Euskaltelek, helburua lortu, eta 30 talderik onenen artean bukatu du denboraldia

Gaur bukatu da errepideko txirrindularitzako denboraldia. Talde laranjak eskubidea izanen du heldu den urteko itzuli handietan lehiatzeko gonbidapenak jasotzeko.

Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak Donostiako Klasikoko irteeran, abuztuan. JUAN HERRERO / EFE
Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak Donostiako Klasikoko irteeran, abuztuan. JUAN HERRERO / EFE
mikel rodriguez
2026ko urriaren 18a
18:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hilabete pasatxo hagitz zaila edo ia ezinezkoa ematen zuen hori lortu egin du Euskaltel-Euskadik: UCI Nazioarteko Txirrindularitza Batasunaren sailkapenean, lehenbiziko 30 taldeen artean bukatu du denboraldia. Horrenbertzez, aukera izanen du heldu den urtean hiru itzuli handietan lehiatzeko, baldin eta antolatzaileek gonbidatzen badute —30. postutik gibelera gelditu diren taldeek ezin dute gonbidapenik jaso—. Euskaltelek Mikel Landa fitxatu du lider gisa 2027ko sasoirako, eta haren inguruan eratzen ari den proiekturako beharrezkotzat jotzen du Italiako Giroa, Frantziako Tourra edo Espainiako Vuelta jokatzeko aukera izatea. Helburua bete du, eta, orain, lasterketa horien antolatzaileek erabakiko dute talde laranja gonbidatu ala ez. 

Gaur bukatu da errepideko denboraldia gizonezkoetan. Gaur jokatu diren Nazioen Erlojupekoak, Venetoko Klasikoak eta Serbiako Itzuliko azken etapak zehaztu dute azken sailkapena. Euskaltelek Picnic, MBH eta Bardiani taldeekin izan du lehenbiziko 30etan sartzeko lehia, eta, azken buruan, Italiako Bardiani gelditu da kanpoan.

Euskaltelek Nazioen Erlojupekoan eta Venetoko Klasikoan parte hartu du. Nazioen Erlojupekoan hiru txirrindulari atera ditu: Txomin Juaristi, eta Axel eta Danny van der Tuuk anaiak. Juaristik 11. bukatu du bakarkako erlojupekoa, Axel van der Tuukek hamahirugarren eta Dannyk hemeretzigarren. Arerioen artean, MBHk parte hartu du proban, bertze hiru txirrindularirekin, baina talde laranjakoek baino puntu gutxiago bildu —23 Euskaltelek, eta bederatzi MBHk—. 

Bardianik ez du parte hartu Nazioen Erlojupekoan. Veneton eta Serbian puntu anitz lortzeko betebeharra zuen, baina aurkariek alde handiegia ateratzen ziotela hasi du eguna. Serbiako Itzuliko azken etapa irabazi du Filippo Magli txirrindulariarekin, eta sailkapen nagusian ere lortu ditu puntu batzuk, baina, denera, Euskaltelek Nazioen Erlojupekoan lortu dituenak baino gutxiago. Venetoko Klasikoan, berriz, anitzez puntu gehiago zeuden jokoan —sailkapeneko lehen berrogeiek jaso dituzte—, baina parte hartzea goi mailakoa zenez, hagitz garestiak izan dira. Bardianik hamar eskuratu ditu, eta, Euskaltelek, hiru —Iker Mintegik, 36. sailkatuta—. 

Euskaltel Panamara joan da aste honetan, beharrezkoak zituen puntuak hango bi lasterketatan irabaztera, baina gaurko bigarren lasterketa bukatu aitzinetik segurtatu du UCIko sailkapeneko helburua betetzea, Europan lehenago jokatu dituen probei esker. Panaman Chiriqui probintziako klasikoa bukatu da gaur, eta Gotzon Martinek irabazi du sailkapen nagusian, bigarren eta azken etapan bigarren egin ondotik. UCIk oraindik sailkapen ofiziala eman ez duen honetan, Euskaltel 28. litzateke, 2.912 punturekin. 31.ari, Bardianiri, 218 punturen aldea atera dio. 

Mikel Bizkarraren agurra

Euskaltelen txirrindularirik garrantzitsuenetako batek gaur korritu du azken lasterketa. Mikel Bizkarrak Venetoko Klasikoan utzi du txirrindularitza —ez du bukatzerik izan—. Mañariarrak 37 urte ditu, eta hamabortz egin ditu profesionaletan. Euskadi fundazioan aritu ondoren, 2015ean Murias Taldeak fitxatu zuen, eta 2019ra arte lehiatu zen egitura horretan. Tarte horretan, 2018an, hamazazpigarren bukatu zuen Espainiako Vueltan. Euskadi-Murias taldea desagertu ondotik, Euskaltel-Euskadik fitxatu zuen, 2020an, eta talde laranjaren liderretako bat izan da erretiroa hartu duen arte.  

Munduko bi txapeldun izan dira irabazle

Gainerakoan, ohikoa ez den irudi bat utzi du egunak: bi txirrindularik irabazi dute munduko txapeldunaren ortzadar maillota soinean zutela. Frantzian, Remco Evenepoelek irabazi du Nazioen Erlojupekoa, bakarkako erlojupekoko munduko txapeldunak. Italian, berriz, Brandon McNulty izan da garaile Venetoko Klasikoan, iraupen luzeko proban munduko txapeldun dena. Biek joan den hilean irabazi zituzten Munduko Txapelketako probak, Montrealen (Quebec).  

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA