Erresuma Batuak Abramovitxen ondasunak bahitu ditu

Zigorrak zuzenean eragiten dio Chelsea futbol taldeari: taldeak ezingo du inolako salerosketaren onurarik jaso, baina partidak jokatzen jarraitzeko aukera du.

Roman Abramovitx Chelsea futbol taldearen jabea, artxiboko irudi batean. ANDY RAIN / EFE
Oihane Puertas ONA
2022ko martxoaren 10a
17:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Erresuma Batuak Roman Abramovitx Chelsea futbol taldearen jabea zigortu du, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin duen loturagatik. Besteak beste, ondasunak bahitu dizkiote, eta ezingo ditu partikularrekin eta enpresa britainiarrekin transakzioak egin. Ukrainako inbasioa dela eta, Erresuma Batuak berrehun pertsona eta erakunde baino gehiago zigortu ditu dagoeneko; izan ere, zera adierazi du Liz Truss Erresuma Batuko Kanpo Harremanetarako ministroak: «Putinekin dituzten harreman estuekin, haien erasoaren konplize dira».

Zigorrak zuzenean eragiten dio Londresko Chelsea taldeari: ezingo du inolako salerosketaren onurarik jaso. Hori horrela, ezingo dute kluba saldu —asmo hori iragarri zuen Abramovitxek gerra hasi eta gutxira—, sarrerarik saldu, jokalaririk saldu edo erosi, ezta jokalarien kontratuak berritu ere. Hala ere, taldeari «lizentzia berezi bat» emango diote, eta, horrela, jokatzen jarraitzeko aukera izateaz gain, klubeko langile guztiek soldata jasoko dute.

Bazkideek bakarrik izango dute partidetara joateko aukera. Taldeak, baina, telebista emanaldiengatik dirua jasoko du aurrerantzean ere, baina langileen soldatak ordaintzen jarraitzeko erabiliko dute diru hori.

Azpilikuetaren etorkizuna, ezbaian

Abramovitxi ezarritako zigorraren ondorioz, Cesar Azpilikueta Chelseako jokalari nafarraren etorkizuna kolokan gelditu da; izan ere, Bartzelonak hurrengo denboraldirako fitxatu nahi zuen. Londresko taldeak alde bakarreko berritze klausula du jokalari nafarraren kontratuan, eta, ondorioz, automatikoki berrituko litzaioke; horrela, Chelsearekin jokatzen jarraituko luke beste denboraldi batez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.