Espainiako gizonezkoen selekzioak bigarrenez irabazi du Munduko Kopa, Argentinari 1-0 irabazita. Ferran Torresen gol batek eman dio garaikurra Luis de la Fuentek zuzentzen duen selekzioari, luzapenean. Espainiarrak hobeak izan dira finalean, eta aukerak izan dituzte partida lehenago erabakita uzteko. Baina ez dute asmatu. Final kaskarra jokatu du Argentinak. Erremate bakarra egin du Unai Simonen atera, 120. minutuan, Simeonek. Atzean sartuta egon da ia neurketa osoan, eta luzapena jokalari bat gutxiagorekin jokatu du, arauzko denbora amaitzear zela epaileak bigarren txartel hori atera baitio Enzo Fernandezi. Hala, ezin izan du bigarrenez segidan txapelketa irabazi, eta Leo Messik ezin izan du loria dastatuta agurtu.Â
Espero bezala, hasieran ez selekzio batek ez besteak ez dute arriskurik hartu; elkarri errespetu handia ziotela ikusi da. Baloiaren jabe izan direnean jokaldi luzeak egiten ahalegindu dira, nahiz eta zelaia oso lehor egon den eta bi taldeei kosta egin zaien baloiari erritmoa ematea eta paseak lotzea. Lehen minutuetan abagunerik argiena Espainiak izan du, 5. minutuan. Olmok eta Lamine Yamalek jokaldi ona egin dute area inguruan; azken horrek egin du errematea, baina Emiliano Martinez Dibu atezainak oinekin atera du baloia. Segidan Messik izan du aukera, Espainiak atzean egindako akats baten ondoren. Baina Unai Simon ondo atera da baloia aldentzeko.Â
Bi selekzioak parez pare aritu arren, pixkanaka Luis de la Fuentek zuzentzen duen selekzioa joan da nagusituz zelai erdian, Rodrigo Hernandezek euskarrian egindako lan onari esker. Argentinak, ordea, ez dio Espainiari jokaldiak lotzen utzi, baloia kenduz edo faltak eginez. Hortik ura edateko etenera bitarte ez da bestelako abagunerik izan.
Horren ostean, berriz ere europarrek hartu dute partidaren aginte makila, nahiz eta ez duten aukera argirik sortu. Oiartzabalek eta Cucurellak urrutitik egindako erremate bana izan dira bi abagune arriskutsuenak, baina ez dute asmatu. Amerikarren taldean, Dibu Martinezek luze bidalitako baloi bat baliatzetik gertu egon da Julian Alvarez, baina berriro ere Unai Simon ondo atera da. Gainera, Lisandro Martinezek min hartu du, eta Otamendik ordezkatu behar izan du erdiko atzelari postuan. Lehen zatian tentsioa eta lehia izan dira nagusi, jokoaren ordez.Â
27 minutuko atsedenaldia
Luzea izan da atsedenaldia, 25 minutu baino gehiagokoa, musika emanaldiak izan direlako. Bigarren zatian Espainia oso nagusi izan da. Atzean sartu du hasieratik Argentina. Gainera, Pedri zelairatu denean are gehiago menderatu du zelai erdia. Espainiak 66. minutuan izan du aukerarik argiena. Ferran Torres gola sartzear egon da. Lamine Yamalek buruz buruko jokaldi ona egin du, ondoko marrara iritsi, erdiratu, eta Torresek buruz egin duen errematea kanpora joan da.Â
Estutzen segitu dute De la Fuentek zuzentzen dituen jokalariek, eta sarritan gerturatu dira aurkariaren atera. Baina Argentinak eutsi egin dio. Partida luzea izatea nahi zuten argentinarrek, eta ondo ateratzen ari zitzaien apustua. Atzean sendo egon dira, eta beharrezkoa izan denean Dibu Martinez atezaina azaldu da. 90. minutuan epaileak bigarren txartel horia atera dio Enzo Fernandezi, Cubarsiri egindako falta gogor batengatik. Hala Argentinak jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan du luzapena.
Luzapenaren 5. minutuan gola sartzear egon da Nico Williams, Pedriren erdiraketa on baten bidez. Baina ez da buruz baloia jotzera iritsi, eta atezainak ondo atera du eskua. Ondoren asmatu egin du, baina epaileak baliorik gabe utzi du Merinok Otamendi zapaldu duelako. Segidan Merino ere gola sartzear egon da buruz. Argentinak etengabe geratu du jokoa, eta faltak behartzen ahalegindu da partida nahasteko eta gogortzeko. 0-0 amaitu da luzapenaren lehen zatia.
Bigarrenean iritsi da Ferran Torresen gola, 107. minutuan. Pedro Porrok bigarren zutoinera erdiratu du, Nico Williamsek buruz atzera jarri eta Torresek sarean sartu du baloia ezkerrez. Bigarrena ere sartu du, baina jokoz kanpo zegoelako ez diote balekotzat eman. Partida amaitzear zela, Simeonek, Argentinak egin duen erremate bakarrean, kanpora bidali du baloia.Â