Euskal selekzioak 1-0 irabazi dio Venezuelari, eta ofizialtasunaren aldarria ozen entzun da

Zale eta jokalari, euskal selekzioak indar erakustaldia egin du, eta merezita hartu du mendean Venezuela. Jauregizarrek egin du partidako gol bakarra, burukada eder batekin. 40.000 lagunetik gora bildu dira San Mameseko harmailetan.

Euskal selekzioko jokalariak, Jauregizarrek sartutako gola ospatzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Euskal selekzioko jokalariak, Jauregizarrek sartutako gola ospatzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jon eskudero
Bilbo
2026ko azaroaren 14a
22:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Musika, dantza, ilusioa, urduritasuna, tentsioa, aldarria, eta garaipena. Gau magikoa bizi ahal izan du gaur euskal selekzioak, Venezuelaren aurkako partidan, San Mamesen. Harmailetan 40.000 lagunetik gora zirela, jokalariek eta zaleek eskutik egin dute garaipenerako bidea, eta goia jo du ofizialtasunaren aldeko deiak. Emozio handiko uneak sortu dira, eta argazki politenetako bat Jauregizarrek eskaini du, gola egitearekin batera birritan musukatu baitu elastikoko armarria. Gola buruz egin ondoren, bihotzaren pareko armarria musukatu izanak negar malko bat baino gehiago eragin du Partida amaitu bezain laster jokalariek jasotako txalo zaparrada ere esanahi handikoa izan da, garbi bistaratu baitu urtean behin soilik jokatuta ezin konforma daitekeela euskal selekzioa.

Partidak lagunartekotik gutxi zuela lehen jokaldian bertan erakutsi nahi izan dio Venezuelak euskal selekzioari. Gogor hasi dira bisitariak, bi aldiz pentsatu gabe faltak eginaz. Hori ikusirik, etxekoek ere hortzak estutu dituzte, eta tentsioa izan da nagusi zelaian. Nor baino nor gehiago ibili dira bi taldeak jokaldi guztietan, baina futbolean hobetu jokatu duen Jagoba Arrasatek zuzentzen duen multzoak. Hori bai, gol aukera garbirik ez  dute sortu elastiko berdedunek, azken pasean gaizki ulertze batzuk izan dituztelako. Venezuelak, bere aldetik, lerroak ongi kokatuta izatera eta defentsan zorrotz jardutera mugatu du bere jokoa. Horretan maisua dela berretsi du

Lehen hamabost minutuetan ez da gauza ikusgarririk gertatu zelaian, baina harmailetan bai. Giro ezin hobea sortu dute jarraitzaileek, biharrik ez balego bezala abestuz. Zelaiaren gehiengoa beteta egonik, Ikusi mendizaleak kantuak oilo ipurdia eragin du. Are bereziagoa izan zen da batez Iñigo Cabacas eta Aitor Zabaleta gogoan hartu dituzten momentua. Independentziaren aldeko oihuak ere ez dira falta izan. Bien bitartean, bi selekzioek lehian jarraitu dute, eta Venezuelak izan du lehen gol aukera garbia, 17. minutuan. Falta bati buruz errematea eginda, Yangel Herrerak langara bidali du baloia. Euskal selekzioak pare bat aukera ere izan ditu jarraian, baina Turrientesen eta Johanekoren jaurtiketak kanpora alde egin dute.

Pixkanaka irekitzen hasi da partida, atezainei lana pilatuz joan baitzaie. Kepa Arrizabalaga bikain aritu da atepean, seguru. Bi areatan egon dira aukerak, eta 28. minutuan heldu da 1-0ekoa, Jauregizarren eskutik. Vicentek motzean atera du kornerra, Larrazabalek baloi ederra jarri du area barruan, eta Jauregizarrek dotore amaitu du jokaldia. Ohikoa izan ez arren, espezialista handiek bezala jo dio baloiari, atzetik aurrera eginda. Orduantxe lehertu da harmailetako giroa. Txoriak txori kantuarekin herri oso baten sentimendua plazaratu dute xaleek, ikurrinak eskuetan.

