'Estrobo auziko' sei akusatuak errugabetzat jo ditu epaileak

Ez du deliturik ikusi Urdaibaiko ordezkari eta medikuen jardunean.Ezin izan du frogatu arraunlariei dopin substantziak injektatu zizkietela

Marcos Maynar medikua, pentsakor, deklaratu zuen egunean. Epaileak absolbitu egin du. MIGUEL TOÑA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2015eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Errugabe, frogarik ez dagoelako. Bilboko 1. Zigor Epaitegiko epaileak absolbitu egin zituen atzo Estrobo auziko sei inputatuak. Epailearen ustez, ezin da ziurtatu Jose Manuel Francisco Urdaibaiko entrenatzaile ohiak, Josu Zabalondo presidente ohiak, Marcos Maynar eta Borja Garay medikuak, Arantza Ormaza erizainak eta Teresa Mesa botikariak osasun publikoaren aurkako deliturik egin zutenik. Hasieran, hamar ziren akusatuak, baina epaileak lauren aurkako akusazioa atzera bota zuen epaiketan. Akusazio partikularrak helegitea jartzeko asmoa du. Hamar eguneko epea du horretarako.

Bost urte geroago, Estrobo auzia azken txanpan sartu da. Epaileak ofizioz hasi zuen ikerketa, eta Jose Luis Korta Kaikuko entrenatzailea agertu zen akusazio partikular gisa. Helegiteak aurrera egin eta epaiketa asko aldatu ezean, 2010eko Donostiako estropadetan hasitako bidea errudunik gabe bukatuko da. Epaileak frogatutzat eman du 2010ean akusatuek kirolean legez kanpo dauden substantziak erosi zituztela, baina ez arraunlariei injektatu zitzaizkienik.

Akusazio partikularrak eta fiskalak osasunaren aurkako delitua egitea leporatu zieten akusatuei, «arraunlarien bizitza ere arriskuan jarrita». Baina epaileak esan du epaian ezin dela ziurtatu halakorik dagoenik «kirolari batek zuzenean pairatu ezean osasun arazoren bat». Eta, dioenez, auzi honetan ez dago halakorik. Kontuan eduki behar da, gainera, 2010ean Urdaibaikoek pasatu behar izan zituzten kontrol guztietan ez zela positiborik egon, eta horrek ez dio mesederik egiten fiskaltzaren jarrerari. Alegia, horrek zaildu egin du Urdaibaik erosi zituen produktuak arraunlariei eman zitzaizkiela defendatzea.

Galdera asko zintzilik

Akusazio partikularrak iragarri du helegitea jarriko duela, eta, horrenbestez, auzia ez da oraindik itxiko. Urdaibaiko arraunlariren batek adierazi du beren kontra akusazioak zabaldu zituztenen kontra joan beharko litzatekeela. Garbi dago epaia Urdaibaiko 2010eko kideen aldekoa dela, baina, gainontzean, gauza asko utzi ditu argitu gabe. Esan daiteke epaiketaren aurretik bezala dagoela auzia. Susmo ziren hainbat kontu frogatutzat eman ditu epaileak —dopin substantziak erosi izana, esate baterako—, baina produktu horiekin zer egin zen ez du argitu ahal izan. Horrek esan nahi du arraunaren inguruko esamesak ez direla hemen amaituko.

Produktu horiek erosi zituela frogatu izanak ez dio dopina erabili izanaren susmoa kenduko Urdaibairi, eta itxura dago kontu honek guztiak ez duela amaierarik izango luzera begira. Ikusi egin beharko da helegiteak zer bide egiten duen eta hurrengo epaiketak zerbait argitzen duen. Galdera asko geratu dira-eta zintzilik, erantzunik gabe edo erantzun lausotuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.