Pilota

Euskal selekzioko pilotariek arrastoa utziko dute

Euskal selekzioa lehen aldiz ariko da Munduko Euskal Pilota Txapelketa nagusi batean, ostegunean hasi eta hilaren 24ra arte, Argentinan eta Uruguain. 41 pilotari ariko dira euskal selekzioan, eta hamabost modalitatetan lehiatuko dira.

Euskal selekzioa, Zazpi Baietz plataformaren pankartarekin, Loiuko aireportuan, Argentinara abiatu aurretik. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Munduko Euskal Pilota Txapelketan ariko den euskal selekzioa, Zazpi Baietz plataformaren pankarta batekin, igandean, Loiuko aireportuan, Argentinara abiatu aurretik. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko urriaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kito. Amaitu da itxaronaldia. Oso luze jo du. 74 urte igaro eta hemeretzi ekitaldi jokatu eta gero, euskal selekzioa Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako Munduko Txapelketa nagusi bat jokatzear dago. Ostegunean hasi eta urriaren 24a bitarte, euskal selekzioa beste hamalau herrialdetako selekzioekin ariko da Argentinan eta Uruguain; zehazki, Buenos Airesen eta Colonia del Sacramenton.

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak 2024ko abenduaren 8an onartu zuen Euskadiko Euskal Pilota Federazioa eskubide osoko kide gisa, eta, orduz geroztik, euskal selekzioa ofizialki dabil nazioartean lehiatzen. Nazioen ligatan eta modalitate ezberdinetako munduko txapelketetan hartu du parte, eta guztietan aritu da onenekin nor baino nor gehiago. Munduko Txapelketa nagusi batean parte hartzea, baina, jauzi handia egitea da. Batetik, modalitate guztiak jokatuko dituzte, 22 guztira: ezkerparetan, trinketan eta frontball-ean. Eta, bestetik, onenetan onenak ariko dira. Euskal selekzioarekin batera beste hamalau herrialdetako selekzioak lehiatuko dira: AEBak, Argentina, Bolivia, Brasil, Costa Rica, Espainia, Frantzia, Kuba, Mexiko, Peru, Portugal, Txile, Uruguai eta Venezuela.

128

Zenbat euskal pilotari ariko diren Munduko Txapelketan. Euskal Herriko 128 pilotarik jokatuko dute Munduko Txapelketa: 41 euskal selekzioarekin ariko dira; 44 Espainiarekin —selekzioaren %71—; 40 Frantziarekin —selekzioaren %67— eta hiru AEBekin.

41 pilotari ariko dira euskal selekzioarekin. Guztiak Arabakoak, Bizkaikoak edo Gipuzkoakoak dira. Euskal Herriko beste 87 pilotarik jokatuko dute Munduko Txapelketa, baina horiek Espainiarekin, Frantziarekin eta AEBekin lehiatuko dira. Euskal selekzioarekin jokatzeko, Nafarroakoek hiru urtez egon behar dute erroldatuak Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan. Ipar Euskal Herrikoek, berriz, hori egiteaz gain, Espainiako herritartasuna izan behar dute.

62 pilotari ariko dira Espainiako selekzioarekin, eta horietatik 44 dira euskal herritarrak: %71. Nafarrak dira gehienak, baina badira ere Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak. Horien artean batzuek euskal selekzioarekin jokatzeari uko egin diote Espainiarekin aritzeko; beste batzuek, berriz, Espainiarekin aritzea erabaki dute euskal selekzioan tokirik ez dutelako lortu; eta, azkenik, beste batzuek Espainiarekin aritzea erabaki dute euskal selekzioa ez delako sailkatu beren modalitaterako. Frantziako selekzioan ere gehienak dira euskal herritarrak, Ipar Euskal Herrikoak: 60tik 40 (%67). Hau da, Espainiarekin eta Frantziarekin ariko diren 122 pilotarietatik 84 dira euskal herritarrak: %69. AEBekin beste hiru ariko dira: Johan eta Gorka Sorozabal Miarritzeko puntistak (Lapurdi), eta Iker Goirizelaia Mungiako palista (Bizkaia). Guztira 128 euskal pilotarik hartuko dute parte.