Golaren ondoren, aurrerapausoa eman beste erremediorik ez fu izan Venezuelak. Berdinketaren bila jo du baina kementsu eutsi dio bereari etxeko taldeak. Besteak beste, Jauregizarrek berak eta Yangel Herrerak tentsio uneak eragin dituzte. Bien arteko haserrea benetakoa izan da. Gola egiteko aukera izan dute bisitariek, baina kontraerasoan bigarrena ere egin ahal izan dute Arrasateren jokalariek. Larrazabal abiadura biziz ibili da atzera eta aurrera, baina Sancetek ez du egunik onena izan. Hala, bi taldeak 1-0ekoarekin erretiratu dira aldageletara.

Omenaldi hunkigarria

Bada, atsedenak iraun zuen hamabost minutuetan omenaldi hunkigarria gertatu da zelaian, pilotako eta sokatirako selekzio ofizialei harrera ezin beroagoa egin baitiete. Argentinako eta Uruguaiko Munduko Txapelketatik bueltan, pilotariak euren saski, pala eta galtza zuriekin zelairatu dira. Sokatiralari denek ere soka bati lotuta egin dute zelairako bidea. Sekulako txalo zaparrada jaso dute, eta argi geratu zen futbol selekzioak egin beharreko bidearen ispilu direla. Une horretan goia jo du San Mameseko giroak. Gozategiren Euskal selekzioa kantuak lagundu zuen horretan. Musika emanaldia amaitu orduko ekin zaio bigarren zatiari.

(ID_16635645) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2026-11-14, Bilbo. Euskal Selekzioa eta Venezuela arteko futbol partida
(ID_16635645) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2026-11-14, Bilbo. Euskal Selekzioa eta Venezuela arteko futbol partida

 

Espero bezala, taldea goitik behera itxuraldatu du Arrasatek bigarren erdiari ekiteko. Soilik hiru jokalari mantendum ditu zelaian: Argibide, Galilea eta Larrazabal. Erritmo bizian jokatzen jarraitu  dute bi taldeek, baina freskotasunari eusteko beste hiru aldaketa berehala egin ditu prestatzaileak. Aipaturiko hiru jokalarien ordez zelairatu dira Gorosabel, Pacheco eta Osambela. Bada, azken horrek aukera bikaina izan du partida bideratuta uzteko, 59. minutuan, baina zutoin ondotik kanpora ihes egin dio burukadak. Venezuela ahalegindu da berdinketaren gola egiten, baina ezina nagusitu zaio. Aldaketek ez diote mesederik egin, maila jaitsi baitute taldeak.

Azken txanpan, bigarren gola gertuago egon da banakoa baino. Pablo Ibañezek huts handia egin du 83. minutuan, atezainari bete-betean jo baitio baloiarekin. Hutsak huts, euskal selekzioak arazorik gabe eutsi dio emaitzari bere horretan, eta ofizialtasunaren aldarria nagusitu izan da San Mamesen. Jokalariek eta zaleek, guztiek erantzun dute ezin hobeki, eta Txoriak txori kantuak eman dio amaiera gau magikoari.

Euskal selekzioa-Venezuela

Euskal selekzioa: Kepa (Marrero, 46. min.); Argibide (Gorosabel, 57. min.), Galilea (57. min.), Zubeldia (Prados, 46. min.), Johaneko (Aihen, 46. min.); Turrientes, (Gebara) Jauregizar (Pablo Ibañez, 46. min); Larrazabal (Osanbela, 57. min.), Sancet (Villalibre, 46. min.), Vicente (Kike Barja, 46. min.) eta Guridi (Unai Gomez, 46. min.).

Venezuela: Contreras (Varela, 46. minj.);  Aramburu (Cova, 46. min.), Balbo (Palacios, 46. min.), Bello (Lacava, 46. min.), Casseres (Carballo, 46. min.); Yangel Herrera (Osorio, 46. min.), Ferraresi (Pereira, 46. min.), Kelsy (Jesus Ramirez (46. min.), Quintero (Makoun, 42. min.) Savarino (Flores, 46. min.) eta Segovia (Libra, 46. min.). 

Gola: Jauregizarrek (28. min.)

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA