Tourra prestatzea erronka handia da txirrindularientzat. Baita kirol zuzendarientzat ere. Alde batetik, erabaki zuzenak hartu behar dituzte taldearen osaketan. Soilik zortzi ziklistarentzat dago tokia, eta hautaketan egindako hutsak garesti ordaindu daitezke. Bestetik, txirrindulariei argibide ugari eman behar zaizkie ibilbidearen inguruan, eta, horretarako, zuzendariek goitik behera ikasi behar dute lasterketa liburua. Bada, prozesu horretan murgilduta dago Bingen Fernandez (Bermeo, Bizkaia, 1972), Cofidis taldeko kirol zuzendaria. Tour bat gehiago biziko du auto barrutik; ez daki zehazki zenbatgarrena izango den. «Halako datuak ez ditut sekula kontuan hartu. Nik uste hamarren bat izango direla. Askoz ere zorrotzagoa naiz bestelako gauzetan». Esaterako, Tourraren ibilbideari erreparatzeko garaian: egunotan «bizpahiru ordu» igaro ditu etapa bakoitza aztertzen.
Tourrean «sekulako estresa» izaten da, eta, horregatik, garrantzitsua omen da lasterketaren aurretik burua ez nekatzea. Fernandez Dauphinen izan zen duela bi aste, eta etxean egon da geroztik. «Oso garrantzitsua da lasai heltzea. Mentalki nahiko estresatuta iristen bazara, eta horri lasterketako estresa gehitzen badiozu… Kiskalita buka dezakezu». Haatik, lan guztia ezin daiteke gerorako utzi. Alde horretatik, Fernandezek nahiago du etxean gauza asko aurreratu, behin lasterketa hasita lasaiago ibiltzeko. «Gainera, etapen xehetasunak askoz hobeto ikusten dira etxean, nahi adina denbora hartuta. Bada etapak Tourrean bertan aztertzen dituenik, goizean zehar, baina analisia ez da horren zehatza».
Hortaz, Fernandezen metodoari jarraituz gero ez da atseden handirik Tourreko frenesia iritsi aurretik. Ibilbidea osorik aztertzea oso lan nekagarria izan daiteke. Fernandezen esanetan, etapa lauek eragiten dute buruhauste gehien. «Mendikoetan, askoz ere biribilgune eta herri gutxiago dago. Igoerak eta jaitsierak nolakoak diren esan behar diezu ziklistei, baina besterik ez. Etapa lauak, ordea, luzeagoak izaten dira gaur egun, herri eta hiri gehiago zeharkatzen ditugu, eta biribilguneak eta erdibitzaileak ere askoz ugariagoak dira. Oso nekeza da 200 kilometrotik gorako ibilbide bat goitik behera aztertzea, zehatz-mehatz arriskua non dagoen jakiteko».
Prestakuntzari azken zertzeladak emateko garaia da, eta lasterketaren mapa buruz ikasteaz gain, txirrindularien hautaketan behin betiko erabakiak hartu behar dituzte zuzendariek. Alde horretatik ere, buruhauste ugari izaten dute. «Postu jakin baterako bizpahiru txirrindulari izan ditzakezu, eta zaila da erabakia hartzea: alde batetik, ez dakizu ziur taldearentzat zer izango den onena, eta, bestetik, ikusten duzu prozesuak estresa eragiten diela ziklistei. Ez dakite noiz eta nola hartuko ditugun erabakiak, eta urduri egoten dira deialdiaren berri izan arte».
«Oso nekeza da 200 kilometrotik gorako ibilbide bat aztertzea, batez ere laua bada: arrisku gehiago izaten da bidean»
BINGEN FERNANDEZCofidiseko kirol zuzendaria
Lehen hautaketa, ordea, aurrerapen handiz egiten dute zuzendariek; Tourraren ibilbidea ezagutu berritan, hots, lasterketa hasi baino zortzi hilabete lehenago. «Lasterketaren egitura orokorrari erreparatzen diogu: zenbat etapa diren lauak, zenbat mendikoak eta abar. Hortik abiatuta, hamalau txirrindulari inguru hautatzen ditugu». Zerrenda aldatu egin daiteke, fitxaketek eta txirrindularien jardunak eraginda. Eta azkenerako, murriztu egiten da ezinbestean; azken galbahea zortzi ziklistak igaro dezakete bakarrik. «Nazioarteko txapelketak bukatu eta biharamunean zehazten dugu taldea. Norbaitek oso emaitza ona lortu badu, esan nahi du oso sasoiko dagoela. Eta aurrez zerrendan bazegoen, hautatu egiten duzu».
Euskal ziklistak, «oinarrizkoak»
Cofidisek Tourrean aurkeztuko duen zortzikoteari dagokionez, Fernandezek aurreratu du sailkapen nagusian Emanuel Buchmannekin lehiatuko direla. Dena den, etapen peskizan baliteke hobeto moldatzea Frantziako taldea, besteak beste Alex Aranbururi eta Ion Izagirreri esker. «Oinarrizko txirrindulariak dira guretzat, eta dena normal badoa, Tourrean egongo dira». Esprinterrentzako ohi baino aukera gutxiago izango da aurten, eta hori mesedegarria da Cofidisentzat. «Askoren ustea da etapa lauak aspergarriak direla, eta aurten, etapa gehiago izango dira amaiera bihurria dutenak. Halako eszenatokietan ondo moldatzen gara: ur nahasitan muturra sartuta, beti atera dezakezu zerbait».
«Hautaketa prozesuan urduri egoten dira ziklistak. Izan ere, ez dakite noiz eta nola hartuko ditugun erabakiak»
BINGEN FERNANDEZCofidiseko kirol zuzendaria
Aurtengo Tourra salbazio taula izan liteke Cofidisentzat. Gaur-gaurkoz, 19. postuan dago azken hiru urteetako sailkapenean; hots, World Tourretik kanpo geldituko litzateke denboraldia amaitzean. «Are presio handiagoa izango dugu, baina, alde onari begiratuta, egoera irauli genezake Tourrean; puntu gehien banatzen dituen itzuli handia da». Sasoi honetan, ondo dakusa taldea. «Iaz, ordea, makal ibili ginen, eta hori ordaintzen ari gara». Astanaren gorakadak ere kalte egin die. «Txapela kentzeko denboraldia osatu dute orain arte. Besteek gauzak ondo egiten dituztenean, aitortu egin behar da».
Cofidisek bi etapa zakuratu zituen duela bi urte Euskal Herrian hasi zen Tourrean. Ez dago horren urruti. Alabaina, garaipenak «oso garesti» egongo dira aurten, Fernandezen ustez. «Hiruzpalau taldek dena monopolizatzen dute, eta gerta liteke besteontzat lau etapa besterik ez gelditzea. Egun horietan, hamabost bat talde ariko gara garaipenaren bila. Ez da batere erraza izango».