Arturs Kurucs. Bitci Baskoniako jokalaria

«Espero dugu zaleek gugan sinisten segitzea»

Arturs Kurucsen ustez, Baskoniak bere «benetako izaera» ez erakusteagatik izan ditu emaitza txarrak azkenaldian. Itxaropena du gora egingo dutela, gaurtik hasita. Maccabi Tel Aviv hartuko dute etxean.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Hamaika arrazoi egon daitezke Baskoniak daraman bolada txarra azaltzeko: azkeneko lau partidak galdu ditu. Arturs Kurucsen (Cesis, Letonia, 2000) iritziz, kontraerasoan puntu gehiago sartzea falta zaie irabazteko. Gasteizko taldeak garaipen bat behar du zulotik irteteko, eta gaurkoa aukera aproposa izan daiteke, etxekoen babesean jokatuko baitu, Maccabi Tel Aviven aurka, Euroligako zortzigarren jardunaldian (20:30, Dazn). Arabarrek hiru garaipen dituzte, eta israeldarrek, bost.

Azkeneko lau partidak galdu dituzue. Nola azal dezakezu txakalaldi hori?

Ez dugu gure benetako izaera erakutsi. Partida bat hainbat modutan gal dezakezu, amaierara arte borrokatuz edo hasieran amore emanez. Gure kasuan, gure benetako irudia erakustea falta izan zaigu.

Haserre dago Dusko Ivanovic?

Kontua ez da errieta egin digula, baizik eta zorrotzago dabilela. Hori egin behar du entrenatzaileak horrelako egoera batean. Aldi berean, bolada txar hau aurrera ateratzeko laguntzen saiatzen ari da.

Nola zaudete animoz?

Inoiz baino gogo handiagoa daukagu. Garaipen gosez gaude. Badakigu talde ona dugula eta askoz gehiago merezi dugula. Ez dugu amore eman nahi.

Zer aldarte zenuten galdutako partidak bukatutakoan?

Murtziaren eta Kazanen aurka galdu genuenean triste amaitu genuen, baina hurrengo egunean motibatuta sentitu ginen. Zeniten eta Real Madrilen aurka galdu ondoren, ordea, ahulago sentitu ginen. Orduan hasi ziren taldeko liderrak animatzen eta laguntzen. Garrantzitsua da haien moduko jokalariak izatea.

Badakizue zein den arazoa, ala topatu ezinik jarraitzen duzue?

Aurkari bakoitza ezberdina denez, partidak desberdin prestatzen ditugu. Norgehiagoka bakoitzean akats desberdinak egiten genituen; beraz, ez dago arazo orokor bat.

Alec Petersen lesioak ere ez dizue asko laguntzen, ezta?

Taldeko jokalaririk garrantzitsuenetako bat da. Eta jaurtitzaile ona denez, asko laguntzen digu erasoan. Haren moduko jokalari bat galtzeak erasoan jokatzeko modua aldatzera behartu gaitu.

Min ematen al dizue zaleen aurrean itxura eskasa emateak?

Ez da erosoa. Zaleek gugan sinesten jarraitzea espero dugu, haien laguntza oso garrantzitsua baita guretzat. Garrantzitsua izango da Maccabiri eta Unicajari irabaztea, etxean jokatuko baititugu bi partida horiek.

Denboraldi honetan bi aldiz bakarrik sartu dituzue 80 puntu baino gehiago. Erasoan dago arazoa?

Kanpotik hori irudi dezake, baina, defentsa ona baduzu, kontraerasoan joka dezakezu. Baskoniak beti erakutsi du korrika asko egiteko eta puntu errazak lortzeko taldea dela, baina hori falta zaigu. Irabazteko falta zaizkigun puntuak kontraerasokoakdira.

Klubak Lamar Peters joko antolatzailea fitxatu berri du. Zer emango dizue?

Ez dut inoiz ikusi jokatzen. Haren estatistikak ikusita, zenbakiez bakarrik fio ez banaiz ere, baloia ondo mugitu eta asistentzia asko eman ditzakeen jokalari bat da.

Zure rola aldatu egingo dela uste duzu?

Hura ere joko antolatzailea denez, gutxiago jokatuko dut. Baina ez dut zertan kezkatu; uste dut irabazten hasten bagara jokalari garrantzitsuek atseden gehiago hartuko dutela, eta hainbeste jokatzen ez dugunok minutu gehiago izango ditugula.

Gusturago sentitzen zara eskolta gisa jokatzen?

Oso galdera ona da. Nik eskolta moduan ikusten nuen neure burua, baina egoera aldatu egin da, eta, orain, gusturago sentitzen naiz joko antolatzaile gisa jokatzen.

Joan den denboraldian Tadas Sedekerskisek aurrerapausoa eman zuen. Aurten, konfiantza handia dute zugan. Zer moduz zaude?

Lasaiago nago, azkenaldian partida dezente jokatu baititut. Horrela, mentalki errazagoa da neurketetarako prestatzea. Ahalik eta ondoen jokatu nahi dut, eta, oraingoz, oso gustura jokatzen ari naiz.

Sei urte daramatzazu Baskonian, eta beste bi urterako kontratua duzu taldearekin. Europan jarraitu nahi duzu, edo NBAn jokatzea gustatuko litzaizuke?

Oraingo egoera ikusita, ez dut harago begiratu nahi. Baskoniari Euroligako kanporaketarako sailkatzen laguntzea da nire helburu nagusia. Baina NBAra joan behar badut, joan egingo naiz; ametsa izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.