Alaveseko jokalaria

Mertxe Izal: «Erregularrak izan gara, eta horregatik lortu dugu mailaz igotzea»

Hiru denboraldiren ondotik, Alaves gorenera itzuliko da. Izalen hitzetan, taldeak denboraldi «biribila» osatu du, eta partida gehientsuenetan «ondo» atera zaie pentsatua zeukaten plana. Azken egunak «zorionez beteak» izan dira.

Mertxe Izal Alaveseko jokalaria. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mertxe Izal Alaveseko jokalaria. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Umetako ametsa bete du Mertxe Izal Alaveseko jokalariak (Cintruenigo, Nafarroa, 2002). Datorren denboraldian gorenean jokatuko du aurrenekoz talde arabarrarekin. Osasunan hiru sasoi eman ondotik, denboraldi honetan batu da Gasteizko taldera, eta ezin hobeto atera zaio apustua: liga amaitzeko bi jardunaldi falta direla, mailaz igotzea lortu dute. Asko eskertu du Alavesek ezker alboko atzelari gisa jokatzeko aukera eman izana, eta Andrea Esteban entrenatzailearen lana goraipatu du.

Zer moduz zabiltzate egun hauetan?

Nahiko hunkigarriak izan dira azken egunak. Irribarrea ez zait desagertu. Taldeak sasoi batzuk daramatza mailaz igo nahian, eta behin lortuta, asko lasaitu gara: gainetik zama bat kentzea bezala izan da. Egun guztiak zorionez beteak izan dira. Oso pozik gaude, eta egindako lan guztiarekin harro.

Joan den larunbatean aise hartu zenuten mendean Europa: 0-4. Nola joan zen eguna?

Uste dut nahiko lasai geundela denok. Bagenekien igoera berandu baino lehen iritsiko zela. Aurrez Mendizorrotzan irabaztea lortu ez bagenuen ere, Europaren aurkako egunean bagenekien lortuko genuela irabaztea. Partida hasi bezain pronto, ikusi zen taldeak irabazi nahi zuela, eta hala iritsi zen lehen gola, 18. minutuan. Partida amaitzean, zoriona erabatekoa izan zen. Egunerokoan egindako lanaz gogoratu nintzen, eta sentitu nuen egindako esfortzuak merezi izan zuela. Horrelako zerbait bizitzea sekulakoa da: zaila da hitzekin azaltzen, momentua bizi behar da.

Aurretik lor zenezaketen igoera, Cacereñoren aurka Mendizorrotzan irabazita, baina berdindu egin zenuten.

Mendizorrotzara 5.000 pertsona baino gehiago etorri ziren. Helburua zen igoera bertan lortzea, baina ez genuen asmatu. Dena den, horren ostean, gertuago genuen helburua, puntu batera, hain zuzen ere. Egun hartan bazirudien igotzeko aukera galdu genuela. Exijentzia handiko taldea gara. Tristatu eta penatu egin ginen han zegoen jendearengatik; eta baita guregatik ere, igoera etxean ospatu nahi genuen eta. 

Denboraldian apenas izan duzuen gorabeherarik. Hamasei partida irabazi dituzue, lau galdu eta beste hainbeste berdindu. Sasoi biribila izan da?

Sekulakoa izan da. Talderik erregularrenek irabazten dituzte ligak. Ez dugu punturik galdu sailkapenaren behealdean dauden aurkarien kontra. Erregularrak izan gara denboraldi osoan. Bi partida jarraian galdu genituen [Vila-Realen eta Bartzelona B-ren aurka], baina, orokorrean, oso erregularrak izan gara, eta horregatik lortu dugu igotzea oraindik bi jardunaldi falta direla.

Jokoari dagokionez, gol gutxien jaso duen taldea zarete (14), Valentziarekin batera, eta gol gehien sartu dituztenen artean bigarrena (42), Bartzelonaren atzetik.

