Eibarreko jokalaria

Jon Bautista: «Erritmoa falta zait, baina hemendik aurrera espero dut tokia egitea»

Denboraldiaurrean izan duen lesio bat tarteko, Bautistak arrastaka hasi du sasoia. Pixkanaka gehiago jokatzen ari da, eta taldearen erreferentzia izan nahi du aurrean. Eibarrek gaur jokatuko du Cadizen aurka.

 Jon Bautista Eibarreko jokalaria. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jon Bautista Eibarreko jokalaria. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko irailaren 13a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jon Bautistak (Errenteria, Gipuzkoa, 1995) laugarren denboraldia egingo du Eibarren. Azken bi denboraldietan hura izan da taldearen erreferentzia aurrean. Golen bitartez, merezita irabazi du postua. Lehenengo sasoian izan ezik, gainerakoetan hamar gol baino gehiago sartu ditu Errenteriako aurrelariak. Orain dela bi denboraldi hamazazpi sartu zituen, eta joan den sasoian, 11. «Aurrelari batentzat garrantzitsua da golak sartzea, taldeari laguntzeko. Beti esan izan dut Bigarren Maila oso zaila dela, taldeen artean parekotasun handia baitago. Denboraldi honetan oso ondo legoke hamar gol baino gehiago sartzea», adierazi du, ausart. 

Sasoia, baina, arrastaka hasi du, lesio bat tarteko. Errotulan min eduki du. «Hilabetez oporretan egon ondoren, inork ez du nahi izaten denboraldiaurrea galdu. Sasoiz apal nago, eta oraindik erritmoa falta zait, baina pixkanaka entrenatzen ari naiz, gero eta gehiago jokatzen, eta hobeto sentitzen naiz». 

Haren ordez, Beñat San Josek Javi Marton ipini zuen aurrean. Nafarrak ezin hobeto aprobetxatu zuen entrenatzaileak emandako aukera, bi partidatan bi gol sartu baitzituen. Azken bi neurketetan, berriz, Athleticeko jokalari ohia min hartuta egon da, eta Jon Magunazelaiak eta Jon Guruzetak jokatu dute puntan. Eibartarrak punta-erdian jokatzen du, baina Andorraren aurkako azken partidan distira egin zuen puntan arituta. Aurreko postuetan Eibarren dagoen lehiaz galdetuta, Bautistak ez du zalantzarik: taldearen onerako izango da: «Lehia oso ona da. Goian egon nahi badugu, bete-betean egon behar dugu, eta denok gure onena eman. Orain sasoiz ez nago haien pare, baina espero dut datozen partidetan nire onena ematea eta tokia egitea». Zaleen kutunetako bat da. Astelehenean izugarrizko txalo zaparrada eman zioten Andorraren aurka zelairatu zenean.

Bautistak denboraldia gorabeheratsu hasi badu ere, ez du hala egin taldeak. Eibar zazpigarren dago sailkapenean, zazpi punturekin. Lau partidetatik bi irabazi dituzte, bat berdindu eta beste bat galdu. Aurrelariak ontzat jo du orain artekoa, baina azpimarratu du «xehetasunak finduz» gero talde «sendoago bat» izango direla: «Sartu dizkiguten golak geldikako jokaldietan sartu dizkigute, eta gero Arbillaren kaleratzea izan genuen». 

«Taldea sendo aritu da etxean, eta partida guztietan horri eusten saiatu gara; kanpoan, berriz, aurrerapauso bat eman behar dugu»

Emaitzak alde batera utzita, Errenteriako aurrelariak nabarmendu du taldeak sentipen onak izan dituela, batez ere Ipuruan: «Taldea sendo aritu da etxean, eta partida guztietan horri eusten saiatu gara». Ipuruatik urrun, ordea, ez dira hain fin ibili. Ez dute partidarik irabazi etxetik kanpo. Horren inguruan, Bautistak adierazi du «aurrerapauso bat» eman behar dutela. Aukera aparta dute gaur horretarako, Cadizen zelaian (16:15). Espainiako taldea aurkari zuzena da. «Partida zaila izango da, eta maila handikoa. Gaizka Garitano egongo da Cadizen aulkian; bigarren denboraldia du han. Entrenatzaile ona da, eta talde landua du».

Bertakoei garrantzia

Bautistak eta San Josek aurrez ezagutzen zuten elkar. San Josek aurrelaria entrenatu zuen Realaren harrobian, baita Belgikako KAS Eupen taldean ere. «Harreman ona dugu. Taktikoki entrenatzaile oso ona da, eta jokalarien onena ateratzeko ahalmena du». San Josek joan den otsailean hartu zuen Eibar gidatzeko ardura, Joseba Etxeberriaren ordez. Taldera etorri zenetik jokoan zer aldatu duten galdetuta, Bautistak adierazi du «alderdi asko» lantzen dituela, eta gaur egun Eibar talde «osoagoa» dela. 

Eibar talde osoagoa da, neurri handi batean fitxatu dituen jokalariengatik. Bautistak nabarmendu du kluba denboraldi guztietan saiatu dela taldea «ondo» indartzen, eta oraingoan ere jokalari «oso onak» etorri direla: «Etorri diren asko hemengoak dira. Espero dut bukaeran nabaritzea eta goian egotea. Oso garrantzitsua da hemengo jokalariak egotea. Badakigu zer den Eibar, eta uste dut erabaki ona izan dela haiek ekartzea». Magunazelaiaz, Alkainez, Martonez, Aranbarriz, Guruzetaz eta Arbillaz ari Bautista, besteak beste.

Aurrelariak argi du zein den sasoiko helburu nagusia: «Goian egon nahi dugu. Badakigu lehen bi postu horietan amaitzea oso zaila dela, baina pentsatu behar dugu igotzeko talde bat izan behar dugula. Horretan saiatuko gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.