Erlojuaren aurka lehiatuko dira gaur, beste behin, Euskotren eta Euskolabel ligetako ontziak (17:20, ETB2). Baina, oraingoan bai, Euskal Herrian ariko dira, eta ohiko formatuan. Bilbon lehiatuko dira gaur traineruak, Ibaizabaleko uretan. Bihar, berriz, Zierbenan jokatuko dute estropada. Orio eta Arraun Lagunak dira faboritoak, eta haiei aurre egitea izango dute gainerakoek helburu.Â
Dena den, Peio Lopez Zierbenako arraunlariak argi esan du beren lanean jarri behar dutela arreta osoa. Asteburuko estropadak aztertu ditu: «Bilboko erlojupekoan buru-belarri jardun behar dugu, besteei erreparatu gabe». Erlojuaren aurkakoak ez du misterio berezirik, haren ustez. Zierbenakoa, berriz, eremu «bihurria» dela azaldu du: «Lehen zatia kai barruan dago, baina gero kanpoaldera jotzen da. Itsasadarretik itsaslasterrak, mareak eta beste datoz, eta kaitik kanpo nahiko zikin egoten da. Gainera, ez da batere ideia ona kaleen arteko erreferentzia bisuala hartzea. Nahiko inklinatuta daude kaleak. Beraz, zoramena izan daiteke».
Eta, noski, eremu bihurria izateak sorpresak egoteko aukera areagotzen du: «Aurreko txandetan aritutakoek behin baino gehiagotan irabazi dute bandera. 2021ean, adibidez, Ondarroak irabazi zuen».
Zierbenakoa estropada berezia izango da galipoentzat, etxean ariko baitira. Gainera, itsasoan jokatuko den denboraldiko lehen proba izango da: «Gogoz gaude, ea nola aritzen garen. Arraunlari guztientzat da berezia etxean jokatzea. Familia, lagunak... han izango dira. Gainera, denboraldi hasiera da, eta oraindik nekea ez da azaleratu. Dena emango dugu».
Hala ere, arreta ez dute emaitzetan jarri nahi: «Joan den igandean emandako mailari eustea da asmoa, bai Bilbon eta bai Zierbenan. Gure arraunkera lortu behar dugu, eta sakon eta bizi aritu. Ausart aritzen bagara, ondo ariko gara».
«Joan den igandean emandako mailari eustea da asmoa, bai Bilbon eta bai Zierbenan. Gure arraunkera lortu behar dugu»
PEIO LOPEZ Zierbenako arraunlaria
Orioren atzetik amaitu zituzten lanak Madrilen, eta bigarren amaitu; konfiantza eman zien horrek: «Indartuta bueltatu ginen etxera. Txapelketetan ez ginen nahi bezala aritu, baina estropadaz estropada hobetuz joan gara. Bizkaiko Txapelketan presaka, urduri egin genuen lan. Euskadikoan hobetu egin genuen, eta Espainiakoan ondo aritu ginen. Madrilen segida eman genion joera horri. Beraz, pozik itzuli ginen. Ez genuen estropada biribila egin, baina bai pozik egoteko modukoa».
Giro ona da gakoa
Zierbenak aldaketa asko izan ditu ontzian, eta Daniel Perez entrenatzaileak esan zuen taldeak beste aro bat hasi duela. Hala ere, ondo aritzeko ahala dutela erakutsi zuten lehen jardunaldian: «Oso ondo egin dugu lan urte osoan. Taldea gogoz dago, eta giro zoragarria dugu. Ez bakarrik giro ona, baita lanerako giroa ere. Nahiz eta txapelketetako emaitzak onak ez izan, bagenekien ondo aritu gintezkeela. Hobetzen ari gara».
Hain zuzen, taldeko giroan egin du azpimarra Lopezek: «Joan-etorri ugari izan dira taldean, baina arraunlariok oso ondo hartu dugu elkar, eta talde polita osatu dugu. Giro paregabea dugu lanerako eta egunerokorako. Gogoz joaten gara entrenatzera, eta ondo ari gara lanean. Taldeari ezin zaio gehiago eskatu. Aldaketak egon arren, harrobikoen oinarriak hor segitzen du; hainbatek urte asko daramatzagu elkarrekin, eta horrek indarra ematen dio taldeari. Gainera, etorri direnak zoragarri ari dira. Multzo indartsua eta burugogorra osatu dugu».
Banderekin itsutu gabe, ahalik ondoen aritu nahi dute: «Gure mailarik onena lortzea izan behar dugu helburu, emaitzari eta banderei begiratu gabe. Noski, banderak irabazteko ilusioa badugu, baina hori ez da helburu nagusia. Gure maila onena eman eta banderak lortzen baditugu, ongi etorria bakarrik ez, zoragarria izango da».
Kontuak kontu, martxan da asko eta asko esperoan zeuden traineru denboraldia, eta iritsi da neguan egindako lan guztia erakusteko ordua. Beste bi proba izango dituzte asteburuan: gaur, Bilbon; eta bihar, Zierbenan. Erlojua martxan jarri, eta has dadila lehia.