Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenean, 2022an, irmo jokatu zuen NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak: errusiarrak baztertzeko gomendatu zien kirol federazio guztiei, eta Olinpiar Jokoetan parte hartzeko debekua ezarri zion gero, 2023ko urrian. Hortaz, ez ziren aritu Parisko Jokoetan. Bada, orain, atzera egin du. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak zigorra kendu dio Errusiari behin-behinean, eta herrialde horrek 2028ko Olinpiar Jokoetan parte hartu ahalko du. Olinpiar Batzordeak ez du argitu Errusiako banderak eta ereserkia baimenduko ote dituen. Aurrerago emango du erabakiaren berri.
Gainera, kirol federazioei zigorrak arintzeko gomendatu die. Hala ere, batzordeak adierazi du ez duela ekitaldirik antolatuko Errusian, eta ez dituela gonbidatuko herrialde horretako agintariak.Â
Olinpiar Batzordeak azaldu duenez, gerra salatzen eta Ukraina babesten segitzen du, baina uste du gobernu batek gerra edo gatazka batean duen inplikazioak ez lituzkeela nazioartean lehiatzen diren kirolariak «mugatu behar».
NOBk duela gutxi kendu zion zigorra Bielorrusiari ere: maiatzean, hain zuen. Eta bide beretik jo du orain Errusiarekin.Â
Batzordeak Errusiari gogorarazi dio kirolariak hautatzeko orduan ez duela solik kirol arloa hartu behar aintzat, olinpiar gutunean jasota dagoenez: «Eredu diren atletak hautatu behar dira, kirolaren bidez bakea errespetatzen, babesten eta sustatzen dutenak».
Dopin kontrol zorrotzak
Gainera, nazioarteko lehiaketetan aritu behar duten atletek dopinaren aurkako programa batean egon beharko dute. Programa horrek nazioartean kontrolak egiten dituen agentziaren barruan egon behar du, eta kirolariek lehiatzeko baimena jaso aurretik dopinaren aurkako hainbat kontrol igaro beharko dituzte.Â
NOBk hala eskatuta, Dopinaren Aurkako Nazioarteko Agentziak ikusten badu Errusiak ez duela araudia betetzen 2028ko Olinpiar Jokoak baino lehen, sailkatu diren Errusiako atleta guztiek kontrol independenteak egingo dituzte, indarrean dagoen araudiari jarraituz.Â
Tokioko Olinpiar Jokoetan ere Errusiak ez zuen bere izenean parte hartu. Kirolari errusiarrak Errusiako Batzorde Olinpikoaren izenean aritu ziren, herrialde horretan dopin sistema antolatu bat zegoela argudiatuta; hala, Errusiako kirolariek banan-banan eskatu behar izan zuten parte hartzeko baimena, eta uniforme neutral bat jantzita eta Errusiako banderarik gabe parte hartu zuten.
Parisen, ezta hori ere: Errusia eta Bielorrusia ez ziren aritu, eta kirolari errusiar eta bielorrusiar batzuek besterik ez zuten parte hartu, herri ordezkaritzarik gabeko kirolari gisa. Hor egon ahal izateko, kirolari horiek, eskatutako markak egiteaz gain, beste baldintza batzuk bete behar zituzten: Ukrainako inbasioari inoiz babesik eman ez izana, esaterako.Â