Munduko Kopako finalak %80tik gorako ikusle kuota izan du Hegoaldean

Hego Euskal Herrian telebista emankizun batek inoiz izan duen daturik handiena da, audientziak neurtzen direnetik.

Lionel Messi eta Pau Cubarsi atzo, Munduko Kopako finalean. RONALD WITTEK / EFE
Lionel Messi eta Pau Cubarsi atzo, Munduko Kopako finalean. RONALD WITTEK / EFE
urtzi urkizu
2026ko uztailaren 20a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduko Kopako finala jokatu zuten atzo Argentinak eta Espainiak New Yorken (AEB), eta telebista konbentzionaleko ikusle datuek marka guztiak hautsi zituzten Hego Euskal Herrian. Barlovento Comunicacion agentziak, Fiftyfive enpresaren datuetan oinarrituta, zabaldu duen txosten baten arabera, gizonezkoen futbol partida horrek %83,6ko ikusle kuota bereganatu zuen EAE Euskal Autonomia Erkidegoan, eta %85,9koa Nafarroan —lehen 90 minutuen eta luzapenaren kuota eta kate guztiak hartu dituzte aintzat—. La1, Teledeporte eta DAZN Mundial telebista kateetan eman zuten Argentinaren eta Espainiaren arteko finala.

Katalunian eta Galizian ere datuak oso altuak izan ziren: finalak %81,1eko ikusle kuota izan zuen Galizian —Hego Euskal Herrian baino datu pittin bat baxuagoa, hortaz—. Eta, Katalunian, %86,3koa. Finala Katalunian RTVE taldeko La2 Cat katean ere eman zuten, katalanezko kontakizunarekin. Halakorik ez da izan Galizian eta Hego Euskal Herrian. Balear uharteetan (Herrialde Katalanak) finalak %89,4ko ikusle kuota eskuratu zuen. Eta Valentzian (Herrialde Katalanak), %87,5ekoa. Haur eta gazteen artean ikusle kuotak oso-oso altuak izan ziren.

Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Hego Euskal Herriko hainbat herritan eta hiritan pantaila erraldoiak ere jarri zituzten, eta, hortaz, oso zaila da jakitea zehatz-mehatz zenbat herritarrek ikusi zuten kopuru absolututan herrialde bakoitzean atzoko futbol partida.

Telebista kateen datuen orekan eragin handia izan du Munduko Kopak. Igandeko datuei erreparatuta, egun horretan La1 kateak batez beste %46,9ko ikusle kuota lortu zuen EAEn. Uztailean, orain arte, %21eko kuota dauka, eta alde handia ateratzen die beste kateei; bigarren tokian ETB2 katea dago, %8ko kuota lortuta. Hirugarren tokian da Antena3, %7,5eko ikusle kuotarekin. ETB1ek uztailean %2,6ko batez besteko kuota eskuratu du orain arte —igandean %3,3ko kuota lortu zuen, La Sexta eta Cuatro kateen aurretik—. 

Athleticen penaltiak gainditu ditu

Marka ezarri du Argentinaren eta Espainiaren arteko finalak. Izan ere, orain arte EAEn 2024ko Espainiako Kopako finaleko penaltiek zuten daturik altuena: %83ko kuota. Orduko penalti haietan, Athletic eta Mallorca izan ziren aurrez aurre, eta txuri-gorriek bereganatu zuten Espainiako Kopa. La1ko gaztelaniazko emanaldiak %69,1eko ikusle kuota izan zuen, eta ETB1ekoak, %13,9koa. Baina penaltien emankizunak lortu zuen datu hori, eta atzoko finalaren emankizun osoak gainditu du datu hura. Nafarroan ere inoizko daturik handiena izan da atzoko New Yorkeko finalarena.

Duela hamasei urte, Espainiak eta Herbehereek jokatu zuten Munduko Kopako finala, Hegoafrikan, Johannesburgo hirian. Orduko hartan, finalaren luzapenak %80,4ko ikusle kuota lortu zuen EAEn. Harekin alderatuta, beraz, atzoko finalak are ikus-entzule gehiago bereganatu ditu lurraldearen eremu horretan. 

Aurten, bestalde, ikusle datu oso handiak izan dituen beste emankizun bat Realaren eta Atletico Madrilen arteko Espainiako Kopako finala izan zen. Apirilaren 18an jokatu zuten, Sevillan (Espainia), eta penaltiek %63,9ko ikusle kuota lortu zuten —La1 katean %44,3ko ikusle kuota bereganatu zuten (320.000 ikus-entzule), eta ETB1en, %19,6koa (141.000 ikus-entzule)—. Horren antzeko datua izan zuen Munduko Kopako Espainiaren eta Frantziaren arteko finalerdiak, uztailaren 14an.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA