Piraguismoa

Erreleboa hartu dute Leire Goñik eta Oier Diazek

Gazteak dira biak ala biak: 21 urte ditu Goñik, eta 18 Diazek. Biek aurrenekoz parte hartu dute maila nagusiko Munduko Eslalom Txapelketan. «Pozik» daude lortu dituzten emaitzekin.

Leire Goñi eta Oier Diaz. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Leire Goñi eta Oier Diaz eslalom piraguistak, Kontxako hondartzan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
Donostia
2025eko urriaren 11
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal piraguismoak badu erreleboa. Maialen Chourraut eta Ander Elosegiren atzetik, Pau Etxaniz eta Miren Lazkano agertu dira besteak beste, eta orain, badator beste belaunaldi bat, olatuen artean lekua egiten ari dena: Leire Goñi (Donostia, 2004) eta Oier Diaz (Irun, Gipuzkoa, 2007) dira. 21 urte ditu Goñik, eta 18 Diazek, eta biek aurrenekoz parte hartu dute maila gorenean Munduko Eslalom Txapelketan. Penrithen (Australia) lehiatu ziren joan den irailaren 29tik urriaren 4ra bitarte.

Australiatik «oso pozik» itzuli dira Euskal Herrira, batez ere Diaz, C1 mailan finalerako sailkatzea lortu baitzuen. «Oso ondo joan da txapelketa. Espero nuen baino hobeto aritu naiz. Banekien ondo aritzen banintzen finalera sartzeko aukera handia izango nuela. Baina, halere, maila nagusian lehenengo munduko txapelketa denez, ez genuen askorik espero», adierazi du irundarrak, irribarretsu. Irungo Santiagotarrak Kirol Elkarteko piraguistak 18 urterekin lortu duena ez da batere erraza. Baietz egin du buruarekin Goñik. Irundarrari galdetuta ea lortutako balentriari balioa eman ote dion, esan du nolabait «normalizatu» egin duela, denboraldia «oso ondo» joan zaiolako: «Balioa ematen diot, baina, hala ere, finalera sartzeko itxaropena banuen».

Goñi, berriz, K1 mailan lehiatu zen, eta ez zen finalerako sailkatu. Finaletik kanpo geratu zela jakitean, Donostiako Atletico klubeko piraguista ez zen «oso pozik» geratu; baina, orain, etxean dagoela, beste ikuspuntu batetik begiratuta, «pozik» dago: «Finalerdietara iritsi nintzen, baina hutsegite batzuk izan nituen, eta 21. geratu nintzen. Beharbada, txapelketa ez da joan nahiko nukeen moduan, baina nahiko pozik itzuli naiz». Bakarka ez ezik, K1 mailako taldekakoan ere lehiatu zen donostiarra, Chourrautekin eta Laia Sorribesekin batera. Gutxigatik izan bazen ere, podiumetik kanpo geratu ziren. «Taldeka laugarren egin genuen. Ate bat ukitu genuelako ez genuen dominarik lortu».

Emaitzez harago, herrialdeaz asko gozatu dutela nabarmendu dute bai Diazek, bai Goñik. Irundarrarentzat «amets bat betetzea» izan da. Haren hitzetan, Australia «paradisua» da. Aldi berean, donostiarrak adierazi du kanala «ikusgarria» zela, eta «denetarik» zuela: «Hemendik mendira zoazenean ez dituzu kanguruak ikusten. Australian, ordea, hotelera joan, leihotik begiratu, eta kanguru bat ikusten zenuen». Barre artean, Diazek gehitu du gauean badaezpada piraguak estaltzen zituztela, animalia asko zeudelako han-hemenka.

«8-9 urterekin bidaia oso politak egiten dituzu klubarekin. Beste kirol batzuetan ez duzu aukerarik hori egiteko»

OIER DIAZ Ur bizietako piraguista

Australian jokatu berri duten munduko txapelketaz gain, denboraldian bi lehiaketa garrantzitsu izan ohi dituzte: haien mailako munduko txapelketa eta Europakoa. Joan den uztailean jokatu zuen Santiagotarrak taldeko piraguistak junior mailako Munduko Txapelketa. Lau domina kolkoratu zituen: urrea lortu zuen C1 mailako banakakoan, zilarra C1eko taldekakoan eta kayak-krosean, eta brontzea K1eko taldekakoan.

