«Ia ezinezkoa zen, baina zaleen erantzuna erabakigarria izan da». Hala laburbildu du Euskaltel-Euskadi taldeko Pablo Urtasun zuzendariak atzo bizitakoa. Atzo bukatu zen errepideko txirrindularitzako denboraldia, eta Euskaltel-Euskadi taldeak denboraldiaren hasieran ezarritako helburua lortu zuen: UCI Nazioarteko Txirrindularitza Batasunaren sailkapenean lehendabiziko 30 taldeetan amaitu zuen, zehazki 28. postuan. Postu horrek datorren denboraldian hiru itzuli handietan lehiatzeko atea zabaldu dio, antolatzaileek gonbita egitea erabakitzen badute.
Urtasunek azaldu duenez, «oso ongi» hasi zuten denboraldia, baina ondoren bi hilabete «nahiko eskas» egin zituzten. Bi hilabete horietako emaitzen ondorioz, azkenera arte mantendu dute lehia. Hain zuzen ere, Euskaltelek Picnic, MBH eta Bardiani taldeekin zuen 30 talde onenen artean sartzeko lehia. Sailkapenerako behar zituen puntuak batzeko, munduan zehar banatuta aritu dira talde laranjako txirrindulariak azken asteetan. Asteburu honetan, adibidez, Gotzon Martinek Panamako Chiriqui probintziako klasikoa irabazi zuen, eta harekin batera aritu ziren taldekideen puntuak batuta 93 lortu zituzten han. Bestalde, Nazioen Erlojupekoan aritu ziren Txomin Juaristik eta Axel eta Danny van der Tuuk anaiek 23 puntu eskuratu zituzten, MBHk lortutako bederatzien aldean; eta, azkenik, Venetoko Klasikoan Iker Mintegik hiru puntu lortu zituen, 36. postuan helmugaratuta.
Puntuak batu ahala, lasaitasuna handitzen joan zen, eta zuzendariak aitortu du uste zuen baino hobeto igaro zutela atzoko eguna: «Uste nuen urduriago egongo ginela, baina Italiako Klasikoa amaitu aurretik bagenekien ez gintuztela harrapatuko eta helburua lortu genuela. Hala, sufritzeko eguna zirudiena disfrutatzeko eguna izan zen». Azkenean, Euskaltel-Euskadik 28. postuan amaitu du, 2.912 puntu lortuta, eta Italiako Bardiani taldea gelditu da kanpoan, 31. lekuan, 2.694 punturekin.
«Ez dakit zenbaterainoko eragina izango duen Landa gurekin aritzeak, baina, agian, gonbidapenen bat gehiago ekar diezaguke haren presentziak»
PABLO URTASUN Euskaltel-Euskadiko zuzendaria
Halere, ezin daiteke esan sufritu ez dutenik, ez taldeko kideek ezta zaleek ere. Landaren itzulerak, sailkapenerako lehiak edo dena delakoak eraginda, marea laranja berriro harrotu da. Urtasunek zaleen babesa eskertu du, eta azpimarratu zeinen garrantzitsua izan den: «Hasieran ia ezinezkoa zirudien, eta azkenean bostehun puntu iraultzea lortu dugu. Ezinezkoa izango zatekeen zaleen babesa eta laguntza izan ez bagenitu. Taldearen atzean egon den jende hori erabakigarria izan da atzoko lorpenean».
Talde laranja 2024an aritu zen azkenekoz itzuli handi batean, Espainiako Vueltan, hain zuzen ere. Urte hartan Euskaltel-Euskadi eta Kern Pharma taldea izan ziren talde gonbidatuak. Itzuli horretan, Jon Aberasturik lortu zuen taldeko emaitzarik onena etapa batean: esprintean hirugarren helmugaratu zen Castelo Brancon (Portugal) amaitu zen etapan. Sailkapen orokorrari dagokionez, Mikel Bizkarra izan zen taldeko onena denbora guztiak batuta: 26. postuan amaitu zuen.
Mikel bat joan, eta beste bat itzuli
Izen bera dute, baina ez etorkizun bera. Izan ere, azken sei urteak Euskaltelen igaro dituen arren, atzo Venetoko Klasikoan —ez zuen bukatzerik izan— Mikel Bizkarrak agur esan zion txirrindularitzari. «Pena ematen du halako kirolari bati agur esateak, baina txirrindularitza gero eta azkarrago joaten da, eta tentsioa handiagoa da. Eta adina adina da», adierazi du Urtasunek. Bizkarra joan, eta Landa helduko da. Abuztuan Euskaltel-Euskadi taldeak hura fitxatu zuen datorren denboraldian taldeko lider gisa aritzeko. Haren itzulerak ilusioa eragin zuen, baina baita presioa ere. Izan ere, hark datorren denboraldian hiru itzuli handietako batean lehiatu ahal izateko taldeak aurten lortu behar zuen UCIko sailkapena. Presioak presio, eta ilusioak ilusio, Urtasunek adierazi du murgiarraren itzulerak taldearen ikusgarritasunari lagunduko diola: «Ez dakit zenbaterainoko eragina izango duen Landa gurekin aritzeak, baina, agian, gonbidapenen bat gehiago ekar diezaguke haren presentziak».
Denboraldia atzo amaitu bazen ere, taldeak lanean jarraitzen du, eta datorren astean bilduko dira hurrengo sasoiko egutegia zehazteko. Landaren itzulerak zenbateko eragina izango duen oraindik jakin gabe, espero dute egutegia joan den sasoikoaren antzekoa izango dela. Eta helburuari dagokionez ere, amaitu berri den denboraldian bezala, 30 talde onenen artean sailkatzea izango dute xede.