Europa da Realarentzat sendagairik onena

Igandean Racingen aurka galdu eta gero, Europa liga baliatu nahi du talde txuri-urdinak bolada onera itzultzeko. Crystal Palacen aurka jokatuko du, Londresen. Etxeko taldea azken sailkatua da Ingalaterrako ligan. Matarazzok deialdian sartu du Dani Diaz.

Realeko jokalariak Oskarssonek Lyoni sartutako gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Realeko jokalariak Lyoni sartutako gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2026ko azaroaren 25a
16:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etenalditik ez da joan zen bezain ondo bueltatu Reala. Ligako azken neurketan 3-2 galdu zuen Santanderren, Racingen aurka, eta ezin izan zion bolada onari segida eman. Defentsan denboraldian zehar ikusitako akatsak errepikatu zituzten txuri-urdinek, eta oraingoan ez zen nahikoa izan erasoan egindako lana. Aho zapore txarra utzi zien porrota. Horri buelta emateko, bihar Europa ligan jokatuko duen  neurketa baliatu nahi du Pellegrino Matarazzok zuzentzen duen taldeak; eta, hala, ligaxka lehen zortzien artean amaitzeko aukerei eutsi. Txuri-urdinek Crystal Palace izango dute aurkari, Londresen  (21:00, Movistar+). Ingalaterrako taldea denboraldi txarra egiten ari da, Ligan azken postuan dago, eta entrenatzailez aldatu zuen etenaldiaren aurretik. Realaren 1.800 Realzale inguruko bilduko dira Selhurst futbol zelaiko harmailetan. 

Ligaxkako bosgarren jardunaldiko neurketa izango da bihar jokatuko dutena, eta beste hiru partida faltako dira hura amaitzeko. Une honetan Turkiako Besiktas da zortzigarren postuan dagoen taldea, zazpi punturekin. Realak bi gutxiago ditu, bost, eta hogeigarren dago. Sailkapena, beraz, oso estu dago. Biharko aurkariak, Crystal Palacek, puntu berdinak ditu, eta postu bat atzerago dago. Jasotako golen aldeak bereizten ditu. Realari sei gol sartu dizkiote, eta Ingalaterrako taldeari bederatzi.

Beraz, bihar irabazita ondo bideratuta izango luke txapelketan segitzea talde txuri-urdinak, eta zortzigarren izateko aukerei eutsiko lieke. Ondoren irabazi beharreko bi neurketa izango ditu etxean: Torreenseren eta Viktoria Plezenen aurka. Azkenik, Juventusen zelaia bisitatu beharko dute. Sailkapeneko lehen zortzi postuetan amaitzea garrantzitsua izango da taldearentzat, zuzenean final-zortzirenetarako sailkatuko baita, eta ez duelako jokatu beharko final-hamaseirenetako kanporaketa. Donostiarrek egutegi betea dutela kontuan hartuta, bi norgehiagoka gutxiago jokatzeak mesede egingo die jokalariei.

Baina garaipena lortzeko Racingen aurka baino hobeto aritu beharko dute, batez ere eraginkorrago bi areatan. Izan ere, 7. minuturako 2-0 zegoen galtzen Matarazzok zuzentzen duen taldea, defentsan egindako bi akatsengatik. Erasoan, berriz, kamuts jardun zuten. 31 jaurtiketa egin zituzten—horietatik hemezortzi aurkariaren area barruan—baina bitan baino ez zuten sareratu baloia. Gol aukera garbiak eduki zituzten batez ere Oskarssonek eta Oiartzabalek. Baina ez zuten asmatu. Crystal Palace aurkari aproposa izan daiteke hori aldatzeko. Izan ere, 33 gol sartu dizkiete hamazazpi neurketa ofizialetan, ia bi partidako. Ingalaterra Ligan gol gehien jaso dituen taldea da. Realak ere asko jaso ditu, 27. Aldea sartutako goletan dago, Realak 32 sartu ditu, eta Crystal Palacek 25. Londreseko taldeak atzean dituen hutsuneak baliatzea izango da gakoa, eta ondoren aukerak gauzatzea.

