Atzo iluntzean hartu zuen erabakia EFF Euskadiko Futbol Federazioak, Durangon egindako batzarrean: nazioarteko federazioetan integrazioa eskatzeko bidea hastea. Batzarraren babesa behar zuen horretarako, eta lortu zuen: 43 boto alde, eta abstenzio bat. Hurrengo jokaldia Espainiako federazioan jokatuko da, haren bermea behar baitu eskaera egiteko. Ezezkoa aurreikusten da, eta auzibidea hastea kirol epaitegietan.
Batzarraren biharamunean iritsi da ezezko hori, hitzez bada ere: RFEF Espainiako Futbol Federazioko presidente Luis Rubialesek esan du "ezin gauzatuzkoa" eta "zentzugabea" dela EFFren erabakia. Kirol aldizkari baten urtemuga ospatzeko ekitaldian hitz egin du Espainiako Federazioko presidenteak, eta boto kopuruan ere jarri du arreta: "%30-35 arteko quorum-a izateaz aparte, ezin gauzatuzkoa eta zentzugabea da". 44 lagunek eman zuten botoa atzoko batzarrean, baina 87 ziren boto eskubidea zuten kirol elkarteak, eta 38 jokalari, epaile eta entrenatzaileen estamentuetako ordezkariak.
Hurrengo jokaldia Espainiako federazioan jokatuko da, haren bermea behar baitu eskaera egiteko. Gabonak pasatuta jarriko dira harremanetan EFFko ordezkariak Espainiako federazioarekin. Era berean, eta Luis Mari Elustondo presidenteak aurreratu zuenez, ez du harekin harremanik hausteko asmorik. "Orain ez dugu presarik izan behar. Gaurkoa [atzokoa] mugarri bat da, eta jende asko oso pozik ikusi dut. Baina nik nahiago dut tentuz joatea. Espainiako federazioari ez dio graziarik egingo eskaera honek, baina gure federazioko kideek beren borondatea plazaratu dute".