Arraunaren osasuna beheko kategorietan kolokan dagoela esaten dute askok; geroz eta traineru eta arraunlari gutxiago omen daude. Egia da, baina erdizka, genero aldagaia aintzat hartuta joera ez baita bera. Talde kopuruari dagokionez, herrenka dago KAE 2 liga; sei traineru soilik ariko dira aurten, inoizko gutxien: Busturialdea, Portugalete, Lutxana, Hibaika, Orio B eta Laredo. ETE liga, berriz, indartsu dago. 2023tik, lau ez baizik zortzi ontzi lehiatzen dira Euskotren ligan, baina horrek ez du ahuldu azpiko kategoria. Kezkak uxatu, eta, talde bat gorabehera, eutsi egin dio parte hartzaile kopuruari —iaz baino bat gehiago uretaratuko da aurten; guztira, bederatzi—.
ETE ligaren sortzaileetako bi dira Maika Tameron (Errenteria, Gipuzkoa, 1967) eta Jone Oliban (Lemoiz, Bizkaia, 1992). 2018an sortu zuten elkartea; aurrez, Gipuzkoako Arraun Federazioak antolatzen zuen emakumezkoen bigarren mailako liga, baina beste forma bat eman nahi izan zioten. «Ordura arte, neskok ez genuen gure erakunde bat. Garaia zen; gutxienez, antolakuntzan parte hartzeko eta erabakiak hartu ahal izateko», azaldu du Olibanek. Hots, ahotsa izateko: «Toki guztietara gonbidatuta edo besteen esfortzuari esker gindoazela sentitzen genuen, eta ez guk toki hori merezi genuelako. Aldarrikapen moduan ere sortu genuen liga».
Horixe berretsi du Tameronek: «Sorreran, KAEn ez integratzea erabaki genuen, eta, beraz, ETE elkartea sortu genuen. KAEren laguntza izan genuen, baina independenteak ginen. Argi genuen guk nahi genuela erabaki nola nahi genuen izatea liga, arauak...». Hasiera gogorra bezain polita izan zela gogoratu du: «Lau geunden, eta ahal zena egin genuen. Boluntarioa zen dena, baina pozik eutsi genion».
«Toki guztietara gonbidatuta gindoazela sentitzen genuen, eta ez guk toki hori merezi genuelako; aldarrikapen moduan ere sortu genuen liga»
JONE OLIBANETE ligaren sortzaileetako bat
Gero, 2021ean, KAE erakundean sartzea erabaki zuten, baldintzak adostuta: «Dena klub berak osatzen dugu, baina estatutuan argi geratu zen nola nahi genuen kudeatzea. Onartu zuten, eta oso ondo. Gainera, ETEn Euskotren ligako batzuk ere integratuta daude. Adibidez, Astillero igo berria. Arauak aldatu edo zerbait egin nahi badugu, hau da horretarako aukera dugun leku bakarra».
Balorazio positiboa egin dute biek ala biek, eta emakumeen arrauna hazten ari dela nabarmendu dute. Gainera, hasiera-hasieran batzuek uste baino «indar handiagoa» dutela erakutsi dute. «Mutilek geroz eta traineru gutxiago dituzte, eta neskek gora egiten jarraitzen dugu, bai arraunlari kopuruan eta bai traineru kopuruan. Azpimarratzekoa da», adierazi du Olibanek.
Ez hori bakarrik, maila ere hobetu dute. Etorkizunera begira, baikor daude. «Emakumeen arrauna indartzeko lanean jarraituko dugu. Garai hobeagoak edo eskasagoak izango ditugu, baina ETE sortzearen helburua emakumezko arraunlariei ere kalitatezko txapelketa bat eskaintzea zen, eta hori beti bermatuko dugu».
