalik eta indartsuen ibili nahiko nuke, eta horretarako aukerarik izango ez banu, nire errendimenduarekin pozik egotea gustatuko litzaidake. Norbera ongi doanean, askoz errazagoa da lasterketaz eta zaleek ematen dituzten animoez gozatzea.
Asturiasko Itzulian bigarren egin zenuen, eta Doubseko Tourrean zazpigarren. Nola ikusten duzu zure burua?
Aurrerapauso bat eman dut. Ez dakit joan den urtean Espainiako Itzulian parte hartzeagatik izango den, baina nire mailak eta konfiantzak gora egin dute. Askoz ere sendoago ikusten dut neure burua, akatsak egingo ditudala dakidan arren. Horrelako lasterketetan postu horiek lortu izanak konfiantza ematen dit.
«Nik nahiago dut taldea euskal herritarrekin osatzea, eta esango nuke euskal zaleek ere nahiago dutela»
Azken urteetan zertan hobetu duzula uste duzu?
Erlojupekoan hobetu dudala esango nuke, nahiz eta aurten emaitza batzuk ez diren oso onak izan. Lehen esan bezala, konfiantzaz ongi nago, eta horrek segurtasuna ematen dit lasterketak borrokatzeko. Gauzak lasaiago hartzen ere ikasi dut, eta badakit bolada txarrak ere igaro behar izaten direla. Kontziente naiz kirol ibilbidean aldaketa asko izan daitezkeela.
Espainiako Itzulia ate joka dago, baina Euskaltel ez da izango. Penaz?
Bai. Puntuen sistema tarteko, txirrindularitzan aldaketa ugari gertatu ohi dira. Nik hori guztia diruarekin lotuko nuke. Talde batek zenbat eta botere gehiago izan ekonomikoki, aukera gehiago izango ditu puntuak lortzeko. Gurearen moduko talde apalentzat kaltegarria da, eta, txirrindularitzak bide horretatik jarraitzen badu, Euskaltel eta antzeko taldeak desagertu egingo dira. Ez dakit hau negozio bat den hala zer den, baina tristea da.
Denboraldi honetan taldeak kanpotik egin ditu fitxaketak. Ondorioz hemengoek protagonismoa galdu dutela uste duzu?
Baietz esango nuke. Nik nahiago dut taldea euskal herritarrekin osatzea, eta esango nuke euskal zaleek ere nahiago dutela. Argi dago, helburuak lortu ahal izateko, taldeak kanpotik fitxaketak egitea erabaki duela, eta horri eutsi nahi izan dio. Bi aukera zeuden: betiko filosofiari eutsi, eta helburuak betetzea zailagoa izatea; ala kanpotik jendea ekarri, eta sailkapenean gorago ibiltzea.
Aurtengo denboraldia ez doa espero bezala. Presiorik nabari al duzue talde barruan?
Bai, nabari dugu. Guztiok daukagu presioa, eta, datorren urtean Espainiako Itzulian sartu ahal izateko, lehengo 30 postuetan sailkatu beharko dugu. Helburua horixe da, baina ikusten dugu ez gaudela nahiko genukeen postu horietan, eta hori lortu arte presioa izango dugu.