Aspeko pilotaria

Joseba Ezkurdia: «Esperientzia ezin hobea izan da; gogorra, baina polita aldi berean»

Ezkurdia lehen aldiz aritu da atzelari binakako txapelketan, eta estreinako ezin hobea izan du, finala jokatuko baitu Altuna III.arekin batera. Igandean ariko dira Lasoren eta Albisuren aurka, Nafarroa Arenan.

Joseba Ezkurdia. IÑIGO URIZ / FOKU
Joseba Ezkurdia. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko martxoaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Beldurra eta errespetua». Horixe sentitzen zuen Joseba Ezkurdiak (Arbizu, Nafarroa, 1991) binakakoa aurkeztu zuten egunean. Ulergarria zen, lehen aldiz ariko baitzen atzelari txapelketan. Baina balentria egin dute Jokin Altunak eta biek, finala jokatuko baitute igandean, Iruñeko Nafarroa Arenan, Unai Lasoren eta Jon Ander Albisuren aurka. «Oso pozik gaude. Finalerako sailkatu ginenetik izugarri ari gara disfrutatzen», azaldu du.

Atzelari ariko zinela esan zizutenean espero zenuen finala jokatuko zenuela?

Ez, ikaragarri zaila baita final bat jokatzea. Beti duzu gogoa eta ilusioa finala jokatzeko, baina helburua pixkanaka hobetzea, konfiantza hartzea eta lehiakor izatea zen. Zorionez, gauzak ondo atera dira, eta finalean gaude. Jokinekin jokatzeak ilusio ikaragarria pizten zidan, eta ilusio hori egia bilakatu da: izugarri gustura ari naiz Jokinekin. Oso zoriontsu naiz.

Zer izan da: espero baino gogorragoa, samurragoa ala espero bezalakoa?

Denetik egon da: une onak, txarrak, esperientzia politak eta ez hain politak. Ez da txapelketa erraza izan, eta horren erakusle da azken-aurrenak ginela lehen ligaxka bukatzeko hiru jardunaldi eskas falta zirela: lau puntu besterik ez genituen. Baina gauzak pixka bat ondo ateratzen hasi ziren, konfiantza hartu genuen, eta, geroztik, oso gustura gabiltza. Txapelketa osoa kontuan hartuta, esperientzia ezin hobea izan da. Finalean gaude, baina egon izan ez bagina ere esperientzia polita izango zen; gogorra, baina polita aldi berean.

Lehiakortasunaren eredu izan zarete?

Jokinen eta bion helburu nagusia lehiakor izatea zen, eta oso pozik gaude hori lortu dugulako. Bolada txarra izan genuenean ere lehiakor izan ginen, eta partida gogorrak jokatu genituen. Horrek lasaitasun pixka bat eman zigun. Garai zail horretan lanean jarraitu genuen, ahalik eta motibazio handienarekin entrenatzen, partida jokatzeko prest egoteko. Gure esku zegoen guztia egin dugu.

Nola aritu zara atzelari?

Ez da erraza izan. Niretzat gauza berria izan da atzelari aritzea txapelketa batean, eta horrek tentsioa eta presioa eragin dit. Atzelari ari naizenean gauzak nahi bezala ez bazaizkit ateratzen, aurrelari ari naizenean baino urduriago jartzen naiz, eta lehenago sartzen zaizkit zalantzak. Azken partidetan, baina, lasaiago ari naiz, eta konfiantza handiagoa dut neure buruarengan, badakidalako zer egin nahi dugun eta zertara jokatu nahi dugun. Hori oso garrantzitsua da.

Behetik gora egin duzu nabarmen.

Tira, gustatuko litzaidake hobeto aritzea. Baina lehiakorra izaten ari naiz, eta azken partidetan oso sentipen politak izaten ari naiz. Oso gustura ari naiz, baina oso argi dut finala irabazi nahi badugu askoz hobeto aritu beharko dudala eta txapelketako partidarik onena egin beharko dudala.

Abel Barriolaren ustez, txapelketaren lehen erdi luzean «atzean ari zen aurrelari» bat zinen. Azkenaldian, ordea, «aurrean ari den atzelari bat» izan zara. Ados zaude?

[Barrez hasi da]. Ez dakit. Badakigu zein den gure jokatzeko era eta zertara jokatu nahi dugun: erasokorrak izan beharra dugu, eta nik beldurrik gabe egin behar dut aurrera, aurkariak eroso egon ez daitezen eta ahalik eta azkarren izan dezaten berriro pilota gainean. Hori egiteko, jokoaren erritmoa biziagotu behar dugu. Gustura ari naiz azken partidetan boleaz eta ezker airez. Atzean, berriz, saiatzen naiz aurkarien aurrelariari pilota kentzen eta ez huts egiten. Ea finalean hori guztia egin dezakegun.

Zerk eman dizu lanik handiena?

Ni ez naiz ohiko atzelaria; beste molde batekoa naiz, eta nire jokoa ere beste molde batekoa da. Aurrera asko egiten dudanez, batzuetan ez dakit aurrera edo atzera egin behar dudan: adibidez, aurkariek pilota gurutzatzen badute kalkulatu behar dut ea denbora emango didan iristeko edo ez. Erabaki horiek oso-oso azkar hartu behar dira, eta orduan izaten dut zalantza gehien.

