Pilota

Euskal selekzioak ametsetako lehen aldia izan du Munduko Txapelketan, Nagore Martinek irabazi egin baitu lehen partida ofiziala

Euskal selekzioko palista gasteiztarrak urrezko domina kolkoratzeko faborito nagusia hartu du mendean: Maider Ardanaz Espainiako selekzioko palista nafarra. Hiru setetan gailendu zaio: 15-11, 8-11 eta 10-4.

Nagore Martin, paleta altxatzen, partida hasi aurretik. ANDER ELORDUI
Nagore Martin, paleta altxatzen, partida hasi aurretik. ANDER ELORDUI
Julen Etxeberria.
🌐 Buenos Aires (Berriemaile berezia)
2026ko urriaren 15a
20:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nagore Martinek ohorezko tokia izango du gordea euskal kirolaren historian. Palista gasteiztarrak arrastoa utzi du gaur, irabazi egin baitu euskal selekzioaren lehen partida ofiziala Munduko Euskal Pilota Txapelketa nagusi batean. Buenos Airesen egin du balentria hori Martinek, CENARD Argentinako Goi Errendimenduko Guneko 30 metroko frontoian, pilota gomazko modalitatean.

Nagore Martinek irabazi egin du lehen partida ofiziala

Ametsetako estreinakoa izan du euskal selekzioak Martinen eskutik. Balentria egin du gasteiztarrak, lehen partida irabazteaz gain urrezko domina kolkoratzeko faborito nagusia hartu baitu mendean: Maider Ardanaz Espainiako selekzioko palista nafarra, munduko eta Nazioen Ligako txapelduna. Martinek hiru setetan irabazi dio: 15-11, 8-15 eta 10-4.

Pozez gainezka zegoen euskal selekzioko pilotaria partida amaieran. «Izugarri pozik nago. Lehen partida irabazi ez ezik, faborito nagusiari irabazi diot. Garaipen honek doble balio du. Oso berezia izan da. Ezin hobeto ekin diogu txapelketari, eta indarra emango digu hurrengo partidarako», aitortu du. 

Buenos Airesen 14:00etan zen hastekoa partida, 19:00etan Euskal Herrian. Ordubete lehenago iritsi dira frontoira Martin eta Amaia Irazustabarrena euskal selekzioko palistak eta Edu Lobato hautatzailea. Irribarretsu eta gogotsu iritsi dira. «Apur bat urduri nago, baina oso gogotsu ere bai, jokatzeko irrikaz», aitortu du Martinek. Iritsi berritan jakin du Ardanazen aurka jokatuko zuela. Modu bitxian jakin du, frontoiko sarreran ilea lehortzen topatu baitu Lidia Simon Espainiako selekzioko palista. «Hau horrela badabil, pentsatzen dut Maiderren aurka jokatuko dudala. Espero genuen. Oso partida zaila izango da, Maider munduko txapelduna eta Nazioen Ligako txapelduna baita. Sentipen onak hartzea da helburua, hurrengo partidarako, Argentinaren aurkakorako». Hori esan, eta aldagelara joan da, partidan «bete-betean kontzentratzera».

Bost minutu geroago irten dira Martin eta Irazustabarrena kantxara, Lobatoren begiradapean berotzera». Espainiako selekzioko kideak zituzten harmailan adi-adi begira. Javier Conde Espainiako Euskal Pilota Federazioko presidentea ere bazegoen harmailan. 

Euskal selekzioko pilotariak hasi dira frontoira iristen. Nagusi dira harmailetan. Makina bat dira. Haien artean zegoen Alaitz Badiola Euskadiko Euskal Pilota Federazioko ordezkaria. Hura ere «gogotsu» zegoen. «Emozio handia sentitzen dut. Partidak itxura oso zaila du, Ardanaz oso ona baita, baina inoiz ezin da jakin zer gertatuko den», azaldu du. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea ere han zegoen, harmailan. 

Argentinako selekzioko pilotari asko daude harmailan. Badu azalpena: Martinen bikotekidea Santiago Andreasen Argentinako selekzioko pilotaria da. «Nagorek suelto jokatu behar du. Argentinarrok haren alde gaude gaur», aitortu du Andreasenek. Arrazoi eman diote inguruan dituen selekziokideek.

Irudi historikoa

Buenos Airesko 14:03an, Euskal Herriko 19:03an atera dira kantxara Martin, Ardanaz eta epaileak. Harmailari begira jarri dira. Horra denbora luzez itxarondako irudia: euskal selekzioko pilotari bat lehen aldiz Munduko Txapelketa batean jokatzeko prest. Martin aurkeztu dute lehenbizi, Ardanaz gero, eta nork sakatu zozkatu dute ondoren. Espainiako selekzioko pilotariak emango zuen lehen pilotakada.

Lehen pilotakada Ardanazek jo du, baina lehen tantoa Martinek egin du, baita bigarrena ere. Ardanazek irauli egin du gero emaitza (2-3), baina Martin nagusi zen, eta bost tanto egin ditu jarraian: 7-3. Lehia gogortu egin da, eta hamarna berdindu dute, baita 11na ere. Baina orduak jo du kolpe erabakigarria Martinek, eta 15-11 irabazi du lehen seta. Ezin hobeto hasi zen partida. Gehiago ospatu dira Martinen tantoak Ardanazenak baino.

Espainiako selekzioko pilotariak indartsu ekin dio bigarren setari, eta 6-1 jarri da aurretik. Baina suspertu egin da Martin, eta bost tanto egin ditu jarraian, eta seina berdindu. Baina Ardanaz egurrean hasi da, eta ziztu bizian joan 15. tantora: 15-8. Hirugarren set erabakigarria jokatuko zuten, hamar tantora. Nagusi zen Ardanaz, eta larri zebilen Martin.

Baina onena bukaerarako utzi du Martinek. Hark sakatu du lehenbizi, eta aurreneko lau tantoak egin. Aldeari eutsi dio, eta garaipen historikoa lortu: 10-4. Pozarren ospatu du berak bere buruarekin lehenbizi, eta selekziokideekin gero. Ez da gutxiagorako, arrastoa utzi baitu. Ametsetako estreinakoa izan du euskal selekzioak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA