Ernesto Valverdek ez du Athleticen jarraituko datorren denboraldian

Talde zuri-gorriaren prestatzaileak bideo labur baten bidez jakinarazi du erabakia, eta «hausnartua eta aspaldi hartutakoa» dela nabarmendu du.

Ernesto Valverde pentsakor, partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ernesto Valverde pentsakor, partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko martxoaren 20a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itxura zuen eta baieztatu da. Ernesto Valverdek ez du datorren denboraldian Athletic zuzentzen jarraituko. Hala iragarri berri du klubaren sare sozialetan zabaldutako bideo batean. «Aspaldi hartutako erabakia da, eta ondo hausnartutakoa. Klubarekin ere hitz eginda dago, eta orain denekin partekatu nahi izan dut».

Teknikariak denboraldiaren azken txanpan jarri nahi du arreta: «Hamar partida geratzen dira liga amaitzeko, oso garrantzitsuak, igande honetan Betisen aurka jokatuko dugunetik hasita. Hamar partida horietan gure helburuak bete nahi ditugu. Asko dugu irabazteko, eta zera uste dut, denek elkarrekin lortu ditzakegula».

Maiatzaren 24an, Bernabeun, zuzenduko du azken aldiz Athletic; bai, behintzat, aldi honetan. Bihar erabakiari buruzko argibide gehiago ematea espero da, Betisen aurkako partidaren atariko prentsaurrekoan. Agerraldi hori 13:00etan izango da.

Valverde hiru alditan izan da Athleticen entrenatzaile. Lehenbizikoa 2003 eta 2005 urteen artean, bigarrena 2013 eta 2017 urteen artean, eta hirugarren 2022 eta 2026 urteen artean. Guztira hamar urte egingo ditu talde zuri-gorria entrenatzen, eta igandean, Betisen aurka, 495. partida zuzenduko du Athleticen aulkian. Urte hauetan bi titulu irabazi ditu: Espainiako Kopa (2023-2024 denboraldia) eta Espainiako Superkopa (2015-2016 denboraldia).

Lehen denboraldian, 2022-2023an, ez zuen lortu taldea Europarako sailkatzea, zortzigarren amaitu zuen sailkapenean. Hurrengoan, 2023-2024 denboraldian, ordea, bai, bosgarren amaitu baitzuen. Baina hortik harago, denboraldi hori gogoangarria izan zen talde zuri-gorriak Espainiako Kopa irabazi zuelako, eta 40 urte geroago Gabarrak Bilboko itsasadarra zeharkatu zuen garaikurra ospatzeko. 

Iragan denboraldian taldea Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortu zuen. Laugarren izan zen saikapenean.  Talde zuri-gorriak 11 urte zeramatzan Europako kluben arteko txapelketa gorenean jokatu gabe. Hortik harago, taldeak joko ikusgarria egin zuen, eta hainbat jokalarik denboraldi bikaina egin zuten: Williams anaiek, Sancetek, Unai Simonek, Vivianek... Europan ere bazuten erronka handi bat: Europa Ligarako finalerako sailkatzea, San Mamesen jokatzen baitzen. Baina urrats batera geratu ziren. Manchester Unitedek kanporatu zuen talde zuri-gorria finalerdietan.

Azken aldi honetan, Jon Uriarte presidentearen eskutik iritsi zen Athleticen aulkira. Ricardo Barkala hautagaiak ere haren alde egin zuen. Baina azkenerako hauteskundeak Uriartek irabazi zituen. Zuri-gorriek sei denboraldi zeramatzaten Europan jokatu gabe, eta joera hori aldatu eta taldeari egonkortasun bat eman asmoz fitxatu zuten.

Denboraldi zaila

Sasoi honetan Athletici gauzak ez zaizkio nahi bezala atera. Hasieratik okertu zitzaizkion. Denboraldiaurrean jakin zen Yeray Alvarezek positibo eman zuela Manchester Uniteden aurkako joaneko partidan egindako dopinaren aurkako proban. Gainera, Unai Egiluzek belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen. Lesio berdina izan zuen ondoren Beñat Pradosek. Beste hainbat jokalari ere min hartuta egon dira, eta ezin izan dituzte partida asko jokatu: Iñaki eta Nico Williams, Oihan Sancet, Berenguer Yuri... Horrek eragina izan du taldearen jokoan.  Ez du aurreko denboraldiko joko ikusgarria egin. Aurrean golak sartzea kostatu zaio, eta atzean ez du horren sendo jardun. 

Datuak dira horren erakusgarri. Ligan 28 jardunaldi jokatu dira, eta Athleticek 35 puntu ditu. Valverdek zuzendu duen talde batek jardunaldi horretan izan duen puntu kopuru eskasena da. Iazko datuak denboraldi honetakoekin alderatuz, ere agerikoa da taldearen egoera ez dela ona. Athleticek 52 puntu zituen, orain baino 17 gehiago. Laugarren zegoen sailkapenean. Orain, aipatu bezala, 35 ditu, eta hamargarren dago. Hiru puntura ditu Europarako postuak. Espainiako Kopan finalerdietan kanporatu zuen Realak; eta Txapeldunen Ligan, ezin izan zuen lehen ligaxka gainditu. 

Ikusteke dago zein den haren ordezkoa. Izan ere, ekainean klub zuri-gorrian presidente izateko hauteskundeak izango dira. Momentuz, Jon Uriartek berriz aurkeztuko dela baieztatu zuen orain hilabete batzuk. Momentuz, ez dago beste hautagairik. Baina izen dantza hasi da Valverderen ordezkoen inguruan. Andoni Iraola, Iñigo Perez eta Mauricio Pochettino aipatu dira, besteak beste. Hirurak entrenatzen ari dira. Iraola Bournemouthen, Perez Rayon eta Pochettino Ameriketako Esatu Batuetako selekzioan. Iraolari eta Perezi sasoi amaieran bukatuko zaie kontratua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!