Hiru ligak, «txukunak»
Txanponaren beste aldean dago gizonezkoen arrauna. Batez ere, hirugarren maila; hau da; KAE 2 liga. Datuei begiratu baino ez dago: 2017an hemezortzi talde lehiatu ziren, eta, 2025ean, sei soilik ariko dira. «Uste dut, kirol guztietan bezala, geroz eta jende gutxiagok hartzen duela taldeka ibiltzeko eta entrenatzeko konpromisoa; gazteak gehiago doaz gimnasiora, edo bakarka egiten dute kirola». Hori da Tameronek ondorioztatu duena; gaur egun, KAEko kudeatzailea da bera.
Parte hartzea bermatzeko neurriak lausotu eta berritu zituzten iaz; hala, kuotak betetzen ez zituzten taldeei ere lehiatzeko aukera eman zien, nahiz eta horiek ezin kategoriaz igo. Hala ere, oraingoz behintzat, ez da susperraldirik izan. «Gu saiatzen gara erraztasunak jartzen, baina dagoena dago».
Dena den, bakoitzak jarritako alea eta ahalegina eztabaidaezina da: «Talde batzuek, ontziak osatu ez arren, estropadak antolatzen jarraitzen dute; konpromiso horri eutsi diote, eta badakigu saiakerak egiten ari direla. Egundoko esfortzua egiten dute klubek».
Azken urteetan, B talde asko ere desagertu dira; besteak beste, Bermeo, Donostiarra, San Juan eta San Pedro. Horrek ere eragina duela uste du Tameronek: «Talde mitikoak dira, beti egon direnak, baina ez dute ontzia ateratzen, jendea falta dutelako». Hain justu, Donostiarrak KAE 1era igotzea lortu zuen iaz, baina uda honetan ez da lehiatuko. Haren ordez, Castro ariko da.
«Talde batzuek, ontziak osatu ez arren, estropadak antolatzen jarraitzen dute; konpromiso horri eutsi diote, eta badakigu saiakerak egiten ari direla. Egundoko esfortzua egiten dute klubek»
MAIKA TAMERONETE ligaren sortzaileetako bat eta KAEko kudeatzailea
Hala ere, Tameron ez dago kezkatuta KAEren bilakaerarekin, eta hiru liga «txukun» osatu dituztela nabarmendu du: KAE 1, KAE 2 eta ETE. Izan ere, erakundearen parte diren klubek beste ligentzako estropadak ere antolatzen dituzte, eta, hala, batak bestea elikatu: «Ez da Eusko Label edo Euskotren ligetan bezala; haiek beste baliabide batzuk dituzte. Hemen klubek antolatzen dituzte estropadak, eta egundoko lana da. Orduan, demagun Santurtzik antolatzen duela KAE 1erako bere estropada; ba, antolatzen du beste bat neskentzat ere, ETErako. Eta Isuntzak ere antolatzen du ETErako bere estropada, baina baita KAE 2rako ere. Formula hori funtzionatzen ari da». KAE 1en hamalau estropada jokatuko dituzte aurten, KAE 2n hamabi, eta ETEn hamalau.
Bat indartsuago, eta bestea ahulago, baina arraunzaleen gozamena bermatuta dago, beraz; gorenean ez ezik, azpiko kategorietan ere bai baitaude kategoriako estropadak eta ontziak. Argi eta garbi esan dute biek: «Maila handia dago».
GIpuzkoako eta Bizkaiko traineru txapelketak, igandean
Geroz eta gutxiago falta da arraun denboraldia hasteko, eta arraunlariak gogor ari dira lanean. Proba ona izango dute ekainaren 1ean, igandean: Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatuko dute Orion (10:30), eta Bizkaiko Traineru Txapelketa Mundakan (10:15). Iaz Arraun Lagunak eta Hondarribia nagusitu ziren Gipuzkoakoan, eta Kaiku eta Bermeo Bizkaikoan. Euskadikoa, berriz, hurrengo astean izango da, ekainaren 8an; eta astebete geroago jokatuko dute Espainiako Txapelketa, ekainaren 15ean, Castro Urdialesen.