Euskal selekzioko pilotari eta prestatzaileak begiek eta dominek dir-dir egiten zietela iritsi ziren atzo Loiuko aireportura (Bizkaia). Hantxe zituzten zain senitarteko eta lagunak. Txalo zaparrada handia jo zieten, egin berri duten lorpenaren parekoa. Ikusgarri aritu dira Munduko Wallball Txapelketan, Leeuewardenen (Herbehereak). Ia dena irabazi dute: bost mailatan lehiatu dira, eta lautan nagusitu dira, eta beste batean txapeldunorde izan dira. Uzta ederra bildu dute: zazpi domina lortu dituzte, urrezko lau eta zilarrezko hiru. Inoiz ez ziren horren ondo aritu. Pareta bakar baten aurka jokatzen da Wallball modalitatean; bada, pilotakadaka bota dute pareta hori.
«Zoragarria izan da. Batetik, kirol helburua bete dugu, eta, bestetik, sekulako giroa izan dugu taldean. Gozamen hutsa izan da», azaldu du Olatz Arrizabalaga euskal selekzioko pilotariak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1997). Iritzi berekoa da Mikel Beldarrain haren selekziokidea (Artea, Bizkaia, 1990). «Sekulakoa egin dugu. Uste genuen halako emaitzak lor genitzakeela, baina koska bat dago ustetik lortzera. Eta lortu dugu: txapelketa ia perfektua egin dugu, eta horrek sentipen oso gozoa utzi digu».
Horren nagusi izan dira euskal pilotariak, ezen pentsa daitekeen lan erraza izan dutela. Baina ez da horrela izan. Argi utzi dute hori Arrizabalagak eta Beldarrainek. «Maila handia dago, baina gu asko eta ondo entrenatu gara, eta horren saria jaso dugu», azpimarratu du Beldarrainek. «Lehen aldiz, prestatzaile fisiko batekin aritu gara. Inoiz baino gehiago eta hobeto prestatu gara, eta horri esker aritu gara horren ondo», zehaztu du Arrizabalagak.
«Maila handia dago, baina gu asko eta ondo entrenatu gara, eta horren saria jaso dugu. Sekulakoa egin dugu»
MIKEL BELDARRAIN Euskal selekzioko pilotaria
Biak ala biak izan dira aurrenekoz buruz buruko munduko txapeldun. «Denbora daramat wallballean, eta beti egiten nuen amets halako zerbait lortzearekin. Orain, lortu dudala, sinetsi ezinda nabil», esan du Beldarrainek. Egoitz Amantegi hartu zuen mendean finalean. Binaka ere txapeldun izan da, Lur Ziarrustarekin. Azken horrek beste urre bat irabazi du, binakako mistoan, Miren Larrarterekin.
Arrizabalaga «harro» dago lortu duenaz. «Emakumezkook denbora generamatzan ate joka. Oso polit jokatzen genuela esaten ziguten, baina beste batzuek irabazten zuten beti. Oraingoan, ordea, ikaragarri ondo aritu gara. Selekzio indartsua garela erakutsi dugu, lan oso ona egiten ari garela. Jauzi handia egin dugu».
«Selekzio indartsua garela erakutsi dugu, lan oso ona egiten ari garela. Jauzi handia egin dugu»
OLATZ ARRIZABALAGA Euskal selekzioko pilotaria
Arrizabalagak ere beste euskal pilotari baten aurka jokatu zuen finalean: Larrarteren kontra. «Ez nuen uste irabaziko nuenik, Miren Europako onena baita wallballean. Harro nago neure buruarekin, lan handia egin bainuen buruz burukoa prestatzeko». Egokitzapenari buruz ari da, euskal selekzioko hiru emakumezkoak, Arrizabalaga, Larrarte eta Laia Salsamendi, ezkerparetan aritzen baitira urte osoan. «Ez da erraza modalitatez aldatzea, baina oso lan gogorra egin dugu, batez ere azken bi hilabeteetan». Pena bakarra du, hura eta Larrarte «oso nekatuta» iritsi zirela binakako finalera, eta ezin izan zutela euren onena eman.
Esku Pilotako Nazioarteko Konfederazioak antolatu du txapelketa. Euskal selekzioa aspaldi da erakunde horren kide, eta urteak daramatza ofizialki lehiatzen. Halere, Arrizabalagak nabarmendu du «txapelketa berezia» izan dela. «Orain, Euskadiko Federazioa Nazioartekoaren kide ere bada, beraz, esan daiteke lehen domina ofizialak lortzen ari garela. Zoragarria da gure ereserkia entzutea eta ikurrina ikustea».