Red Bull taldearekin berriki elkartu da lehen aldiz Haimar Etxeberria (Irun, Gipuzkoa, 2003). Joan den astean egin zen ofizial haren fitxaketa, eta egunotan Austrian izan da. «Bilerak izan ditut medikuarekin eta nutrizionistarekin, besteak beste. Proba pila bat egin dizkidate». Ilusio handia du Alemaniako taldean aritzeko, Peter Saganen «jarraitzaile amorratua» izan baita. Igandean Mallorcarantz abiatuko da, eta bertan ezagutuko ditu taldekide berriak. Horien artean dago Remco Evenepoel. «Gaur egun, Remco da gehien gustatzen zaidan txirrindularia; Pogacar baino are gehiago».
Red Bull taldeko txirrindularia izango zara datorren urtetik aurrera. Hitz handiak dira horiek.
Hori da. Azkenean, oso zaila da gaur egun World Tourrera iristea, eta zer esanik ez Red Bullen tamainako talde baten eskaintza jasotzea. Amets bat egia bihurtuko dut. Gainera, Red Bullek badu zerbait berezia niretzat: txikitatik Peter Saganen jarraitzaile amorratua izan naiz, eta oso ondo gogoratzen dut nola Paris-Roubaix irabazi zuen Bora taldean [gaur egungo Red Bull]. Uste dut Saganen eskutik hasi zela aldatzen ziklismoa, eredu ikusgarriago baterantz. Haren kaskoa jantzita ibiltzen nintzen umetan. Beraz, berezia izango da hark sekulako arrastoa utzi zuen taldean aritzea.
Saganek duela urte batzuk utzi zuen taldea, baina izarrik ez du falta Red Bullek: Remco Evenepoel fitxatu berri du, eta Primoz Roglic iaztik dabil bertan. Urduri izango zara aurrez aurre ikusten dituzunean?
Ez dakit urduri izango naizen, baina uste dut sentsazio arraroak izango ditudala. Orain arte etxean aritu izan naiz, eta kanpora ateratzea pauso handia ematea da. Badakit zer den izar handien ondoan egotea; Pogacar, adibidez, ezagutzen dut, manager bera baitugu [Alex Carera]. Noizbehinka elkar ikusten dugu. Ordea, ez da gauza bera tarteka Pogacarrekin elkartzea, edo Remco eta Primozen taldekide izatea. Harremana oso desberdina da. Teorian, zenbait lasterketatan Remcorekin batera arituko naiz, eta oso gogotsu nago. Igandetik aurrera egonaldia izango dugu Mallorcan, eta orduan ezagutuko ditut taldekide guztiak.
Evenepoel edo Roglic, bietako nor ezagutzeak eragiten dizu ilusio handiagoa?
Roglicen zalea izan naiz txikitatik, baina gaur egun, Remco da gehien gustatzen zaidan txirrindularia; Pogacar baino are gehiago. Hori bai, Tadej sekulako pertsona da, eta munduko ziklistarik onena dela erakutsi du.
Denboraldi aparta osatu duzu, baina, espero zenuen halako eskaintza bat jasotzerik?
Pixkanaka, nire managerra zenbait talderekin hitz egiten hasi zen. Garaipena lortu eta gero [uztailaren 27an, Gaztela eta Leongo klasikoan] oso bolada ona izan nuen, eta interesa piztu nuen hainbat talderen artean. Hor klik moduko bat sentitu nuen, eta ikusi benetan aukera izan nezakeela World Tour mailara iristeko. Red Bullen deia jasotzea sekulakoa izan zen. Eskaintza gehiago nituen, baina Red Bullena berezia zen niretzat. Hori bai, badakit bertan txirrindularien maila sekulakoa dela, eta zailagoa izango dela niretzat nabarmentzea. Dena den, hasieratik oso ondo ulertu dugu elkar, eta transmititu didatena zera da, epe luzerako ziklista bezala fitxatu nautela.
