Euskara, instituzioa eta bake prozesua izanen dira ABren lan ardatz nagusiak

Zentralitatea duten hiru gaietan, Parisek ezezko biribila eman du nahiz eta Ipar Euskal Herrian kontsentsu zabala egon

Aitor Renteria.
Baiona
2013ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Abertzaleen Batasuna alderdiaren aurtengo jardun politikoan zentralitatea hartuko dute euskara, Ipar Euskal Herriko instituzioak eta bake prozesuak. Joan den urtean arlo horietan aldaketa «historikoak» gertatu zirela nabarmendu zuen Peio Etxeberri Aintzart ABko zuzendaritzako kideak. Gizarte zibilak eta hautetsien gehiengoak, Hautetsien Kontseiluaren bidez, oniritzia eman zioten Lurralde Elkargoaren sorrerari. ABren iritziz, gehiengo zabalaren sostengua nabaritu zen joan den abenduan ere, Baionan egindako presoenaldeko manifestazioan edo Aurore Martini adierazitako sostenguan.

Iazko hauteskundeen karietara, Ipar Euskal Herriko hautagai nagusiek euskararen aldeko jarrera argia hartu zuten, eta presente egon ziren Deiadar manifestazioan. Ipar Euskal Herrian irizpideak batu direlarik, Parisek euskararen aldeko legea ez onartzea edo Europako Ituneko punturik ahulenak izenpetzea onartezina dela erran zuen Etxeberri-Aintzartek. Gisa berean, gobernuak prestatu duen Hezkuntza erreforman euskararen aipamenik ez egotea dolugarria dela erran zuen.

Instituzioari dagokionez, «Lurralde Elkargoaren gaia dela eta, Hollanden edo Ayraulten erantzunaren beha gaude, Frantziako Presidentearen edo gobernuaren erantzuna nahi dugu» erran zuen Etxeberri Aintzartek. Bake prozesuarekin batera, gai horiek aurten ere zentralitatea ukanen dutela nabarmendu zuen, joan den urtean Baionan egin zen Bake Foroan edo Hautetsien Kontseiluko bozketan ikusi zen bezala.

Euskal Herria Bai izanen da abertzaleen arteko elkarlanerako tresna, koalizio izatetik hasi, eta abertzaleen arteko topagune bihurtu baita. ABk, Batasunak, Alternatibak, Aralarrek eta EAk Ficoban izenpetutako akordio estrategikoa ekarri zuen gogora Menane Oxandabaratz ABko kideak. Akordio estrategikoaren ildotik, indar abertzaleen indar metaketa eta elkarlana izanen dira lehentasuna. Nahiz eta Batasuna desegin, EH Bai ontzen ari den xedea da, eta horren egituraketa gauzatzeke dago oraindik. Antolaketa prozesu horretan, ateak zabalik daudela azpimarratu zuen, «independienteei» dei eginez. Izan ere, Ipar Euskal Herrian ezkerreko militante abertzaleen artean egin zen inkestan ageri denez, beren burua ezkerreko eta abertzaletzat duten militanteen %60 independiente gisa agertzen dira.

Sozialisten bilduma

Sozialistek Frantziako buruan egindako jardunaren bilduma egin zuen Jakes Bortairuk. Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza bururaino eramateko eskatu zien sozialistei. Etxebizitzaren arloan, aldiz, bilduma gazi-gozoa egin zuen. «Puntu baikorren artean aipatu behar dugu etxebizitza sozialen kopurua %20tik %25era emendatzeko proposamena; baina, aldi berean, ez da deus aipatzen bigarren egoitzei buruz».

AHT xedea gaitzetsi zuen, Notre Dame des Landeseko aireportuaren kasuan bezala, ez dutelako onurarik sortzen. Ekonomia arloan, gobernuaren eredu sozial-liberala gaitzetsi zuen, Europako Ituna berrestean edo lan munduaren erreforman ikusi den bezala. Medef patronalarekin lortu akordio hori, lan munduari egindako eraso bortitza izan dela erran zuen Bortairuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.