Euskal selekzioak lehen aldiz jokatu berri du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean: zesta-puntako Nazioen Liga, Gernika-Lumon (Bizkaia), ekainaren 1etik 6ra. Antolatzaileek «historikotzat» jo zuten txapelketa, eta mugarri izan da. Gainera, euskal selekzioak urrezko domina bat eta zilarrezko beste bat lortu zituen. Hala ere, euskal puntista batzuek Espainiako selekzioarekin jokatzea erabaki zuten, eta haien adierazpen batzuek harrabotsa sortu dute, hautaketa prozesuaren inguruan zalantza agertu baitute.
Euskadiko Pilota Federazioak irmo erantzun du ohar batean: «Ander Bilbao [euskal selekzioko] hautatzaileak lehen hautaketan hartutako pilotari guztiak formalki deituak izan ziren, eta bertan ez parte hartu izana erabaki pertsonal eta librea izan da, ez baitzuten onartu federazioak ezarritako prozesu teknikoan parte hartzea». Hala, federazioak Nazioen Ligarako hautaketa prozesuaren zilegitasuna berretsi du.
Prozesua nola izan zen azaldu du: Ander Bilbao hautatzaile izendatu, eta hark emakumezkoen eta gizonezkoen lehen hautaketa zerrendak egin zituen, eta klubei bidali: «Entrenamendu berezietan parte hartzeko aukera eman zitzaien lehen hautaketan hartutako guztiei, behin betiko selekzioak osatu aurretik». Hori bai, pilotariei «argi eta garbi» jakinarazi zitzaien hautaketa prozesu bakar batean parte har zezaketela: hau da, euskal selekziokoan edo Espainiakoan. Arau hori ezarri zuen Espainiako Pilota Federazioak ere.
«Euskadiko Federazioak antolatutako lehen aukeraketan parte ez hartzea erabaki zuten zenbait pilotarik. Federazioak ez zuen azalpenik eskatu, pilotari bakoitzak zein federazio ordezkatu nahi duen erabakitzeko autonomia errespetatzen baitu», azpimarratu dute. Pilotari horiek dira Markina Zesta Eskola klubeko Erika Mugartegi, Arai Lejardi, Lur Lejardi eta Gorka Mugartegi, eta Zumaia klubeko Cosme Agirre.
Federazioak adierazi duenez, txapelketa bukatutakoan puntista horietako batzuek hautaketa prozesutik kanpo geratu zirela iradoki dute, «ustezko bazterketa edo federazioaren borondaterik ezaren ondorioz». Gezurtatu egin du hori federazioak: «Ez da inor baztertu. Lehen aukeraketan parte hartzea ezinbesteko irizpide teknikoa izan zen selekzio ofizialean parte hartu ahal izateko, eta horrela jakinarazi zitzaien argi eta garbi klub guztiei».