Baionako jokalaria

Manex Arizeta: «Eskertzekoa da klubak jokalari gazteengan duen konfiantza»

Baionarekin debuta egin berritan, Arizetak dio «lanean jarraitzea» dagokiola. Sasoi hasieran, 2026ra arte berritu zuen taldearekin.

(ID_13552299) (Guillaume Fauveau/EZEZAGUNA) Manex Arizetari portreta, Baiona, 2023ko urtarrilaren 31an
Guillaume Fauveau
Iñaki Berastegi.
2024ko otsailaren 3a
05:15
Entzun

Exeter Chiefs taldearen aurkako Europako Txapeldunen kopako partidan 14 minutu jokatuta, Manex Arizetak (Hernani, Gipuzkoa, 2004) Baiona errugbi taldearekin debuta egiteko «ametsa» bete zuen. «Duela bi aste ez nuen uste jokatu egingo nuenik ere». Hirugarren lerroko jokalari gipuzkoarra sasoia hasi aurretik joan zen Baionara bizitzera, eta Internet bidez egiten ditu orain Irakaskuntza ikasketak. Okzitaniako Tolosaren zelaian jokatuko du gaur Lapurdiko taldeak (21:05).

Amestutako debuta izan zen Baionarekin bi aste atzera egin zenuena?

Bai, izugarria izan zen. Benetako amets bat bete nuela esan daiteke. Gainera, nire herritik, Hernanitik, jende asko etorri zen partida ikustera.

Landareko lokatzetatik Europara leloa zeraman pankarta eraman zuten zure herritar eta lagunek Jean Dauger estadiora. Polita izan zen?

Bai, oso maitatua sentitu nintzen. Hainbeste lagun eta ezagun harmailetan ikusteak asko motibatu ninduen. Banekien jendea joango zela partida ikustera, baina ez nuen uste hainbeste izango zirenik.

Hernaniko errugbi taldean zutaz harro egongo dira.

Bai, bai. Nire bihotzeko kluba da Hernani. Baionako jokalaria banaiz ere, ni hernaniarra naiz, eta nire kluba Hernani da. Ahal dudan guztietan joaten naiz partidak ikustera, anaiak ere talde horretan jokatzen duelako. Hernani da jokalari egin nauen taldea eta kluba.

Nolakoak izan ziren partida aurreko eta osteko egunak?

Neurketa igandean jokatu zen, eta nik asteartean jakin nuen deialdian sartuko nintzela eta minutu batzuk jokatzeko aukera izango nuela. Egia esan, urduri igaro nuen aste osoa. Denbora asko daramat lehen taldearekin entrenatzen, baina entrenatzea eta Europako partida bat jokatzea gauza oso desberdinak dira. Partida egunean ere urduri nengoen, tentsio handia nabaritzen nuen, baina behin berdegunera sartutakoan askatu egin nintzela uste dut. Hamalau minutu izan ziren, baina ondo moldatu nintzela iruditzen zait: baloi pare bat berreskuratu nituen.

Top14 ligan debuta egitea falta zaizu orain. Gertu ikusten duzu aukera hori?

Batek daki. Duela bi aste ez nuen uste debuta egingo nuenik, eta begira orain. Entrenatzaileak esan dit lanean jarraitu behar dudala, multzoaren parte naizela, eta niri lanean jarraitzea dagokit. Pixkanaka noa.

Sasoi honetan hasi zara lehen taldearekin entrenatzen. Aldaketa handia nabaritu duzu?

Bai. Sasoi honetan aste osoa egiten dut Baionan, irakasle izateko ikasketak Internet bidez egiten hasi bainaiz. Aurreko denboraldian, hiru egun egiten nituen Baionan, eta astearen beste erdia Donostian pasatzen nuen. Beraz, lan gehiago egiten ari naiz, eta taldearekin gehiago entrenatzen naiz. Gregoryk [Gregory Patat, Baionako entrenatzaile nagusia] esan zidan nire momentua izango nuela, eta, beraz, lasai egoteko. Debuteko partidaren atarian niregan konfiantza zuela esan zidan, eta entrenamenduetan bezala jokatzeko eskatu zidan, sistemari jarraitzeko, alegia. Sasoi honetan lan gehiago egiten ari naiz, eta garapen bat nabari dut. Motibazio puntu bat lortu dut.

Badirudi entrenatzaileak konfiantza handia duela gazteengan.

Bai, hala da. Merezi badute, gazte guztiei ematen die aukera, eta halako klub batean oso zaila da hori. Eskertzekoa da.

Top14 ligako sailkapeneko hamargarren postuan dago Baiona, eta azken-aurreko sailkatua zazpi puntura dago. Nola ari da taldea?

Taldea ez dago gaizki, baina kanpoan emaitza hobeak lortzea falta zaigu. Etxetik kanpo oraindik ez dugu garaipenik lortu, puntu gehigarri batzuk baino ez. Aurreko sasoian etxetik kanpo emaitza hobeak lortu zituen taldeak, eta hori falta zaigu gorago egoteko. Aurreko sasoian bezala, etxean ez dugu partidarik galdu, baina etxetik kanpo puntu gehiago lortzeko premia dugu.

Oyonnax azken-aurreko sailkatua menderatu zenuten joan den astean. Garaipen garrantzitsua izan zen?

Bai, oso garrantzitsua, aurkari zuzen bat delako. Antzera ari garen bi talde gara, eta funtsezkoa zen haien aurkako neurketa irabaztea.

Okzitaniako Tolosaren aurka jokatuko duzue gaur. Etxetik kanpo lehen garaipena lortzeko aukera ikusten duzu?

Sei Nazioen Torneoa dela eta, uste dut Tolosak hainbat jokalariren hutsunea izango duela, eta guk, aldiz, talde guztia daukagu jokatzeko. Beraz, irabazteko aukera gehiago izango dugula pentsatzen dut.

«Taldea ez dago gaizki, baina kanpoan emaitza hobeak lortzea falta zaigu. Etxetik kanpo oraindik ez dugu garaipenik lortu, puntu gehigarri batzuk baino ez. Etxean ez dugu galdu, baina etxetik kanpo puntu gehiago lortzeko premia dugu». 

MANEX ARIZETABaionako jokalaria
Martxoko azken asteburuan Toulonen kontra jokatuko duzue, Anoetan. Partida hori jokatzeak zer esan nahiko luke zuretzat?

Debuta egin aurretik taldekideei esaten nien nire ametsa Anoetan jokatuko den partida horretan debuta egitea izango zela, Realeko bazkidea ere banaiz eta. Izugarria izango litzateke.

Europako hurrengo partida apirilean da, Eskozian. Jokatzeko aukera gehiago izan dezakezu orduan?

Ez dakit. Lehendabizi entrenatzaileak erabaki behar du zer egin nahi duen, zer garrantzi emango dion Europako txapelketari, Top14rekin alderatura. Lehen taldearekin entrenatzen ari naiz, eta aukera izan dezaket, bai.

Ikasketak eta errugbia uztartzeko aukera ematen duen formakuntza kontratu batekin ari zara?

Bai. Aurten bukatzen zitzaidan kontratua, baina 2026ra arte berritu genuen. Debuta egin aurretik sinatu nuen akordioa, lehen taldearekin entrenatzen hasi nintzenean eskaini baitzidaten berritzeko aukera. Oso pozik nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.