«Oso gustura ari naiz, baina oso argi dut finala irabazi nahi badugu txapelketako partidarik onena egin beharko dudala»

Zer egin duzu gehiago: sufritu, gozatu edo bietatik?

Gozatu bezainbeste sufritu dut: asko gozatzen ari naiz, baina baita asko sufritzen ere, exijentzia ikaragarria baita; bete-betean aritu behar dugu Jokinek eta biok. Baina lortzen ari garen saria ikaragarria izaten ari da: lehenik, kanporaketa irabazi genuen; gero, finalerdietako ligaxkan hiru partida on egin eta finalerako sailkatu gara. Sufrimendua ederra da saria dagoenean, eta finala jokatzea sari ikaragarria da.

Partidaren batean gozatu duzu bereziki?

Azkeneko lauretan aritu naiz gusturen: lehenik, Donostian, kanporaketan, eta ondoren, finalerdietako ligaxkako hiru partidetan.

Aldiz, zeinetan sufritu duzu gehien?

Bolada txarra izan genuen horietan. Garai zaila izan zen: tentsioa handia zen, asko baitzegoen jokoan. Lehen ligaxkako azken partidak gogorrak izan ziren buruz. Gogoratzen dut hil ala biziko partida bat jokatu genuela Peñaren eta Imazen aurka Gasteizen. Kristoren tentsioa zegoen. Ez ginen gustura aritu, baina gai izan ginen irabazteko. Garaipen garrantzitsua izan zen hori, aurreko hiru partidak galdu baikenituen. Abenduan, berriz, oso bolada txarra izan genuen, eta galdu egin genituen jokatu genituen lau partidak. Garai zailak bizi izan ditugu, eta horrek mesede egin digu partida garrantzitsuak jokatzeko orduan.

Zer ikasi duzu atzean arituta? Akaso, gehiago aintzatesten duzu orain atzelariek egiten duten lana?

Izan liteke. Hala ere, nik beti aintzatetsi dut atzelariek egiten duten lana: erraza dirudi pilota behar bezala jotzea, eta ez da horrela; zaila da. Niri asko kostatu zait hori, eta gaur-gaurkoz ere lana ematen dit eskuinez egoki jartzea pilota jotzeko. Atzelariek kristoren meritua dute: kantxa luzea da, aurkarien aurrelariari pilota kendu behar diote, eta ez dute zulorik utzi behar. Sekulako lana da hori, eta ni ahalik eta egokien egiten ari naiz, Jokini ahalik eta gehien laguntzeko.

Bikotekidea aipatu duzu. Erronka honetarako izan zenezakeen kiderik onena da?

Dudarik gabe. Jokin da izarrik handiena, atzelari batek izan dezakeen bikotekiderik onena. Sekulako jokoa du, asko laguntzen dio atzelariari, nortasun handia du, irabazle peto-petoa da... Ederra da harekin jokatzea. Niretzat esperientzia ahaztezina izaten ari da. Ilusio ikaragarria pizten zidan harekin jokatzeak, horregatik onartu nuen atzelari aritzea.

«Atzelari batek izan dezakeen bikotekiderik onena da [Altuna]. Esperientzia ahaztezina izaten ari da harekin jokatzea»

Pilotak egin dizun opari baten gisan hartu duzu esperientzia hau?

Finala jokatzea bai, baina hasieran erronka hau zama handi baten moduan hartu nuen; ez nuen nahi neure burua gaizki ikusi. Erronka honek asko eskatu dit, lan handia buruz. Zorionez, lan handia egin dut, eta lan horrek saria izan du.

Esan izan duzu adina dela eta «tontakeria asko» esaten dizkiozula zeure buruari. Finalean egonda utziko zenion hori egiteari, ezta?

Azkenaldian ez nabil horretan pentsatzen. Gustura nabil, sasoiko ikusten dut neure burua, ondo ari naiz, eta pozik nago. Badakit amaiera gero eta gertuago dudala, baina amaiera honetaz gozatu nahi dut; ondo utzi nahi dut pilota.

Zer itxura hartzen diozu finalari?

Ikaragarri gogorra izango da: bikote handi baten aurka ariko gara, txapela irabazteko egina dagoen bikote baten aurka. Gauzak oso-oso ondo egin beharko ditugu aukeraren bat izateko. Ligaxkan bitan galdu genuen haien aurka; finalerdietan, aldiz, guk irabazi genien. Beste partida bat da, erabat ezberdina. Ea ondo hasten garen, finaletan oso garrantzitsua baita ondo hastea. Guk gure jokoa egin behar dugu: erasokorrak izan behar dugu, eta agindu, haiek deseroso egon daitezen.

Txapela irabazten baduzu, aurrean eta atzean hori egin duen lehena izango zara.

Ez naiz horretan pentsatzen ari. Txapel hau irabazi nahi dut, baina ez historia egiteagatik-edo. Erronka handia zen hau, eta polita litzateke erronka hau txapela irabazita ixtea, eta are gehiago Jokinekin irabaztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA