Espainiako selekzioko puntista

Arai Lejardi: «Euskal selekzioak ez zigun tokia ziurtatu Erikari eta bioi; Espainiak bai»

Euskal selekzioa lehen aldiz ariko da Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean, baina Arai Lejardik Espainiarekin aritzea erabaki du. «Lasai» dago hartutako erabakiarekin.

Arai Lejardi. FEP
Arai Lejardi. FEP
Julen Etxeberria.
2025eko maiatzaren 31
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Gogor dabil entrenatzen Arai Lejardi (Markina-Xemein, Bizkaia, 2007). Aurrenekoz lehiatuko da 54 metroko frontoi batean, eta ahalik eta ondoen aritu nahi du. 

Bihar hasiko da Nazioen Liga, Gernikan. Prest zaude?

Bai. Lasai nago, baina pentsatzen dut lehen partidaren eguna iritsi ahala urdurituz joango naizela. Jokatzeko gogoz nago.

Etxean jokatzeak berezi egiten du txapelketa hau?

Ez dakit, iaz ere Iruñean jokatu baikenuen munduko txapelketa. Frontoia da aldaketa nagusia; Gernikakoa ez zait askorik gustatzen: 54 metroko luzera du, eta handiegia da neskentzat; politagoa litzateke frontoi laburrago batean jokatzea. 

Euskal selekzioa lehen aldiz ariko da, baina zuk Espainiarekin jokatuko duzu. Zergatik?

Bietatik deitu zidaten, eta oso zaila izan zen erabakia hartzea. Euskal selekzioko ordezkariei galdetu genien ea Erika [Mugartegi] eta biok, aurreko bi urteetan munduko txapeldunak izan ginenez, ziurtatuta izango genuen txapelketa honetan jokatzea. Erantzun ziguten ezin zigutela ziurtatu. Guretzat onena zer zen pentsatu eta gero, politika alde batera laga, eta Espainiarekin aritzea erabaki genuen. Kirolari begira hartutako erabakia izan da: euskal selekzioak ez zigun tokia ziurtatu, eta Espainiak bai.

Beste aukera bat bazenuten: euskal selekzioaren hautaketa probatan aritu, eta kantxan tokia lortu. Zergatik egin zenioten uko horri?

Baina zeinek esango zuen nork duen tokia eta nork ez? Urte osoan gabiltza pilotari berdinok jokatzen, eta, nire ustez, partida horietan ikusten da hori, eta ez hilabete batean egindako bi entsegutan. Ni ez naiz hautatzailea, baina nik horrela pentsatzen dut.  

Nola zaude hartu duzun erabakiari dagokionez: lasai edo deseroso?

Trankil nago, eta aurrera egin behar dugu hartu dugun erabakiarekin.

Asko pentsatu zenuen erabakia?

Bai. Ez da erraza halako erabaki bat hartzea, baina egoera zein zen kontuan hartuta, gure ustez, hori zen erabakirik onena. Uste dugu erabaki ona hartu dugula.

Espainiako Pilota Federazioak salatu du Espainiako selekzioarekin jokatuko duzuen pilotariok presioak jasan dituzuela. Zuk jaso dituzu presioak ala erabakia askatasunez hartu duzu?

Niri inork ez dit esan zeinekin jokatu behar dudan; halako presiorik ez dut jaso. Egoerak eragin dit presioa, eta, batez ere, epe jakin batean erabakia hartu behar izateak.

Euskal selekzioaren aurka jokatuko duzue asteazkenean. Arraroa egingo zaizue partida hori jokatzea?

Ez dakit. Berez, partida arrunt bat izango da. Inguruko egoera izango da ezberdina. Baina guk hori ahaztu, eta, beti bezala, gure partida jokatzera joango gara.

Zer helburu duzu txapelketan?

Ahalik eta ondoen jokatzea. Ez da erraza izango, hartu dugun erabakia kontuan hartuta. Horretaz ahaztu eta partidetan izan behar dugu arreta osoa.

Zer itxura du lehiak?

Ez dakit, inoiz ez baitugu horrelako frontoi luze batean jokatu. Ez dakigu zein bikote ariko den ondoen. Ondoen moldatzen dena izango da txapeldun. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.