Uste dut sendo jokatu dugula. Beharbada ikusgarriagoa izan zitekeen, baina, niretzat, nahiko ona izan da. Defentsan oso irmoak izan gara, gol gutxi sartu dizkigute, eta hori garrantzitsua da. Gainera, aurrean eraginkorrak izan gara. Uste dut sendo aritu garela, ligak eskatzen zuen moduan. Neurketa bakoitza mundu bat da, eta lehia bakoitzak zer eskatzen zuen, horixe egin dugu. Partida gehientsuenetan, pentsatuta geneukan plana ondo atera zaigu. Hori izan da igoera lortzeko gakoetako bat.

«Defentsan oso irmoak izan gara, gol gutxi sartu dizkigute, eta hori garrantzitsua da. Gainera, aurrean eraginkorrak izan gara»

Denboraldi honetarako lau jokalari etorri zarete Osasunatik. Ainhoa Guallar nafarra, Carmen Sobron, Celia Ochoa eta zu. Gainera, Guallar eta Sobron aurrelariek denboraldi paregabea osatu dute, sei eta zazpi gol sartuta hurrenez hurren. Nafar asko zaudete gorenean, Osasunatik pasatutako jokalariak ere bai. 

Niri pena ematen dit. Osasunan izan naizen hiru denboraldietan oso gustura egon naiz, bizitza osorako lagunak egin ditut, eta asko kostatu zitzaidan kluba uzteko erabakia hartzea. Pena ematen dit, uste baitut lehen mailan egongo balitz... Nafarroako erreferentziazko taldea da bestela ere, baina estatus handiagoa edukiko luke. Asko poztuko ninduke lehen mailako taldea izateak.

Kanporaketetan sartzeko lehian dago. Nola ikusten duzu?

Kanporaketetan indarrak asko berdintzen dira. Joko aldetik bolada onean egoteaz gain, buruz ere ondo egon behar duzu. Denboraldi honetan ezin izan naiz askotan joan Taxoarera Osasuna ikustera, nik ere partidak nituelako, baina jokalariek maila badute kanporaketa irabazteko. Nahi nuke igotzea.

Alor pertsonalean, Osasunako azken denboraldian ez bezala, jokatzeko aukera izan duzu Alavesen. Pozik zaude egin duzun lanarekin?

Azkenean, gauza batengatik edo bestearengatik, Osasunan ez nuen nahi bezainbeste jokatzeko aukerarik izan, eta horregatik ere etorri nintzen Alavesera. Oso eroso nago taldeak jokatzeko duen moduarekin, eta Andreak [Esteban, entrenatzailea] eman didan konfiantzarekin. Asko hobetu dut fisikoki, eta baita jokoari dagokionez ere. Dena den, Osasunan ere gauza asko ikasi nituen. Nahi bezainbeste jokatzen ez duzunean, gauza asko ikasten dira. 

Zer eman dio taldeari Andrea Esteban entrenatzaileak?

Denboraldi honetan ezagutu dut, eta esan dezaket inoiz izan dudan entrenatzailerik onena dela. Lehen mailako entrenatzaile bat da. Asko daki, eta asko irakatsi digu, batez ere joko aldetik eta mentalki. Hitz egiten duen bakoitzean oilo ipurdia jartzen zait, mezuak behar bezala bideratzeko dohaina du, motibatzekoa ere bai. Gainera, oso exijentea da, eta ez dizu uzten erritmoa jaisten sekula.

Uste duzu liga ereduak lehia baldintzatzen duela? Hamalau talde baino ez zaudete, eta, adibidez, jaitsiera postuetan dagoen talde batek, Cacereñok, oraindik ere aukerak ditu kanporaketak jokatzeko, tartean harrobiko talde asko baitaude, besteak beste Bartzelona B.

Ez da saritzen denboraldi on bat egitea. Mailaz ez jaisteko borrokan aritu diren taldeek orain kanporaketetan sartzeko aukera izatea... neurri batean erokeria bat da. Zerbait egin beharra dago: erregulartasuna saritu behar da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA