Baikoko pilotaria

Iker Larrazabal: «Erregularragoa izateko, partida asko jokatzea da sekretu bakarra»

Bigarren urtez jokatuko du Larrazabalek Gasteizko Andre Maria Zuriaren torneoa, eta finalera iristea du helburu. Gaur, Jon Mariezkurrenarekin arituko da, Mikel Urrutikoetxea eta Jon Ander Albisuren aurka (17:45). Partida gogorra espero du.

Iker Larrazabal. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Larrazabal. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon eskudero
2025eko abuztuaren 5a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Ilusio handiz kantxaratuko da gaur Gasteizko Ogeta pilotalekura Iker Larrazabal (Amurrio, Araba, 2002). Ume-umetatik bertan sarri aritua da entrenatzen eta jokatzen, eta bigarren urtez Andre Maria Zuriaren torneoan parte hartuko du. Duela bi urte jardun zuen estreinakoz, eta finalerdietan kanporatu zen, Jon Mariezkurrena lagun. Orduko lana hobetzea du helburu gazteak. Bigarren finalerdia bihar jokatuko da, Asperen adarrari dagokiona.

Bigarren etxea duzu Gasteizko Ogeta. Ohi baino bereziagoa al da zuretzat torneo hau jokatzea?

Udarako bereziena da. Arabarra izanik, ilusio berezia egiten dit Gasteizko torneoa jokatzeak, eta aurten are ilusio handiagoa daukat. Duela bi urte, oraindik erabat egokitu gabe nengoen goi mailara, baina orain prestatuago nago. Familiako kide eta ezagun asko izango ditut harmailetan, eta lan on bat egin nahi nuke. Mariezkurrenarekin oso ongi moldatzen naiz, eta ea gai garen finalera iristeko.

Beste aldaketa bat badu partidak, Urrutikoetxeak hartu baitu Iñaki Artolaren tokia. Horrek zerbaitetan eragin al dezake?

Artola sasoi oso onean dago, baina Urrutikoetxeak ere erakutsi du oraindik gai dela edonori irabazteko. Urrutira joan gabe, sanferminetan partida bikainak jokatu zituen. Aukera polita da hau harentzat, eta ez du alferrik galdu nahiko. Esperientzia handiko bikotea osatzen dute Albisuk eta biek, eta gure helburua izango da partidari erritmoa jartzea.

Ogeta frontoia zer moduzkoa da zuretzat?

Ez oso ona, egia esan. Ordu asko igarotakoa naiz bertan, baina egia da nire ezaugarriak kontuan hartuta badaudela frontoi hobeak. Erasorako kantxa ona da, baina defentsarako oso zaila. Eta niri defentsan aritzea kostatzen zait gehien. Horregatik, oso ondo dakigu zein den bete beharreko gidoia: Mariezkurrenak agindu egin behar du, eta nik aurrean inspirazioz jokatu. Defentsan zenbat eta gutxiago aritu, hobe guretzat.

Sanfermin torneoa jokatu zenuen, Caixabank Mastersean ere ari zara, eta Gasteizko torneoan ere jarri zaitu enpresak. Ez zaude kexatzeko.

Oso pozik nago. Partida asko jokatzen ari naiz, eta abuztua ere bete-betea izango dut. Urrian bost urte beteko dira profesionaletara igaro nintzenetik, eta pixkanaka hobetzen ari naiz. Ikasketa prozesu batean murgilduta nago, baina aurten jauzi handia egin dut gora. Buruz burukoan lau onenen artean sartzea izugarria izan zen, eta horrek balio izan dit neure buruarengan konfiantza handiagoa izateko. Gaitasuna badudala sentitzen dut, eta hobetzen jarraitzeko partida asko jokatzea da sekretua. Alde horretatik, enpresa oso ondo portatzen ari da nirekin.

«Ikasketa prozesu batean murgilduta nago, baina aurten jauzi handia egin dut gora»

Zer egin behar duzu erregularragoa izateko?

Partidak jokatu eta jokatu. Ez dago beste sekreturik. Iaz, Bigarren Mailan, emaitza oso onak lortu nituen. Txapeldun izan nintzen buruz buru, eta txapeldunorde lau eta erdian eta binaka. Goi mailan jokatzea beste gauza bat da. Tantoak askoz gehiago landu behar dira, eta egia da erregularragoa izatea falta zaidala. Ez naiz beste batzuk bezain pilotari teknikoa, eta gehiago kostatzen zait bolada on bati eustea. Aimar Olaizolak esaten dit partida asko jokatu ahala gero eta erregularragoa izango naizela.

Buruz ere lehen baino indartsuagoa zara.

Goi mailako kirolean ezinbestekoa da burua ongi lantzea, eta nik ez dut laguntza faltarik. Koldo Iriarte nire aholku emaileak asko laguntzen dit, eta partidetan ere bikote aproposak jartzen dizkidate. Caixabank Mastersean Beñat Rezustarekin ari naiz, eta gozamen hutsa da harekin jokatzea. Lasai hartzen ditu egoera guztiak, eta beti dago animatzeko prest. Gazteontzat hori eskertzekoa da. Defentsako lanean presiorik gabe jardutea ahalbidetzen dit horrek.

Lehiakortasun handia duzue Baikon aurrelarien artean. Nola bizi duzu hori?

Orain min hartuta dago Unai Laso, eta horrek ateak zabaltzen dizkigu besteoi torneoak jokatzeko. Baina badakigu binakako txapelketa ofizialerako izugarrizko lehia egongo dela. Nik oraindik ez dut jokatu txapelketarik lehen mailan titular moduan, eta gustatuko litzaidake aukera izatea. Baina kantxan irabazi behar da aukera, eta badakit gauzak ongi eginez gero iritsiko dela. Gutxienez buruz buru lau onenen artean egongo naiz datorren urtean, eta hori sari handia da niretzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.