Arrauna

Etorkizun oparoa dute

Nerea Kurto eta Oihan Manterola dira Euskotren eta Eusko Label ligetako patroirik gazteenak. Ez dute espero aurten maila nagusian debuta egitea, baina ilusioz daude. Arraunaren gainean pasioz hitz egin dute biek.

Nerea Kurto eta Oihan Manterola. GORKA RUBIO / FOKU
Nerea Kurto eta Oihan Manterola. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko abuztuaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ardura handiko lana da patroiarena, berezia eta funtsezkoa. Ontziak haren gidaritzapean egiten du aurrera, eta, ezinbestean, liderra behar du izan. Lehorretik ari dira ikusten Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak Oihan Manterola (Orio, Gipuzkoa, 2008) eta Nerea Kurto (Errenteria, Gipuzkoa, 2008), baina haiek ere bultza egiten diote ontziari, taldearen parte baitira. Hain zuzen, haiek dira maila nagusiko patroirik gazteenak. 16 urte baino ez dituzte —abenduan egingo dituzte 17—.

Orion dabil Manterola, eta Hibaikan Kurto. Gizonezkoen taldean badago Manterolaren adina halako bi duenik. Horietako bat, patroi titularra: Gorka Aranberri —38 urte ditu—. Erreferentea da gazteentzat, eta, nola ez, Manterolarentzat: «Gorka txikitatik izan da nire idoloa. Umetan haren bideoak ikusten nituen, eta, Orion zegoenean, haren sinadura zuen kamiseta bat nuen. Aurten hona zetorrela jakiteak ilusio handia egin zidan. Niretzat, ametsa da haren ondoan egotea; oso gustura nago».

Patroi «berezia» dela azpimarratu du. «Zuek telebistakoa ikusi duzue, duen kalitatea, alegia; baina entrenamenduetan taldeari transmititzen diona ikaragarria da. Bigarren entrenatzailea izatea bezala da. Ikusgarria da nola daraman arraunlari bakoitza taldean sartuta». Harengandik ikasi nahi luke, eta ari da, pixkanaka. 

«Arraunzalea» da Orioko patroi gaztea, eta, hortaz, «pozez zoratzen» dago. Aurten aurrenekoz egin du denboraldiaurrea lehen taldearekin, eta lortu du entrenatzailearen konfiantza izatea: hura da Aranberriren ordezkoa. «Sei hilabete atzera eginda, ez nukeen imajinatu ere egingo. Ikerrek [Zabalak, entrenatzaileak] aukera ona eman dit, asko ari naiz ikasten. Niretzat esperientzia hau paregabea da. Taldeari ahalik gehien eman nahi diot».

«Ikerrek [Zabalak, entrenatzaileak] aukera ona eman dit, asko ari naiz ikasten. Niretzat esperientzia hau paregabea da. Taldeari ahalik gehien eman nahi diot»

OIHAN MANTEROLA Orioko patroia

Esker hitzak ditu Anjel Larrañaga Orio B taldeko teknikariarentzat ere, «asko lagundu» baitio. Hain zuzen, Eusko Label ligan ez, baina KAE 2 ligan bai ari da patroi lanetan Manterola, B ontzian. «Lehen taldearekin ari naiz entrenatzen, eta, aldi berean, B ontzian ari naiz lehiatzen. Hori ere ikasketa handia da niretzat, asko laguntzen dit». Ondo ari dira, gainera; haiek dira sailkapenaren buru.

Badu amets bat Manterolak: «Orioko popan egotea». Hau da, egunen batean lehen taldeko patroi titular izatea. Lortu artean lanean eta borrokan segituko duela azpimarratu du.

Hori bera nahi luke Kurtok ere, baina beste ontzi batean, Hibaikakoan. Hala ere, ez du presiorik, ezta presarik ere. «Nire entrenatzaileak esan zidan bezala, oraindik 16 urte ditut. Pazientzia izan behar dut». 

Kurtok bigarren urtea du Hibaikako lehen taldean. «Aukera ona da, ikasten ari bainaiz gutxinaka-gutxinaka oinarri on bat izateko. Patroiontzat traineru batean aritzea nahiko desberdina da batel batean edo trainerilla batean aritzearekin alderatuta; hutsetik hastea da». Ez du uste aurten uretaratu eta debuta egingo duenik, baina, edozer gerta ere, «prest» dago.

Aurkariak dira Manterola eta Kurto. Izan ere, errenteriarra ere lehiatzen da KAE 2 ligan, mutilekin —Ander Rekondoren ordezkoa da—: «Betidanik mutilekin aritu naiz patroi lanetan, eta aurten hasi naiz gehiago neskekin egoten. Iaz, adibidez, neskekin estropada gutxi egin nituen». Arraunlari hasi zuen kirol ibilbidea Kurtok, baina dagoeneko hirugarren denboraldia du patroi lanetan. 

«Aukera ona da, ikasten ari bainaiz gutxinaka-gutxinaka oinarri on bat izateko. Patroiontzat traineru batean aritzea nahiko desberdina da batel batean edo trainerilla batean aritzearekin alderatuta»

NEREA KURTO Hibaikako patroia

Azaldu duenez, postu desberdina da, eta, beraz, ardura ere sumatzen du. «Zuk ikusten duzu arraunlari denen partez, eta, momentu horretan, entrenatzailea ere bazara. Estropadetan normalean entzungailua eramaten dugu entrenatzailearekin hitz egiteko, eta hark eskatutakoak transmititu behar dituzu. Hori, batzuetan, pixka bat zaila da. Ez da bakarrik errepikatzea. Estropadaren zati handi bat pasatu denean, arraunlariak beste mundu batean daude, orduan, entzun zaitzaten, beraien arreta erakarri behar duzu». 

Burua hotz izatea ere funtsezkoa dela iritzi dio: «Arraunlariek ez dute ikusten zer datorren eta zer ez. Olatua datorrela esan behar duzu, ea enborrak dauden, haizea... dena. Burua hotz izan behar duzu, eta erreferentziekin ere apur bat jokatu, jolastu. Asko du alderdi mentaletik».

Taldea, indartsu

Bai Orio bai Hibaika «indartsu» sumatzen dituzte. «Irabaztea inoiz ez da erraza. Oso talde indartsua dugu, eta jende asko gara: 22 pertsona. Denok gaude prest Eusko Label ligan lehiatzeko. Ontziak edozeinekin funtzionatzen du, 22 lagunekin funtzionatzen du. Hori da garrantzitsua», azpimarratu du Manterolak. Eta halaxe ari dira, nagusitasunez.

Hibaika, berriz, bosgarren da Euskotren ligan, eta bigarren KAE 2n: «Bai neskak bai mutilek negu oso ona egin dugu. Prestatzaile fisiko berria etorri da, eta oso ondo moldatzen gara harekin. Entrenamendu onak jartzen dizkigu. Aurtengo ligan, traineru asko ibiliko dira oso segundo gutxian». Orain arte, halaxe izan da.

Arraunean bide luzea dute aurretik Kurtok eta Manterolak, eta etorkizun oparoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.