«Pozik eta harro» egin du Argentinatik Euskal Herrirako bidea euskal pilota selekzioak. Ez da gutxiagorako, guztira zortzi dominaren jabe egin baita Esku Pilotako Nazioarteko Konfederazioaren Munduko Txapelketan, Mendozan. Euskal ordezkariek modalitate guztietan eskuratu dute dominaren bat: urrezkoak lau, zilarrezkoak hiru eta brontzezkoa bat. Ondorioz, «bikaina» izan da egindako bidea, Asier Amondo Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteordearen esanetan. «Euskal selekzioa izan da txapelduna, eta ezin daiteke gehiago eskatu. Garaipen handiak bildu ditugu, eta une hunkigarriak bizi izan. Talde lanaren garrantzia nabarmenduko nuke. Nazioartean gure selekzioak duen presentziaren beste erakustaldi bat egin dugu».
Kirol arloari erreparatuta, emakumezkoak aritu dira ondoen, lau modalitateetatik hirutan izan baitira txapeldun: nazioarteko jokoan, llargues modalitatean eta lau paretetan. Amaia Aldai jokalari garrantzitsua izan zen nazioarteko jokoan. «Lehenengo Valentziari irabazi genion, ondoren Txileri, eta finalean lehia estua izan genuen Herbehereen aurka. Ez ginen faborito, baina, finalean partida bikaina jokatuta, lortu genuen txapelketa biribiltzea».
«Ez ginen faborito nazioarteko jokoan, baina, finalean partida bikaina jokatuta, lortu genuen txapelketa biribiltzea»
AMAIA ALDAI Euskal selekzioko pilotaria
Amondoren ustez, jokoan izandako lau modalitateetatik lauretan bazuten aukera urrea lortzeko, baina one wall modalitatean zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuten emakumeek. «Urre guztiak ekartzeko itxaropena bagenuen, eta pena izan zen finala galdu izana. Pilotaririk onenak gureak ziren, baina presioa sentitu zuten, eta ez zuten bete-betean aritzerik izan. Arantza txiki hori geratu zaigu barruan». Olatz Arrizabalaga izan zen one wall-ean finala jokatu zuten euskal ordezkarietako bat. «Finalean egun txarra izan genuen, nahiz eta ordura arteko bidea perfektua izan zen. Dena den, iaztik gora egin dugu modalitate horretan, eta motibatuta gaude aurrera begira ikasten jarraitzeko».
Gizonezkoetan, urre bakarra one wall modalitatean lortu zuten euskal pilotariek, eta final horretan izan zen lehiaketako gertaera hunkigarrietako bat, Amondok kontatu duenez. «Azken tantoa egitearekin batera, euskal ordezkari guztiak kantxaratu ginen, elkar besarkatzeko eta zoriontzeko. Halako momentu distiratsuak izan ditugu». Nazioarteko jokoan eta lau paretetan zilarrezko domina lortu zuten gizonezkoek, eta hirugarren izan ziren llargues modalitatean. «Modalitate horretan finalerako sailkatzea espero genuen, eta helburua lortu ez izana kolpea izan zen. Halere, emaitza guztiak kontuan hartuta, oso gustura gaude egindako lanarekin, batez ere ikusi baitugu beste selekzioen errespetua eta aitortza irabazi ditugula. Txapelketa hasi aurretik, guztiek euskal selekzioa jotzen zuten faboritotzat, eta kantxan azaldu dugu onenak garela. Aurreikuspenak bete ditugu».
Orain, urrira begira
Amondoren hitzetan, talde gisa aritzea izan da gauzarik garrantzitsuena. «Itzelezko taldea sortu dugu. Beste selekzio batzuetan ikusi ditugu ego kontuak eta halakoak, baina, gurean, jokatu dutenek eta ordezkoek jarrera bikaina izan dute, eta eskertzekoa da. Behar denerako prest agertu dira pilotari guztiak, selekzioaren mesedetan». Gainera, Esku Pilotako Nazioarteko Federazioak hala baimentzen duenez, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko pilotariak ere aritu dira euskal selekzioarekin. «Iparraldeko bi pilotari eta Nafarroako bat izan ditugu, eta horrek balio sinboliko handia du guretzat. Euskal Herria munduan kokatu dugu».
«Iparraldeko bi pilotari eta Nafarroako bat izan ditugu, eta horrek balio sinboliko handia du guretzat. Euskal Herria munduan kokatu dugu»
ASIER AMONDO Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteordea
Alde horretatik, euskal selekzioari emandako tratua «hamarrekoa» izan da. «Mendozako euskal etxean beso zabalik hartu gintuzten diasporakoek, eta Aberri Eguna bera elkarrekin ospatu genuen. Joxemari Mitxelena federazioko presidenteak hitzaldi bat eman zuen pilotari buruz, eta oso hunkigarria izan zen».
Atseden hartzeko betarik gabe, Nazioarteko Pilota Federazioaren Munduko Txapelketarako prestatzen hasiko da orain euskal selekzioa. Urriaren 15etik 25era bitarte jokatuko da txapelketa hori, Argentinan, eta ekitaldi «historiko» horretarako buru-belarri prestatuko dira euskal ordezkariak. «Pilotarien hautaketa lanean hasiak gara, eta bermatuta egongo da borrokan eta lehian arituko garela».