Ander Barrenetxeak luzerako min hartu eta gero, erasoko hegaletan jokalari gutxirekin geratu da Matarazzo. Racingen aurka Sucic kokatu zuen hegalean. Kroaziako jokalaria denboraldi bikaina egiten ari da, sasoi onean dago. Baina zera nabaritu zen: erdian moldatzen dela ondoen. Biharko neurketari begira Take Kubo da Barrenetxearen tokia hartzeko aukera gehien dituena. Baina Matarazzok deialdian sartu du baita ere Dani Diaz, bigarren taldeko jokalaria. Hegalekoa maila ikusgarrian ari da, eta aurreko astean hasi zen lehen taldearekin entrenatzen. Harekin batera, Luken Beitiak ere Londresera bidaiatu du, asteburuan bigarren taldearekin jokatu eta gero; baita Alex Lebarbierrek ere. Etxean geratu dena, berriz, Jon Mikel Aramburu izan da. Aldakan min du, Iñigo Vicentek igandako partidan emandako kolpe itsusiaren ostean. Ezusterik ezean Jon Martin hasierako hamaikakora itzuliko da, eta Europa ligako aurreko partidetan gertatu bezala Unai Marrerok zainduko du txuri-urdinen atea.

Maldan behera

Crystal Palace denboraldi kaskarra egiten ari da, batez ere Ingalaterrako Ligan. Bertan azken sailkatua da hamaika jardunaldiren ostean, Zazpi puntu eskuratu ditu soilik. Gainera, bost norgehiagoka galdu ditu jarraian, azkena Coventry City taldearen—igo berria da— aurka: 3-2.

Udan Oliver Glasner entrenatzaileak taldea utzi zuen, hiru denboraldiren ostean. Haren aginduetara denboraldi ederrak egin zituen Londresko taldeak. FA Kopako eta Community Shieldeko txapeldun izan zen iaz, eta Konferentzia ligakoa aurtengo maiatzean, Rayo Vallecanori finalean 1-0 irabazi ondoren. Denboraldi honetan lehen aldiz ari da jokatzen Europa liga horri esker.

Pierre Sagek ordezkatu zuen Glasner. Entrenatzaile frantziarra Lensetik iritsi zen, Frantziako Kopa irabazita. Azken denboraldietako bideari segitzea zen helburua. Baina ligako hamar jardunaldi eta Europa ligako lau iraun ditu taldea zuzentzen, emaitza txarrak tarteko kargutik kendu baitzuten etenaren aurretik. Azaroaren 16an Thomas Frank danimarkarra izendatu zuten entrenatzaile izateko. Ingalaterrako Ligan esperientzia duen prestatzailea da, Brentforden eta Tottenhamen aritutakoa baita. Etenaldian taldea ezagutzeko aukera izan zuen, baina estreinakoan ez zuen garaipena lortzerik izan. Realaren aurkako partida  Franken bigarren partida izango da aulkian, baina lehenengoa bere zaleen aurrean, eta garaipena lortu nahiko du. Dena den, ingelesen lehentasuna ligan beheko postuetatik ateratzea da, eta hori baliatu behar du Realak. 

Crystal Palace, hala ere, ez da nolanahiko aurkaria. Maila handiko jokalariak ditu Ingalaterrako taldeak, eta hauek dira aipatu beharreko batzuk: Jean-Philippe Mateta, Yeremi Pino, Daichi Kamada eta Alex Disasi, besteak beste.  Adam Wharton faltako du biharko partidan, zigortuta baitago. Zelai erdian funtsezko jokalaria da. Bestalde, min hartuta daude Chadi Riad, Takehiro Tomiyasu, Ismaila Sarr eta Oscar Mingueza.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA