Euskal selekzioa arrastoa utzi eta utzi dabil Munduko Euskal Pilota Txapelketan, Argentinan eta Uruguain. Gaur, hirugarren domina irabazi du, urrezko bigarrena, trinketeko pilota egokituan. Edorta de Antak eta German Elkorok Frantziako ordezkari Dorian Navarro frantziarra eta Maxime Cabanne lapurtarra hartu dituzte mendean finalean: 2-0 (15-10 eta 15-9). Beñat Lizaso eta Sergio Rodriguez ere aritu dira txapelketan, beraz, haiena ere bada urrea.
Urrezko domina historikoa da, lehen aldiz ari baitira jokatzen pilota egokitua Munduko Txapelketa nagusi batean. Bada, horretan ere arrastoa utzi du euskal selekzioak. Modu ederrean egin du, gainera. 36 metroko frontoiko finalean ere aurrez aurre izango dira euskal selekzioa eta Frantzia, eta gaurko garaipenak sekulako konfiantza emango die euskal selekzioko pilotariei.
Gaur beste domina bat irabazteko aukera ere bazuen euskal selekzioak, xarean brontzea nork irabazi erabakitzeko partida jokatu baitu, Argentinaren aurka, baina galdu egin du: 2-0 (15-12 eta 15-10). Oier Iturbe eta Markel Mujika aritu dira lehen setean, eta bigarren setean Xuban Lopetegik Mujika ordezkatu du. Hirurek oso itxura ona eman dute, eta estu hartu dute etxeko selekzioa. Euskal selekzioa laugarren geratu da lehian. Oso postu ona da, kontuan hartuta azken unean jaso zuela Munduko Txapelketan aritzeko gonbidapena, eta selekzioko hiru xarelariak oso gazteak direla. Brontzezko domina irabazteko lehia jokatzea jada lorpen handia izan da. Txapelketa honek mesede handia egingo die eskarmentua hartzeko.
Bihar, bost final
Euskal selekzioak uzta biltzen jarraituko du bihar, bost final jokatuko baititu. 36 metroko frontoian lau finaletan ariko da: eskuz banaka eta binaka, Espainiaren aurka jokatuko du; emakumezkoen banakako zesta-puntan, Espainia izango du aurkari, eta gizonezkoetan, Frantzia. Euskal Herriko 19:00etan hasiko dira final horiek, eta elkarren segidan jokatuko dituzte. Azkenik, 30 metroko frontoian jokatuko du eguneko azken finala, emakumezkoen paleta gomazkoan, Espainiaren aurka, 23:00etan. Nagore Martinek jokatuko du.
Larunbatean, azken egunean, hiru final jokatuko ditu: gizonezkoen frontball-ean, Mexikoren aurka ariko da, 17:00etan; 36 metroko frontoian, berriz, pilota egokituan Frantziaren aurka ariko da, 19:00etan; pala motzean, berriz, Espainia izango du aurkari, 21:00etan. Emakumezkoen frontball-ean, berriz, euskal selekzioak brontzea nork irabazi erabakitzeko partida jokatuko du Venezuelaren aurka, 14:00etan. Hau da euskal selekzioak gutxienez 11 domina irabaziko ditu, eta baliteke hamabi izatea. Emaitza bikaina da, kontuan hartuta hamabost modalitatetan lehiatu dela.
Frantziako eta Espainiako selekzioetan hainbat euskal pilotari ari dira. Gaur, Frantziak eta Espainiak elkarren aurka jokatu dute trinketan, eskuz banaka, eta Battitta Ducassou lapurtarrak Luis Sanchez nafarrari irabazi dio.