Selekzio indartsua

Lehiari dagokionez, pilotariak 22 modalitatetan lehiatuko dira. Horietatik hamabostetan ariko dira euskal selekzioko pilotariak. Ez dira ariko trinketeko bost modalitatetan: eskuz banaka, binaka, paleta larruz eta paleta gomaz gizonezkoetan eta emakumezkoetan. Horren arrazoia da trinketeko Nazioen Liga jokatu zenean euskal selekzioa ez zela oraindik ofiziala, eta ez zela lehiatu. Xarean eta trinketeko pilota egokituan ere ez zen sailkatu, baina AEBek, Portugalek eta Brasilek azken unean uko egin, eta Nazioarteko Federazioak tokia egin dio euskal selekzioari. Ez da ariko 30 metroko bi modalitatetan ere, gizonezkoen eta emakumezkoen frontenisean, ez baitzuen sailkatzea lortu Nazioen Ligan.

Kontuan hartuta 22 modalitatetatik hamabostetan bakarrik lehiatuko dela, euskal selekzioak ia ezinezko du inork baino domina gehiago irabaztea. Espainia eta Frantzia dira faboritoak dominen sailkapen nagusia irabazteko, modalitate ia guztietan lehiatuko baitira: Frantzia, 22tatik 21etan, eta Espainia, hogeitan. Duela lau urte, Miarritzen (Lapurdi), Espainia nagusitu zen, eta, duela zortzi urte, Bartzelonan, Frantzia.

Nolanahi ere, euskal selekzioak talde indartsua eraman du. Onenen pare aritzeko pilotariak ditu modalitate guztietan. Batetik, eskarmentua dute. Horren erakusle, aurretik Munduko Txapelketaren bat jokatu duten 11 pilotari ariko dira. Espainiarekin aritu ziren horiek guztiak, baina, oraingoan euskal selekzioarekin jokatuko dute. Horien artean munduko txapeldun izandako zazpi pilotari daude. Hau da, maila handia dago. Bestetik, euskal selekzioak pilotari gazteak ditu, etorkizun handikoak. Baina guztiek zerbait baldin badute, ilusioa dute, sekulakoa, lehen aldiz ariko baitira euskal selekzioarekin Munduko Txapelketa nagusi batean. Hori eta arrastoa utziko dutela da haien pizgarririk handiena.

EUSKAL SELEKZIOA

  • 54 metroko frontoia. Zesta-punta: Eñaut Urreisti, Ion Ibarluzea, Unai Lekerika, Xabi Barandika, Elaia Gogenola, Eneritz Lizardi, Maia Goikoetxea eta Maite Ortiz de Mendibil.  
  • 36 metroko frontoia. Zesta-punta: Aritz Erkiaga, Ortzi Aldazabal, Helena Barrenetxea eta Maialen Aldazabal. Eskuz: Beñat Azketa, Beñat Garmendia, Ekhi Irribarria, Eñaut Lizeaga, Gaizka Carregal eta Oier Elorz. Paleta larruz: Ander Landeta, Ibai Perez, Iñaki Urrutia eta Markel Sierra. Pala motza: Jagoba Madariaga, Esteban Gaubeka, Iker Gordon eta Imanol Ibañez. Pilota egokitua: Beñat Lizaso, Sergio Rodriguez, German Luis Elkoro eta Edorta de Anta. 
  • 30 metroko frontoia. Paleta gomaz: Julen Loidi, Unai Sagarzazu, Amaia Irazustabarrena eta Nagore Martin. Frontball: Julen Alberdi, Mikel Aurrekoetxea, Miren Larrarte eta Olatz Arrizabalaga.
  • Trinketa. Xare: Oier Iturbe, Xuban Lopetegi eta Markel Mujika. Pilota egokitua: Lizaso, Rodriguez, Elkoro eta De Anta.

FINALAK

  • Urriak 20. 21:00etan, 54 metroko zesta-punta (G eta E).
  • Urriak 22. 20:00etan, trinketean, eskuz banaka, binaka, pilota egokitua, xare eta paleta larruz (G).
  • Urriak 23. 20:00etan, 30 metrokoan, frontenisa (G eta E) eta pilota gomaz (G eta E); 19:00etan, 36 metrokoan, eskuz banaka (G), binaka (G) eta zesta-punta (G eta E).
  • Urriak 24. Urriak 24: 16:00etan, frontball (G eta E); 19:00etan, 36 metrokoan, pilota egokitua, pala motza eta paleta larruz (G); 23:00etan, trinketean, paleta gomaz (G eta E). 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA