Mediterraneoko Jokoak, Europako Txapelketa, Munduko Txapelketa eta Olinpiar Jokoak. Horiek dira Imanol Gartziandiak (Urretxu, Gipuzkoa, 1995) gaur arte jokatu dituen selekzioen arteko txapelketak. Guztiak Espainiarekin. Gaur arratsaldean beste Europako Txapelketa bati ekingo dio. Berriro ere munduko jokalari onenetakoekin lehiatzeko aukera izango du. Aurtengo Txapelketa Danimarkan, Suedian eta Norvegian jokatuko dute. Gartziandiak nabarmendu du txapelketa hasi aurretik «motibatuta eta urduri» egoten dela, baina orain saiatzen dela «naturaltasun handiagoz» hartzen, jada ez baitu lehen aldia. «Hasiera-hasieratik badakigu txapelketa oso gogorra izango dela, baina ilusioz gaude, eta argi daukagu gauzak ondo eginez gero dominaren bat lortzeko borrokan egongo garela», adierazi du. Harekin batera beste bi euskal jokalarik hartuko dute parte txapelketan: Sergei Hernandezek eta Kauldi Odriozolak.
Hain zuzen ere, datorren denboraldian Odriozolarekin jokatuko du Naoneden, Bretainian, azken bost denboraldietan Hungariako Szeged taldean jokatu ostean. Horiek horrela, eskubaloian egin duen ibilbidea gogoratu nahi izan du: «Logroñon, Frantzian eta Hungarian jokatzeak izateko era asko aldatu dit, eta izugarri ikasi dut. Hainbeste jende, kultura eta herrialde ezagutzeak bizitzaren ikuspuntua asko aldatzen du, eta oso gustura nago egiten ari naizen ibilbidearekin».
Naonedera joateko erabakia «hainbat» arrazoirengatik hartu duela adierazi du. Hasteko, «zerbait berria» probatzeko gogoa zeukan. Gainera, 2020-2021 denboraldian ere Frantziako Ligan jokatu zuen: Pays d’Aix UCH taldean, eta «oso gustura» aritu zen bertan. Bestalde, Naoneden Kauldi Odriozola eta Ian Tarrafeta lagun minek jokatzen dute: «Horrek ere lagundu dit erabakia hartzen». Hungariako eta Frantziako ligen arteko desberdintasunek ere zerikusia izan dute Gartziandiaren erabakian. Haren ustetan, Frantziako Ligan «azpiegitura handiagoak» daude, eta partidak «ikusgarriagoak» izan ohi dira. Jokatzeko moduari erreparatuta, adierazi du Frantzian «azkarrago» jokatzen dela; Hungarian, berriz, jokalariak «fisikoagoak eta indartsuagoak» dira. Szegeden «gustura» dabil, baina Frantzian jokatu zuen garaiko oroitzapen «ederrak» ditu, eta berriro halako sentipenak izateko gogoz dago. «Pozik» dago hartu duen erabakiarekin.
«Pozik nago Naonedera joateko hartu dudan erabakiarekin. Frantziako Ligan azkarrago jokatzen dute, eta partidak ikusgarriagoak izan ohi dira»
IMANOL GARTZIANDIA Eskubaloi jokalaria
Europako liga indartsuenetakoa da Frantziakoa, eta, hain zuzen ere, uste du Frantziako selekzioa dela Europako Txapelketako talde ahaltsuenetako bat. Gartziandiaren arabera, Danimarka da irabazteko hautagai nagusia: «Faborito argia da. Apenas du ahulgunerik, eta munduko atezain zein jokalari onenak dituzte». Gainera, etxean jokatuko dute. Haren ustez, selekzio guztien artean, Frantziak egin diezaioke aurre Danimarkari. «Ondoren, sei edo zortzi selekzio ikusten ditut, antzera dabiltzanak. Azken urteetan selekzioen arteko aldeak asko murriztu dira, eta txapelketa oso gogorra izango da».
Gogortasun horren isla, lehen fasean ondorengo aurkariak izango dituzte: Serbia, Austria eta Alemania. «Alemaniaz ez dago gauza handirik esateko. Oso talde indartsua da, Europako onenetariko bat. Gainera, beste aurkari posible guztien artetik, alde handiz, bi gogorrenak tokatu zaizkigu. Beraz, ez dugu partida errazik izango, eta guztietan borrokatu beharko dugu». Serbiaren aurka jokatu duten guztietan «izugarri» sufritu dutela azaldu du, eta gogorarazi Austriaren aurka berdindu egin zutela duela bi urteko Europako Txapelketan. Gartziandiaren esanetan, «oso garrantzitsua» da bigarren ligaxkara puntuekin sailkatzea.
«Azken urteetan selekzioen arteko aldeak asko murriztu dira, eta txapelketa oso gogorra izango da. Danimarka da irabazteko hautagai nagusia»
IMANOL GARTZIANDIA Eskubaloi jokalaria
Irabazteko defentsako lana erabakigarria izango dela nabarmendu du. «Erasoan ia beti aurkitzen dugu aurkariari min egiteko modua, baina defentsan gorabehera gehiago izan ohi dugu». Nahiz eta askotan 5-1 edo 4-2 motako defentsak probatzen dituzten, defentsan «egonkortasuna aurkitu» eta «sendo» egotea izango da gakoa, azaldu duenez.
Azken urteetan belaunaldi aldaketa bat izan da Espainiako selekzioan. Talde gaztea dute, eta Gartziandia da eskarmentu handia dutenetako bat. «Bagaude zortzi edo hamar jokalari lehendik horrelako txapelketaren bat jokatu dugunak, baina gainontzekoek lehen aldia izango dute». Dena dela, gaztetasun horrek bere «alde onak» ere badituela aitortu du: «Jokalari gazteek beste freskura bat ematen diote taldeari, eta ikusi egin beharko da horrek guztiak txapelketan nola funtzionatzen duen».