«Patxirekin [Vila] harreman handia izan dut betidanik; polita eta lasaigarria izango da hura zuzendari gisa edukitzea»
Nola gauzatu da talde aldaketa? Izan ere, oraindik kontratua zenuen Kern Pharmarekin.
Nik 2027ra arte nuen sinatua Kern Pharmarekin, beraz, ez nengoen merkatuan. Baina nire managerrak sekulako lana egin zuen nire baldintzak hobetu zitezen. Egia esan, Juanjo Orozi ere [Kern Pharma taldeko zuzendaria] asko diot eskertzeko, erraztasunak jarri baititu nire ametsa bete nezan. Izan ere, Juanjo ere txirrindulari izan da, eta ulertzen zuen nire nahia World Tourrera eta Red Bull taldera iristea zela. Gainera, berak eman zidan profesional bilakatzeko aukera. Sekulako taldea dauka, eta modu ikusgarrian zaintzen ditu txirrindulariak.
Red Bull taldean Patxi Vila kirol zuzendariarekin egingo duzu lan. Hark eragin handia izan du zure fitxaketan?
Patxi ia familiakoa da niretzat. Biok Berakoak gara [Etxeberria bertan bizi izan zen 3 urte izan zituen arte], eta harreman handia izan dugu betidanik. Era berean, konfiantza handia izan du nigan ziklismoan hasi nintzenetik, eta laguntza handia eskaini izan dit. Taldean halako norbait edukitzea oso lasaigarria da niretzat. Oso polita izango da hura zuzendari gisa edukitzea, eta ziur bera ere ilusioz egongo dela.
Gaztea eta errematatzailea zara. Ezaugarri oso estimatuak dira horiek goi-mailako taldeen artean.
Hala da. Gaur egun, taldeek gazterik onenak fitxatu nahi dituzte, etorkizuneko izarrak aurkitu nahian. Nik baldintza hori betetzen dut. Alde horretatik, uste dut profesional mailako lehen urtean garaipena lortu izana deigarria izan dela talde askorentzat. Urte bikaina osatu dut, eta, alde horretatik, nire managerrak erraztasunak izan ditu niretzat talde bat bilatzean.
Iazko abendua baino lehen ziklista afizionatua zinen oraindik. Psikologikoki, lortu duzu azken urtean gertatu zaizun guztia barneratzea?
Gauzak oso azkar gertatu dira, egia da, baina nik betiko bizimodua izan nahi dut. Oso mutil lasaia naiz: goizean bizikletan ibiltzen naiz, eta arratsaldez nire lagunekin edo neska lagunarekin igarotzen dut denbora. Jendeak asko hitz egiten du arrakasta duzunean, baina kirolariok, berez, pertsona arruntak gara. Nik, behintzat, oinak lurrean eduki nahi ditut.
«Taldeek gazterik onenak fitxatu nahi dituzte, etorkizuneko izarrak aurkitu nahian. Nik baldintza hori betetzen dut»
Bi urterako sinatu duzu. Zer helburu izango duzu hasieran?
Lehenik eta behin, errendimendua hobetzea, eta pixkanaka aurrera egitea. Talde honetan garrantzitsua da emaitza onak lortzea, baian lehen gauza behar bezala egokitzea da. Hortik aurrera, etorkizunean ziklista garrantzitsua izan nahiko nuke Red Bullentzat. Bi urterako sinatu dugu, baina, dena ondo badoa, luzaro elkarrekin ibiltzea da bi aldeen asmoa. Etorkizunean, aurrean ibili nahiko nuke Ardenetako eta harbideetako klasikoetan, eta datorren denboraldiari begira gisa horretako lasterketei neurria hartzen saiatuko naiz.
Euskal ziklismoa belaunaldi aldaketa betean dago. Etorkizunean, azken urteetako erreferenteei lekukoa hartzeko moduan izango zara?
Pauso oso handia eman dut, baina ez dut presarik izan nahi. Oso gaztea naiz oraindik, eta ez dakit nolako ziklista bilakatuko naizen. Beteranoen mailara iritsiko banintz, oso seinale ona izango litzateke, sekulako maila eman baitute urtez urte.