Esperimentuak, lehorrean

Urdaibaik irabazi du Moañako bandera, eta San Miguel ligako lehen postua berreskuratu du Bermeoko traineruakOrio berriz ere azkenaurreko izan da, eta ligako sailkapenean ere postu horretan dago

Urdaibaiko trainerua, atzo, Moañako estropadan, garaipena ospatzen; estropada bikaina egin zuten bizkaitarrek. GONZALO NUÑEZ / FARO DE VIGO.
Aitor Manterola Garate.
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Gorka Aranberri patroiak bi besoak altxatu ditu, eta Toni Montenegrok, estriborreko hankekoak, behetik gora begiratu dio, erdi zeharka. Patroi gaztearen poza eta arraunlari beteranoaren zuhur- tzia. Horixe gertatu zen atzo Urdaibaiko traineruaren tostetan, helmugako baliza atzean utzi berritan. Aranberrik ederki zekien irabazi egin zutela, eta arraunlariei modu horretan esatea erabaki zuen. Azkarrenak izan ziren Moañako banderan (Galizia), eta San Miguel ligako lehen postua berreskuratu dute; puntu bat ateratzen dio Kaikuri orain sailkapen nagusian.

Telebistan ez zen azaldu zer keinu egin zuen Jose Manuel Francisco Urdaibaiko entrenatzaileak. Etxean zen, bertakoa baita, eta pentsa daiteke asko poztuko zela bere arraunlariak irabazten ikusita. Zehatza da lanean, zorrotza, eta konturik txikienari ere aparteko garrantzia ematen dio. Ez zuen aste gozoa izango azkeneko hau. Joan zen igandean, lan txarra egin zuen Urdaibaik Bilbon. Bezperan aise irabazi eta gero, Franciscok makina bat aldaketa egitea erabaki zuen ontzian, eta ezohiko kuadrilla atera zuen. Gaizki atera zitzaion esperimentua. Atzo ohiko bidera jo zuen, eta bakoitza bere lekuan jarriz, ligako bigarren bandera irabazi zuten Bermeokoek; hiru estropada jokatu dira, eta bi trapu bereganatu dituzte.

Ontzi barruan joan den igandeko arantza ateratzeko gogoa zegoen, eta bizi ekin zioten txandari. Hirugarrenean ziren, Kaiku, Astillero eta Hondarribiarekin. Bada, minutu erdia pasatzerako, hiru, lau eta bost segundo kendu zizkien beste aurkariei. Ez zuen gehiago estropadako burua utziko. Eroso joan zen azken luzera arte, eta hiru ziabogetan nahikoa alde izan zuen. Hirugarren ziabogara heldu arte, Kaiku zeukan atzetik, baina azkeneko luzean Astillero azaldu zitzaion lana zailtzera. Azkenean segundo pasatxoko aldea besterik ez zelako egon bi ontzi urdinen artean. Kaiku atzerago sartu zen, ia zazpi segundora, eta Hondarribia oso urruti geratu zen, ia hogeira.

Bigarren txandan, San Juan izan zen azkarrena, baina lehia estua izan zuen Zumaiarekin azken luzera arte. Hor ihesi egin zion Pasaiko ontziak. Tiranek ere aurrea hartu zion Zumaiari, azken-azkenera. Pedreña atzerago ibili zen.

Castro berpiztu da

Lehen txandan, Castrok aise irabazi zuen. Joan den igandean azkena egin eta gero, atzo bestelako maila eman zuen. Denbora bikaina eginez, azken sailkapenean hirugarren kokatu zen. San Pedrok ere estropada polita egin zuen, txandan bigarren eta bukaerako zerrendan zortzigarren. Orio dabil larri. Bilbon bezala, azkenaurreko izan zen, eta ligako sailkapenean ere postu horretan da. Jai- tsierako kanporaketa jokatuko luke liga orain amaituko balitz, eta gero eta urrunago du aurrekoa, San Pedro, bost puntura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.