EUSKAL SELEKZIOA

Euskal zaleak Bilbo hartzen ari dira

Eguerditik Bilboko hainbat lekutan biltzen ari dira Euskal selekzioaren partida ikustera doazen zaleak. Batzuek nazioarteko partida gehiago eskatu dituzte ofizialtasuna lortzeko.

Euskal selekzioaren jarraitzaile batzuk, gaur, San Mamesen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskal selekzioaren jarraitzaile batzuk, gaur, San Mamesen. ARITZ LOIOLA / FOKU
inaut matauko rada
2026ko azaroaren 14a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun berezia da gaurkoa Bilbon. Udazkeneko egun askotan ohikoa den bezala, euria hasi eta geratu dabil etengabe. Baina isilpeko mehatxua da, euria ez baita nor euskal selekzioaren zaleak kikiltzeko. 20:00etan futboleko gizonezkoen euskal selekzioak nazioarteko partida bat jokatuko du berriz San Mamesen, Venezuelaren kontra, eta eguerditik nabari da partida eguna dela. Euriaren antzera, tantaka euskal selekzioaren elastikoek eta ikurrinek hartu dituzte Bilboko kaleak.

Bizkaiko hiriburuko hainbat txokotan sakabanatuta ibili dira zaleak eguerditik: asko Alde Zaharrera joan dira, Bilbo Kantarik euskal selekzioaren omenezko kantujira egin baitu 14:00etan; beste batzuk estadiotik gertu geratu dira, nahiz eta Pozas Lizentziatuaren kalean oraindik ez den horrenbeste jende biltzen ari; eta beste hainbat Indautxuko plazan elkartzen ari dira gutxinaka, 17:00etarako Euskal Herriko futbol talde nagusietako zaleen taldeek bertara joateko deialdia egin baitute. 18:00etan kalejira egingo dute, eta 18:15ean taldea Carlton Hoteletik autobusera lagunduko dute.

«Aurkaria zein dela ere, uste dut garrantzitsua dela euskal selekzioa bultzatzea, etorkizunean talde handien aurka ibili ahal izateko»

JOANE EGIA Euskal selekzioaren jarraitzailea

Nahiz eta zaleak nahiko banatuta egon, arratsaldeko deialdi horiek amaitzean espero da gehienak San Mamesetik gertu biltzea, azken tragoak edan eta estadiora sartzen hasteko. Euskal Herriko beste lekuetatik Bilbora etorri denetako bat da Xabier Martinez (Iruñea, 26 urte). Lagun batekin etorri da Bilbora, eta lehen aldia da euskal selekzioaren partida bat estadioan bertan ikusiko duena. Azaldu duenez, azken partidara joateko asmoa zuen, euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko partidara, baina ezin izan zuen azkenean. «Partida hasteko grinarekin nago. Garrantzitsua iruditzen zait partida gehiago antolatzen jarraitzea ofizialtasuna lortzeko».

Edozeinek balio al du?

Duela urte batzuk bazirudien ez zuela axola zein zen euskal selekzioaren aurkaria, baina ofizialtasunaren aldeko aldarriarekin batera, zaleek aurkari gero eta hobeak eskatzen ditu. Hobeak, edo gehiago erakartzen dutenak. Azken partidaren kasua oso garbia da: euskal selekzioak Palestinaren kontrako partida antolatu zuen San Mamesen, eta arrakasta itzela izan zen. 51.000 pertsona baino gehiago bildu ziren San Mamesen, eta partidaren aurretik antolatu ziren martxetan eta mobilizazioetan are jende gehiago izan zen. Kirol ikuspegitik harago, Palestinarekiko elkartasunak oihartzun handia izan zuen nazioartean.

euskal selekzioa
Joane Egia eta bere lagunak, gaur, Bilbon, San Mamesetik gertu. IÑAUT MATAUKO RADA

Oraindik ez dago jakiterik gaurko partidan zenbat pertsona sartuko diren estadioan, baino atzo arratsaldean 35.000 sarrera zeuden jada salduta. Oraingo honetan Lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatuko dute, Agirre lehendakariarena. Euskadiko Futbol Federazioak ofizialtasunaren bidea berpizteko aste honetan egin duen urratsak, eta Oihan Sancet Athleticeko jokalariak ofizialtasunaren alde egin zituen adierazpenek ilusioa eta grina piztu dute zaleen artean.

Joane Egia (Mungia, Bizkaia, 18 urte) Palestinaren kontrako partida hartan estadioan izan zenetako bat da, eta gaur ere San Mamesen egongo da, bere bi lagunekin batera. Egiak, baina, uste du ez dela garrantzitsua aurkaria zein den, esan baitu edozein aukera ona dela ofizialtasunaren alde egiteko: «Aurkaria zein dela ere, uste dut garrantzitsua dela euskal selekzioa bultzatzea, etorkizunean talde handien aurka lehiatu ahal izateko».

Sancetek egindako adierazpenei buruz, Egiak uste du askotan futbolariek beldurra izaten dutela selekzioaren alde egiteko, eta horregatik esan du bereziki garrantzitsua dela Sancetek publikoki adieraztea ofizialtasunaren aldeko jarrera.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA