Euskal Herriko sokatiralariek izerdiz ureztatu dituzte Nottinghamgo lurrak (Ingalaterra) azken egunetan, eta urte osoan ereindakoa jaso dute. Izan ere, uzta ederra bildu dute Lur Gaineko Munduko Txapelketan: zortzi domina irabazi dituzte, urrezkoak bi, zilarrezkoak hiru eta brontzezkoak beste hiru.
Zazpi domina horietatik bost kluben arteko lehian lortu dituzte: Gaztedi Laukizko (Bizkaia) taldeak urrea irabazi du gizonezkoen 560 kilokoan, eta brontzea emakumezkoen 540 kilokoan; Goiherri Erandioko (Bizkaia) klubak, berriz, zilarra eskuratu du gizonezkoen 560 kilokoan, emakumezkoen 23 urtez azpikoan eta 23 urtez azpiko mistoan. Selekzioen arteko lehian, berriz, euskal selekzioak hiru domina bereganatu ditu: urrezkoa gizonezkoen 600 kilokoan, zilarrezkoa gizonezkoen 560 kilokoan, eta brontzezkoa 23 urtez azpiko mistoan.
«Oso pozik gaude. Oso emaitza onak lortu ditugu nagusien zein gazteen mailan. Ia sokatiralari guztiak igo dira podiumera, eta egunero izan dugu zer ospatu. Horrez gain, oso giro ona izan dugu txapelketan», azaldu du Galder Gobantes Euskadiko Herri Kirol Federazioko ordezkariak (Zeberio, Bizkaia, 1987).
«Oso emaitza onak lortu ditugu, baina gure sokatiralariak oso nekatuta iritsi ziren azken jardunaldira»
GALDER GOBANTES Euskadiko Herri Kirol Federazioko ordezkaria
Hala ere, badu «arantza txiki bat» sartua. «Gure sokatiralariak oso nekatuta iritsi ziren azken jardunaldira, eta dominen lehia guztiak galdu zituzten. Gehienek lau egun zeramatzaten jarraian tiratzen, eta hori astindu handia da. Sumatu egin zen txinparta falta zitzaiela. Beste herrialdeetako sokatiralariek, ordea, atseden gehiago izan zuten, txandakatze gehiago egin zituzten, eta sasoi betean jardun ziren». «Lehentasun kontua» dela azpimarratu du. «Guk kluben arteko lehiari ematen diogu garrantzi handiena, eta beste herrialde batzuek, aldiz, selekzioen artekoari».
Hain zuzen, Ingalaterrako taldeek egindako ahalegin berezia nabarmendu du. «Etxean arituko zirenez, hobeto prestatu dira, maila guztietan oso lehiakor aritu dira, eta urrezko domina asko irabazi dituzte. Gu ere halaxe aritu ginen etxean aritu ginenean [Getxon jokatu zen 2021eko ekitaldia]». Hori kontuan hartuta, nabarmendu egin du txapelketan parte hartu duten hiru euskal taldeetatik [Gaztedi, Goiherri eta Mutriku] bi elkarren aurka aritu zirela gizonezkoen 600 kilokoen finalean. «Horrek agerian uzten du gure taldeek maila handia dutela, eta klubek oso serio egiten dutela lan. Etxeko txapelketan lehia gogorra dute, eta horrek mesede egiten die, eta atzerrian ere oso ondo lehiatzen dira».
«Lehen aldiz jokatu da 600 kiloko maila, eta oso berezia izan da horretan selekzioarekin txapeldun izatea»
AIMAR GAMINDE Gaztedi taldeko tiralaria
Soka eten ez dadin, garrantzitsua da gazteak aritzea. Munduko Txapelketan aritu dira, ondo aritu ere, bi zilar irabazi baitituzte 23 urtez azpiko mailan. Gazte mailan, ordea, ez da euskal ordezkaritzarik lehiatu, eta, Gobantesen iritziz, «oso baliagarria» litzateke maila horretan etxeko sokatiralariak aritzea, gazte-gaztetatik nazioarteko txapelketetan eskarmentua hartzeko.
Indarra lanean jarraitzeko
Aimar Gaminde (Laukiz, 2003) eta Bidane Bilbao (Erandio, Bizkaia, 2003) Nottinghamen aritu dira: Gaminde Gaztediko tiralaria da; Bilbao, berriz, Goierrikoa. Biek izango dute oroitzapen ona txapelketaz, biak behin baino gehiagotan igo baitira podiumera. «Oso pozik gaude», aitortu dute biek.
Gamindek une bat du gogoan: euskal selekzioarekin irabazitako urrea. «Lehen aldiz jokatu da 600 kilokoa, eta oso berezia izan da selekzioarekin txapeldun izatea». Hark ere azpimarratu du «lehiaketa gogorra» izan dela. «Euskal Herrian talde gutxi gabiltzanez, aukera gutxiago dugu aldaketak egiteko. Sei tiralari egunero aritu gara, eta, azken finalean, 560 kilokoan, nire buruak baietz esaten zuen, baina hankek ezetz».
«Urte osoan entrenatzen gara, eta sakrifizio asko egiten ditugu. Emaitza hauek sari bat dira, baita aitortza bat ere»
BIDANE BILBAO Goiherri taldeko tiralaria
Bilbaorentzat, berriz, «berezia» izan da euskal selekzioarekin 23 urtez azpiko mistoan brontzezko domina lortzea. «Talde asko aritu ginen, eta horien artean aurkari gogorrak zeuden. Ligaxkan gorabeheratsu aritu ginen, baina, gero, gai izan ginen behetik gora egin eta brontzezko domina lortzeko».
Gamindek eta Bilbaok azaldu dutenez, Munduko Txapelketan lortu dituzten emaitzek «indarra» emango diete «lanean jarraitzeko». Bilbaok horixe nabarmendu du: «Urte osoan entrenatzen gara, eta sakrifizio asko egiten ditugu. Emaitza hauek sari bat dira, baita aitortza bat ere».