Euskal selekzioa hasi da uzta biltzen Munduko Euskal Pilota Txapelketan, Argentinan eta Uruguain. Hiru domina irabazi ditu jada, urrezkoak bi eta zilarrezko bat. Baina uzta are eta oparoagoa izango da. Izan ere, gutxienez 11 domina irabaziko ditu, eta baliteke hamabi izatea. Ikusgarria da, kontuan hartuta Munduko Txapelketan jokatzen ari diren hogeita bi modalitateetatik hamabostetan bakarrik lehiatu dela.
Gaur, beste bost domina irabaziko ditu euskal selekzioak, bost final jokatuko baititu. 36 metroko frontoian, lau finaletan ariko da: eskuz banaka eta binaka, Espainiaren aurka jokatuko du; emakumezkoen banakako zesta-puntan ere, Espainia izango du aurkari, eta gizonezkoetan, Frantzia. Euskal Herriko 19:00etan hasiko dira final horiek, eta elkarren segidan jokatuko dituzte. ETB1 Onek eskuzkoak emango ditu, eta ETB1ek zesta-puntakoak. Gaizka Carregalek jokatuko du eskuz buruz buru, eta Helena Barrenetxeak eta Aritz Erkiagak zesta-puntan. Halere, oraindik ikusteko dago nortzuk jokatuko duten eskuz binaka. Euskal selekzioak 30 metroko frontoian jokatuko du eguneko azken finala, emakumezkoen paleta gomazkoan, Espainiaren aurka. Nagore Martinek jokatuko du, 23:00etan hasita.
Iraitz Olaetxea esku huskako hautatzailearentzat ez da ezustekoa izan euskal selekzioak bi finaletan jokatzea, ezta bi final horietan Espainiaren aurka aritzea ere. «Bi selekzioak ginen faborito finala jokatzeko, eta biak iritsi gara finalera. Guk lan ona egin dugu, eta sasoiko gaude, baina gauzak oso ondo egin beharko ditugu irabazi nahi badugu. Gure onena ematen badugu, eskura izango dugu urrezko domina irabaztea». Ez du aurreratu nahi izan nortzuk jokatuko duten, are gehiago kontuan hartuta partida hasitakoan pilotariak aldatu daitezkeela. «Hasieratik ariko direnek oso gogotsu ekingo diote lehiari. Besteak, berriz, edonoiz kantxara ateratzeko prest egongo dira».
Aurkariei buruz esan du espero dutela Oian Canabal nafarrak jokatzea, eta hura pilotari «beteranoa» dela, eta txapeldun izandakoa ere bai. «Oso bikote indartsua du Espainiak: oso huts gutxi egiten dituzte, eta edozein aukera aprobetxatu tantoa egiteko. Saiatu behar dugu bizi jokatzen, eta haiek defentsan aritzera behartzen». Haren ustez, setak hamar tantora jokatzen direnez, erabakigarria izango da «huts gutxi» egitea.

Erkiagaren eskarmentua
Ander Bilbao zesta-puntako hautatzaileak ere espero zuen euskal selekzioak eta Espainiak jokatuko zutela finala emakumezkoetan. «Helenak Erikaren [Mugartegi bizkaitarra] aurka jokatuko du. Oso partida gogorra da, gaur egun Erika baita onena. Gauza batzuk landu ditugu, eta beste jokamolde bat egiten saiatuko gara, hura ezustean harrapatzeko asmoz. Helenak eutsi egin beharko dio, partida luzea izango baita. Gaixorik egon da, katarroak jota, eta, horren ondorioz, ezin izan du onena eman. Baina hobeto dago. Ea bizi jokatuz Erika urduritzen duen. Gertatzen dena gertatzen dela, helburua bete dugu: finala jokatzea. Oso ondo aritu dira Helena eta Maialen [Aldazabal], eta oso motibatuta euskal selekzioarekin jokatzeagatik. Oso harro nago egin duten lanaz».
Erkiagak, berriz, Jean Olharanen aurka jokatuko du. Hain zuzen, Olharanek min hartu zuen ligaxkako azken partidan, Ortzi Aldazabal euskal selekzioko puntistaren aurka. Bilbaok ez daki lesioa izan zuen edo nahiago izan zuen ez arriskatu. Azaldu duenez, Erkiagak «oso ondo» daki nola jokatu behar duen. «Borrokatu egin behar du, aurkaria batetik bestera ibili, eta aukera duenean, beti egiten duen moduan, tantoa bukatu. Aritzek oso ondo ezagutzen du Olharan».
Nagore Martinek ere badaki nor izango duen aurkari finalean: Maider Ardanaz nafarra. Hain zuzen, haren aurka jokatu zuen Martinek euskal selekzioaren lehen partida ofiziala Munduko Txapelketa nagusi batean, eta irabazi egin zion: 2-1 (15-11, 8-15 eta 10-4). Palista gasteiztarra konfiantzaz gainezka dago, finalerdietan nagusitasun handiz irabazi baitzion Dulce Miranda Mexikoko ordezkariari: 2-0 (15-10 eta 15-6). Ardanazi behin irabazi badio, zergatik ez dio berriro irabaziko?