«Oso garrantzitsua da horrela hastea: mesede handia egingo digu. Gustura aritu naiz, baina aurkariek ez naute asko behartu; ez dute egun ona izan. Ezin da ondorio argirik atera». Pozik eta zuhur hitz egin zuen Joseba Ezkurdiak joan den larunbatean, Logroñoko (Espainia) Adarraga frontoian jokatu berritan. Ezkurdia lehen aldiz aritu zen atzelari binakako txapelketan, Jokin Altunarekin batera, eta estreinako ezin hobea izan zuten: nagusitasun handiz irabazi zieten Peio Etxeberriari eta Beñat Rezustari, 22-5.
Ikusmina zegoen nola ariko ziren elkarrekin Altuna III.a eta Ezkurdia. Elkarrekin jokatutakoak ziren, baita ondo moldatu ere: irailean aritu ziren azkenekoz, Logroñoko sanmateoetan, eta txapeldunorde izan ziren. Baina torneo laburra zen hori: hiru partida jokatu zituzten sei egunetan. Binakakoan, berriz, gutxienez hamalau partida jokatuko dituzte, hau da, hiru hilabete baino gehiago ariko dira eman eta eman. Alde handia da hori.
Ezkurdiak bereganatu zuen arreta handiena partida hasi aurretik. Hura ariko zen postua aldatuta, eta lehen azterketa zuen. Gainditu egin zuen, ondo gainditu ere. Txukun aritu zen: tanto bat egin zuen, eta beste bat huts egin. Ez zen nagusitu atzean, baina aurkariek ez zuten ia estu hartu: arbizuarrak laugarren eta bosgarren koadroen artean jo zituen pilotakada gehienak.
Atzelari batek jo ohi dituen pilotakadak baino gutxiago jo zituen: 90; Rezustak, adibidez, 106 jo zituen. Altuna izan zen nagusi bikotean. Hark jo zuen pilotakada gehien lau pilotarietatik: 118. Asko eta ondo jo zuen: hamahiru tanto egin zituen, eta ez zuen hutsik egin. Ezkurdiak botez jo zituen pilotakada gehienak, baina hark indartsu jotzen du pilota boleaz, eta askotan erabili zuen baliabide hori, bai defendatzeko, bai eraso egiteko. Hain zuzen, boleaz egin zuen tanto bakarra.
«Nik ere badut beldur pixka bat Josebarengatik. Dohainak baditu, esperientzia ere bai, baina 34 urte ditu»
JOKIN ETXANIZ Aspeko zuzendari teknikoa
Ezkurdia Jokin Etxaniz (Bergara, Gipuzkoa, 1970) Aspeko zuzendari teknikoarekin dabil entrenatzen frontoian. Etxanizen iritziz, arbizuarra «nahiko ondo» aritu zen Adarragan, baina berehala erreparatu dio emaitzari eta aurkariak gaizki aritu izanari. Ados dago Ezkurdiak esandakoarekin, hau da, ezin dela ondoriorik atera. Baina nabarmendu du horren ondo hasteak «mesede» egiten duela, «konfiantza hartzeko».
Azaldu duenez, «ilusioz» ari da arbizuarra, «erronkatzat» hartu baitu atzean jokatzea. Baina, kontatu duenez, Ezkurdiak badu «beldur pixka bat behar bezain ondo ez aritzeko». Altunarekin ari da, eta horrek «onetik eta txarretik» baduela dio. «Beti da mesedegarria onenarekin jokatzea, baina presioa ere sortzen du horrek. Hala ere, gaur-gaurkoz, gogotsu ari da, eta uste du poliki-poliki gero eta hobeto ariko dela. Hori gertatzea litzateke normalena».
Adinaren traba
Binakakoaren azken aurrelari txapelduna da Ezkurdia, baina Aspek atzelari jarri du. Etxanizek onartu du berak «nahiago» zuela atzelari batek jokatzea, baina enpresak «beste arrazoi batzuengatik» egin duela Ezkurdiaren alde. «Nik ere badut beldur pixka bat Josebarengatik. Dohainak baditu, esperientzia ere bai, baina 34 urte ditu. 27 zituenean galdetu bazenit txapelketa joka dezakeen, baietz esango nizuke seguru: txinpartatsu zebilen garai horretan. Baina ez da gauza bera 34rekin jokatzea edo 27rekin. Ondo ari da, eta azken binakakoa irabazi zuen, baina ez da lehengo bera».
Aurrelari batentzat atzean jokatzea zama edo motibazioa den galdetuta, esan du «pilotariak dituen dohainaren araberakoa» dela hori. Hala ere, azpimarratu du «alde oso handia» dagoela partida bat edo txapelketa bat jokatzearen artean. «Gutxienez hamalau partida jokatuko dituzte pilotari onenen aurka, eta horiek segituan atzematen dizute larri zabiltzala, eta zure bila doaz zuzen-zuzenean».
Etxanizek Ezkurdiaren ahuluneak eta indarguneak azaldu ditu. «Batetik, atzelari asko hura baino gehiago dira kolpez, eta alde handia dago laugarren edo bosgarren koadroan pilota jo edo hamargarrenean: frontisa txikiago ikusten da. Baina, bestetik, hura ondo moldatzen da airez, erraz mugitzen da kantxan, ondo ikusten du jokaldia, eta, askotan, ezkerrez hobeto aritzen da eskuinez baino. Beste atzelariek ez dituzten zenbait dohain ditu, eta horiek aprobetxa ditzake bikoteak».
Hala ere, «sufritu» egingo dutelakoan dago. «Askotan, aurkariek mendean hartuta edukiko dituzte, baina bai Jokinek bai Josebak defentsa ona dute; badakite sufritzen, badakite sufritu egingo dutela, eta gai dira defentsan ari direla egoerari buelta eman eta nagusitzeko. Hori egiteko zain egongo dira». Horren harira, ez du uste «itsu-itsuan» saiatuko direnik erasora jotzen. «Baliteke erasora jotzea, baina gai dira piloteoan aritzeko ere. Partidak edo tantoak eskatzen duenaren arabera jokatuko dute modu batera edo bestera».
«Askotan, aurkariek mendean hartuta edukiko dituzte, baina gai dira defentsan ari direla egoera irauli eta nagusitzeko»
JOKIN ETXANIZ Aspeko zuzendari teknikoa
Zer itxura hartzen dio Etxanizek bikote horri? Noraino irits daiteke? Ez da ausartu ezer esatera. «Ez dakit nondik joango den bikote hori, baina bi gauza argi ditut: batetik, sufritu egin beharko dutela, eta, bestetik, ez dela erraza izango haiei irabaztea. Kontrarioek pilotan egin beharko dute haiei irabazteko».
Altunak eta Ezkurdiak Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren aurka jokatuko dute bigarren partida, igandean, Eibarko Astelenan (Gipuzkoa). Etxanizen ustez, «proba gogorra» da neurketa hori. «Zabaleta Zabaleta da, eta Aitor gai da pilota atzeratu, zuloa ireki, eta gero tantoa bukatzeko. Partida zaila dute Jokinek eta Josebak, baina horrelakoak izango dira partida guztiak».
Lehen neurketak eragindako aurreikuspenak apaldu nahi izan ditu. «22-5 irabazi zutenez, jendea hasi da jada hizketan, baina hau hasi besterik ez da egin. Zorteak zerikusi handia du horren txapelketa luze batean: ez lesionatzeak, eskuko arazoak ez izateak, bolada onak eta txarrak kudeatzeak... horrek guztiak badu zeresanik. Honek buelta asko ematen ditu».