Australian jokatu zuen txapelketarekin alderatuta, Diazek adierazi du Foixen (Okzitania) jokatu zuena «ezberdina» izan zela, junior mailako munduko txapelketan, C1ean, irabaztea baitzen helburua: «Xedea irabaztea zen arren, lehiatu egin behar duzu, eta ondo egin behar duzu jaitsiera. Australian finalera iristea ezusteko samarra izan da, lehenengo urtea baitut. Baina junior mailan orain dela hiru urte esan genuen helburua urrea irabaztea zela, eta halaxe egin dugu».

Diaz bezala, Goñi ere lehiatu zen munduko txapelketan, baina donostiarraren kasuan, 23 urtez azpiko mailan. Txapelketa «gaizki» amaitu zuela adierazi du Donostiako Atletico klubeko piraguistak. «Espero nuen baino askoz okerrago amaitu nuen. Ondoren, Europako Txapelketa izan genuen. Mundukoan gertatutakoa eta gero, amorruz lehiatu nintzen, eta hobeto egin nuen». Kayak-krosean hasieran bigarren sailkatu bazen ere, hutsegite asko adierazi zizkiotenez, ezin izan zen hurrengo fasean lehiatu.

Zaletasuna, anaiengatik

Diazi zein Goñiri, biei anaiek helarazi zieten piraguismoarekiko zaletasuna. Nola Diazek, hala Goñik kontatu dute beren anaiak hasi zirela piraguan, eta handik bizpahiru urtera haiek kateatu zituztela. «Oso lehiakorra naiz. Hasi nintzenean, balioa ematen nion lagunekin egoteari. Gogoan dut Eslovakiara joan nintzela lehiatzera. Lagunak egiten dituzu, lehiatzen hasten zara… Horrek asko erakarri ninduen», azaldu du donostiarrak. Bide beretik, irundarrak nabarmendu du bidaiatzeak erakarri zuela gehien: «8-9 urterekin bidaia oso politak egiten dituzu klubarekin. Beste kirol batzuetan ez duzu aukerarik hori egiteko».

«Orain, Maialen [Chourraut] ez da bakarrik nire idoloa, baizik baita nire bidelaguna ere. Asko laguntzen digu, eta edozein zalantza argitzeko prest dago»

LEIRE GOÑI Ur bizietako piraguista

Santiagotarrak eta Donostiako Atletico klubetan lehen palakadak ematen hasi zirenean, beren klubetan zituzten euskal piraguismoaren erreferente nagusietako bi: Chourraut Atleticon eta Elosegi Santiagotarrak-en. Horren inguruan galdetuta, biek adierazi dute haiekin entrenatzea «luxua» zela. «Maialen eta biok klub berekoak gara. Txikitatik ikusi dugu Olinpiar Jokoetan klubeko tabernan. Gurekin ere ateratzen zen uretara, eta gutxinaka-gutxinaka harekin lehiatzen hasi gara. Orain, Maialen ez da bakarrik nire idoloa, baizik baita nire bidelaguna ere. Asko laguntzen digu, eta edozein zalantza argitzeko prest dago», adierazi du Goñik.

Donostiarrarentzat Chourraut bezalaxe, irundarrak Elosegi izan du erreferente, baina baita Chourraut bera ere. Diazek esan du «asko gustatuko» litzaiokeela Elosegirekin taldean lehiatzea, baina piraguismoa utzi zuenez, ez da posible. «Umeak ginenean gurekin sartzen zen uretara. Piragua utzi ondoren ere, selekzioko probak egin aurretik, batzuetan nirekin entrenatu da. Gogoan dut Rioko Olinpiar Jokoetan Maialen eta Ander ikusi genituela telebistan, justu finalean aritu zirenean. Zirraragarria da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.