Ingalaterra-Espainia. Horixe izango da Eurokopako finala. Txapelketa hasi aurretik, garaikurra irabazteko bi faboritoak ziren, eta aurreikuspenak bete egin dira. Bi selekzio horietako bat izango txapelduna, eta igandean erabakiko da zein. Munduko Kopako finalean ere haiek izan ziren aurrez aurre. Ingalaterraren antzera, Espainiak luzapenean lortu du finalerako sailkatzea. Lehen zatiko azken hogei minutuetan izan ezik, Alemaniak ondo eutsi dio. Lan aparta egin du hala presioan nola defentsan, eta eskura izan du saria. Baina, kanporaketa penaltietan ebatziko zela zirudienean, Aitana Bonmati agertu da. Neurketako 113. minutuan izan da. Bartzelonako jokalariak pase sakon on bat hartu du, eta, atzeraka pasea eman beharrean, jaurti egin du. Ezustean harrapatu du Berger atezaina, eta gola sartu. Horri esker, Espainiak lehen aldiz irabazi dio Alemaniari, eta finalerako sailkatu da. Euskal Herriko bi jokalari izango dira finalean: Irene Paredes eta Maite Zubieta.
Bi taldeak zuhurtzia handiarekin zelairatu dira, bai baitzekiten zer zuten jokoan. Ez dute arriskurik hartu nahi izan. Alemaniaren plana argia izan da: zelai erdian bost jokalari kokatu ditu, Espainiak ez zezan nagusitasunik izan. Gainera, presio estua egin du, Montse Tomek zuzentzen dituen jokalariek hutsen bat egin, eta hala erasora zuzen ateratzeko aukera izateko. Bestalde, gertutik zaindu dituzte Aitana Bonmati eta Alexia Putellas, baloia eroso har ez zezaten.
Baloia izan arren, Espainiak ez du aparteko aukerarik sortu; bai, ordea, Alemaniak. Neurketako lehen abagunea Buhlek izan du, zazpigarren minutuan. Berger atezainak luze atera du baloia, eta aurrelariak ondo irabazi die bizkarra Irene Paredesi eta Maria Mendezi. Hala, bakarrik geratu da Cata Coll atezainaren aurrean; baina behar baino gehiago gurutzatu du baloia, eta kanpora joan zaio. Frantziari hala egin zion min final-laurdenetan, eta gaur ere horretan saiatu da. Izan ere, Espainiak sufritu egiten du halako jokaldietan. Olgaren eta Maria Mendezen artean sortzen ziren hutsuneak baliatu dituzte horretarako.
Partidak itxura hobea zuen Alemaniarentzat, jokoa geldoa baitzen. Espainiak biziago mugitu behar zuen baloia min egiteko. Pixkanaka lortu du, eta hala izan du lehen gol aukera. Hogeigarren minutuan izan da. Olgak pase sakon bikaina jaso du ezkerretik, eta ondo erdiratu du baloia. Alemaniako atzelariek ez dute lortu ondo aldentzea, eta Estherri iritsi zaio. Punpa lasterrean errematatu du, eta Bergerrek gelditu bikaina egin du.
Atezainak erakustaldia eman zuen Frantziaren kontrako neurketan, eta gaur ere hala egin du. Izan ere, Espainia oso nagusi izan da lehen zatiko azken hamar minutuetan. Aukerak sortu ditu bata bestearen atzetik. Argiena Irene Paredesek eduki du: korner batean zutoinera bidali du baloia, buruz. Mariona, Esther eta Pina ere ahalegindu dira gola sartzen, baina Bergerrekin topo egin dute. Horma baten parekoa izan da atezaina. Espainia ondoen ari zenean iritsi da atsedenaldia, eta Alemaniak eskertu egin du hala izatea.
Alemania hobeto
Alemaniak hobeto ekin dio bigarren zatiari, eta pare bat aldiz gerturatu da Cata Collen atera. Baloia apur bat izaten saiatu da, partidaren erritmoa apaltzeko. Alexia eta Aitana Bonmati ez dira lehen zatiaren amaieran bezainbeste azaldu, eta Espainiak antzeman egin du. Alexia, batez ere, deseroso aritu da. Dena den, bigarren zatiko lehen abisua Montse Tomek zuzentzen duen selekzioak eman du. Aitana Bonmatik buruz buruko jokaldi bat egin du area ertzean; bikain errematatu du, baina Daebritz jo du baloiak, eta kanpora joan da.
Espainia suspertu egin da, eta, pixkanaka, jokaldiak lotuz joan da. Hala, neurketaren kontrola berreskuratu du. Baina Alemania ondo moldatzen da halako egoeratan, eta ez du neurketa mendean izateko beharrik arriskua sortzeko. Hala iritsi da Buhlen abagunea. Arean errematatu du, eta Cata Collek ondo atera du hanka. Aurrelariak neurketa bikaina jokatu du. Hala erasoan nola defentsan lan eskerga egin du.
Alemania bikain kokatuta egon da zelaian, eta lan aparta egin du defentsan. Espainia ia ez da gerturatu Alemaniaren atera. Alderantziz, Alemania gola sartzear egon da, area ertzetik egindako jaurtiketa batean. Baina Buhlek kanpora bidali du baloia. Are argiagoa izan da Wasmerrek partidaren azken jokaldian izan duen aukera. Cata Collek gelditu ikusgarria egin dio. Azkenean, 0-0 amaitu da arauzko denbora.
Luzapenean parez pare jardun dute bi selekzioek. Baina, pixkanaka, indarra bukatuz joan zaie. Horiek horrela, bazitekeen aulkitik irten diren jokalariek zeresana ematea. Luzapeneko lehen zatiko aukerarik argiena Espainiak izan du, baina Athenea ez da iritsi Salmak egindako erremate batera. Partidak bide beretik jarraitu du: Alemania oldarkor eta sendo zegoen atzean, eta Espainiak ezin zuen armiarma sare hori apurtu.
Bigarren zatian Alemania hobeto zegoen fisikoki, eta Espainiak nagusitasuna galdu du zelai erdian. Gainera, baloia galdu duenean, gehiago kostatu zaio atzera korrika egitea. Patri Guijarro izan da eutsi dioten bakarrenetakoa. Baina Alemaniak ez du aprobetxatu. Eta noiz-eta finalerdia penaltietan erabakiko zela zirudienean, Aitana Bonmati azaldu da. Jokalari erabakigarriak halakoetan azaldu ohi dira: azaldu, eta finalerako sailkapena eman dio Espainiari.