Espainiak Argentinaren kontra jokatuko du futboleko Munduko Kopako finala, 21:00etan. Horren atarian, jendetza bildu da Hego Euskal Herriko hiriburuetako plazetan, euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde. Izan ere, bazterrak nahastu ditu Hego Euskal Herriko udalerri askotan partida ikusteko pantaila erraldoiak jartzeko hartu duten erabakiak, eta euskal talde nagusietako zale talde batzuek eta euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko plataformek mobilizazioak antolatu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

Zazpi Baietz elkarteak sare sozialetan adierazi du Euskal Herria «larrialdi egoeran» dagoela, eta Munduko Kopako finalak agerian utzi duela hori: «Euskal selekzioa etxean gelditu da, eta ez inoiz galdu duelako, jokatzen ere utzi ez diotelako baizik».
Salatu dute «kanpaina basati» bat egiten ari direla Espainiako eta Frantziako selekzioak «zuritzeko»: «Kirola eta politika nahasezinak diren doktrinapean, gure arteko partida eremu neutralean jokatzen ariko balitz bezala mintzo zaizkigu, mespretxuz, gezurretan ari dela ondo dakienaren harrokeriaz». Argudiatu dute Espainiako edo Frantziako taldeak babestea ez dela neutrala izatea, euskal selekzioaren izateko eskubidea ukatzea baizik.
Adierazi dute Euskal Herriak bizirik iraun nahi badu selekzio ofizial baten beharra duela, eta, horretarako, defendatu dute «asimilazioari aurre egin» eta ahalik eta eremu guztietan Euskal Herriaren nazio izaera babestu behar dela. Euskal Herriko kirol federazio guztiei babesa ematea proposatu dute, «selekzio arrotzekin» lehiatzeari uko egiten dioten kirolariak gorestea, eta apaltasunez eta konbikzioz pedagogia egitea.
Parte hartzeko deia
Mobilizazioetan parte hartzera deitu zuten zenbait eragile politikok: Ernaik, GKSk eta Jardun Koordinakundeak, besteak beste. Uste dute «espainolismoa» normalizatzen ari dela Euskal Herriko kaleetan, eta beharrezkoa iruditzen zaie joera horren kontrako mezua plazaratzea, baita euskal selekzioaren aldeko aldarriak kalera ateratzea ere. Ernaik, zehazki, eskatu du partida jokatzen ari diren bitartean telebista itzaltzeko, eta jartzeko euskal selekzioaren ikurrak balkoietan eta kamiseta soinean.