Banan-banan, eta Ikusi arte Berri Txarrak musika taldearen kanta ozen entzuten zela. Halaxe aurkeztu dituzte Euskal Pilotako Nazioen Ligan ariko diren euskal selekzioko kideak, gaur, Abadiñon (Bizkaia), Euskadiko Pilota Federazioaren egoitzan. Aurki ikusiko dituzte, datorren asteartean jokatuko baitute lehen aldiz, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian (Bizkaia). Frantziaren aurka ariko dira: emakumezkoak, 21:15ean, eta, gizonezkoak, jarraian, 22:15ean. Egun historikoa izango da, euskal selekzioak lehen aldiz jokatuko baitu Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean.
Ikusi gehiago
Ander Bilbao puntista izandakoa da euskal selekzioaren hautatzailea. Sei pilotari ariko dira haren esanetara: Aritz Erkiaga, Eñaut Urreisti, Imanol Lopez, Unai Lekerikabeaskoa, Helena Barrenetxea, Elaia Gogenola, Maialen Aldazabal eta Maia Goikoetxea. Bat datoz guztiak: «ilusioz eta gogoz gainezka» daude. Helburu argia dute: txapelak etxean gera daitezela.
«Urduri» dago Bilbao. «Txapelketa hasteko gogoz gaude. Azken egunetan aurkezpenak eta halakoak izan ditugu, baina guk jokatu egin nahi dugu». «Pozik» dago egin duten selekzioarekin. «Mutil eta neska pila bat zeuden aukeratzeko, eta, nire ustez, onenak hartu ditugu. Denbora daramagu astean bitan Gernikan entseatzen, eta ondo ari gara».
«Selekzio indartsua dugu: bi mailatan, aurrelariak oso errematatzaile onak dira, eta, atzelariak, berriz, seguruak»
ANDER BILBAOEuskal selekzioko hautatzailea
Argi du: ez dago euskal selekzioarekin aritzearen parekorik. «Hau da goren-gorena. Denbora luzez aritu gara hau lortu nahian, eta, orain, lortu dugunez, izugarri pozik gaude».
Selekzio «indartsua» osatu dutelakoan dago. «Bi mailatan, aurrelariak oso errematatzaile onak dira, eta, atzelariak, berriz, seguruak. Helburua betikoa da: irabaztea. Gizonezkoetan, beharra ondo egiten badugu, ez dugu arazorik izango irabazteko; onenak dira. Emakumezkoetan, berriz, Espainia oso aurkari gogorra izango da. Haiek dira faboritoak».
Hain zuzen, zazpi euskal jokalari ariko dira Espainiarekin: Gorka Mugartegi, Erik Mendizabal, Ruben Bailo, Cosme Agirre, Erika Mugartegi, eta Arai eta Lur Lejardi. Bilbaok aitortu du hori «pixka bat arraroa» izango dela, baina haien erabakia izan dela, eta ez dutela ezer esateko. «Beste askori bezala, guk gonbita egin genien haietako batzuei, baina ez ziguten erantzun».
Zaildua eta gaztea
Erkiaga munduko txapeldun izan da azken bi ekitaldietan, bietan Espainiarekin. «Honek ez dauka zerikusirik aurretik jokatu ditudan munduko txapelketekin: Gernikan jokatuko dugu, eta, lehen aldiz, euskal selekzioarekin ariko gara. Denok gaude ilusioz eta gogoz gainezka, eta oso gogor ari gara lanean. Zerbait berezia sentitzen da».
«Oso pozik» dago aukeratuen artean dagoelako. «Egun historikoa biziko dugu, eta oso pozgarria da horren parte izatea. Nahi izan duten denek izan dute aukera hautatuen artean egoteko, eta ilusio handia egiten dit haien artean egoteak».
«Erantzukizun handia dugu, erakusteko ez garela ariko gonbidatu bezala, baizik eta merezi dugulako»
ARITZ ERKIAGAEuskal selekzioko pilotaria
Euskadiko Federazioko zuzendaritzako kide ere bada. Beraz, bestelako lanak ere izan ditu. «Lan asko egin da hau egia izateko, eta, orain, erantzukizun handia dugu, erakusteko ez garela ariko gonbidatu bezala, baizik eta merezi dugulako. Orain arte ez gara aritu, ez, baina arrazoi politikoengatik».
«Txapela» nahi dute, baina, azpimarratu duenez, aurkariek «lanak» emango dizkiete. «Gizonezkoetan, AEBak eta Frantzia izango dira aurkari nagusiak, eta emakumezkoetan, Espainia».
Azaldu duenez, Espainia ez da saiatu hura erakartzen. «Euskal selekziorik ez zenean, Espainiarekin jokatzeko hautua egin dut, baina, orain, euskal selekzioa dagoela, argi izan dut norekin jokatu». Horren harira, aitortu du «arraroa» izango dela euskal pilotari batzuk Espainiarekin aritzea. «Gu saiatu gara gurera ekartzen, baina ez dute nahi izan. Ez dago arazorik».
«Lehen aldiz jokatuko dut nazioarteko txapelketa bat, eta euskal selekzioarekin ariko naiz. Izugarri pozik nago»
HELENA BARRENETXEAEuskal selekzioko hautatzailea
Barrenetxeak, berriz, nekez izan zezakeen lehen aldi hoberik. «Lehen aldiz jokatuko dut nazioarteko txapelketa bat, eta euskal selekzioarekin ariko naiz. Hori nahikoa ez, eta Gernikan jokatuko dugu, eta zale asko joango dira. Izugarri pozik nago. Gainera, ez nuen espero; uste nuen beste batzuk aukeratuko zituztela».
«Gutxienez», finala jokatu nahi dute. «Laurok oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta horrek mesede egingo digu; baita astero Gernikan entseatzeak ere. Espainia da aurkaririk indartsuena. Ea urduri jar ditzakegun, eta txapela irabazi. Ohituta gaude haien aurka jokatzera».
PILOTARIAK
Gizonezkoak: Aritz Erkiaga (Ispaster, 37 urte, aurrelaria), Eñaut Urreisti (Mutriku, 20 urte, aurrelaria), Imanol Lopez (Zumaia, 41 urte, atzelaria) eta Unai Lekerikabeaskoa (Gernika-Lumo, 30 urte, atzelaria).
Emakumezkoak: Helena Barrenetxea (Durango, 18 urte, aurrelaria), Elaia Gogenola (Berriatua, 18 urte, aurrelaria), Maialen Aldazabal (Berriatua, 19 urte, atzelaria) eta Maia Goikoetxea (Berriatua, 14 urte, atzelaria).
HAUTATZAILEA
Ander Bilbao (Berriatua, 53 urte).